GAUR8

Plastikoa murriztea edota adinekoak babestea, BBK Ekin programak saritutako bi proiektu berritzaileren erronkak

Gizartean eragin positiboa duten hiru proiektu berritzaile saritu berri ditut BBK Ekin programak. Plastikoaren murrizketa, adineko pertsonentzako laguntzaile birtuala eta hainbat arazori aurre egiteko artea tresna gisa erabiltzen duen esku hartzeko egitasmoa dira hiru proiektuen ardatz nagusiak.

BBK-ko Ekin programako saridunak.
BBK-ko Ekin programako saridunak. (BBK)

Inpaktu sozial positiboa duten proiektu berritzaileak saritzen dituen BBK Fundazioaren Ekin programak hiru egitasmo nabarmendu berri ditu: Isabel Abascalen ‘Compustree’, pastikoaren erabilera murriztera bideratuta; Jose Mari Cabreroren ‘Escudero’ adineko pertsonei sakelako telefonoen bidezko iruzurrak saihesteko laguntzaile birtuala, eta Andrer Camposen ‘MarkHaziart’ izeneko egitasmoa, arazo sozialeei aurre egiteko artea tresna gisa erabiltzen duen esku hartze ekimena.

Landaketetan eta basoberritze proiektuetan zuhaitzak babesteko erabiltzen diren plastikozko hodien ordez material biokonpostagarriak erabiltzea proposatzen duen Abascalen proiektuak lehen saria eskuratu du, 10.000 eurokoa.

Telefono mugikorraren bidez adineko lagunei egiten zaizkien iruzurrak detektatu eta saihesteko Cabrerok diseinatutako laguntzaile birtualak bigarren saria jaso du, 5.000 eurokoa; eta hirugarren saria ‘MarkHaziart’ gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko eta aisialdi osasungarriagorako ekimenarentzat izan da. Artea proposatzen du tresna gisa eskola jazarpenari edota porrotari aurre egiteko, baita buru-osasun, garapen pertsonal, autoestimu edo zahartze aktiboarekin lotutako esku hartzeetan.

Gizarte eragin positiboa bilatzeaz gain, inkubasio fasean dauden enpresei laguntzeko jaio zen Ekin programa. Hirugarren edizioa da aurtengoa eta «enplegua sortzea eta lurraldea gizarte berrikuntzako aukerak garatzea» ditu helburu, zehaztu dutenez.

BBK Ekinek 25 proiektu babestu ditu jasotako 53 hautagairen artean. «Programak iraun duen lau hilabeteetan, finantzaketa-zailtasunak zituen negozio hasiberri bat gerora bere eskalagarritasuna ahalbidetuko duen negozio-eredu sendo eta iraunkor bihurtu ahal izan dute guztiak», nabarmendu dute BBKko iturriek.