Arabako Mendialdeko flora eta faunaren berezko hitzak bildu dituzte erakusketa batean

Izkiko Parke Naturalaren inguruko bizilagunek berezko hitzak dituzte bertoko fauna edota florako hainbat espezie izendatzeko. Termino horietako batzuk erakusketa batean bildu dituzte, parkearen 25. urteurrenaren ospakizunen barruan ondare immateriala nabarmentzeko.

Erakusketa Korresko Parketxean dago.
Erakusketa Korresko Parketxean dago. (Arabako Foru Aldundia)

Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrenaren testuinguruan, bertako bizilagunek flora izendatzeko erabiltzen dituzten hitzak jasotzen dituen erakusketa egongo da ikusgai Korresko Parketxean, 2024ko Aste Santura arte.

Andoni Llosa hizkuntza plangintzan eta naturalismoan diplomadunak egindako azterketan oinarrituta dago bilduma. 150 termino jaso ditu Llosak, argitalpen espezifikoetan eta zabalkunde jardueren bidez ezagutaratzen ari direnak, eta Estibaliz Aguirre artean gradudun eta ikustratzaileak jarri die irudia.

‘Naturaren hIZKItegia’ izeneko lanak biltzen du lan multzoa. Ekimenak ondare immateriala kontserbatzeko ahaleginen artean kokatu du Arabako Foru Aldundiak. Ohar batean azaldu du «Izkiko Parke Naturalak ondare immaterialarekin lotutako balio ugari» dituela.

«Haietako batzuk historikoak, artistikoak eta sozialak dira, hala nola gobernantza sistemak edo lanbide eta ezagutza tradizionalak, eta badira erlijiosoak eta espiritualak ere», zehaztu dutenez, baina bereziki ezaguna da «naturarekin lotutako hitzen aberastasuna», eta hori ezagutzera eman nahi da.

Elkarrizketa pertsonalen bidez

Bide horretan, 2017tik herritarrek gordetzen dituzten hitz horiek biltzen ari dira herrietako bizilagunei egindako elkarrizketen bidez. «Izan ere, zenbait bizilagunek gogoan dituzte oraindik fauna, flora, fenomeno meteorologikoak eta geografia gorabeherak izendatzeko moduak, nahiz eta batzuk galduta egon», azaldu dutenez.

Erakusketan, alfabetoaren letra bakoitza irudikatzen duen irudi bat dago: «‘A’ letraren irudian, ‘azorico rapante’ hegaztia ikus daiteke, hala esaten zaio belatz gorriari, tokiko hizkeran. ‘B’ letraren irudian ‘berniazo’ agertzen da, alegia, haltz beltza; eta ‘C’ letran, adibidez, ‘colipescado’ hegaztia, hots, mirua, Izkiko hizkeran».