Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Gaurko egunez jaio zen Jose Manuel Ibar boxeolaria Urtain baserrian

José Manuel Ibar Aspiazu zen ‘Urtain’ boxeolariaren benetako izena, baina beste hainbat ezizen bereganatu zituen: Zestoako tigrea, morroskoa... 1943ko maiatzaren 14an Zestoako Urtain baserrian jaio zen, eta bertako izena hartu zuen frankismoak ospetsu bihurtu zuen bizitza korapilatsua izan zuen kirolaria.

Urtain, harrijasotzaile lanetan.
Urtain, harrijasotzaile lanetan. (WIKIMEDIA COMMONS)

José Manuel Ibar Aspiazu gaztetan aizkolaria eta harri-jasotzailea zen, baina boxeolari bezala egin zen ospetsu. Baina nola iritsi zen boxeolari izatera? Arnaitz Gorritik Zazpikan egin zuen erreportaje luzean islatzen den legez, Paulino Uzkudunek, gerra aurreko Errezilgo boxeolari ospetsuak, aspaldi ondorengorik ez zuenez, Francok Espainiako Boxeo Federazioko buru zen Vicente Gileri –Frankoren medikua zen ere–  esan omen zion Uzkudunen ordezkoa bilatu nahi zuela. Gilek agindu bat bezala hartu zuen eta euskaldun indartsu baten bila hasi zen.

Lehen mailako harri-jasotzaile indartsua zen ordurako Ibar, eta diruarekin tentatu zuen frankismoak. 25 urte zituen, berandu boxeolari hasi berri batentzat, baina indarra bai, soberan zuen. Bera ez zen Gilek tentatu zuen kirolari bakarra, José Antonio Lopetegiren atzetik ere ibili omen zen.

Lehen boxeo-saioan, Santanderren, 1968an, 17. segundoan ring-etik bota zuen aurkaria. Hurrengo borrokaldiak era berean irabazi zituen: 27 KO egin zituen jarraian. Balentria hori auzitan jarri zuten batzuek, arerio batzuek nahita galdu edo kolpeak esajeratu omen zituztelakoan. Urtainek ez zien jaramonik egin kritikei: aretoak lepo betetzen zituen Estatu osoan.

1970eko apirilaren 3an lortu zuen bere helburua: pisu astunen Europako txapelduna bihurtu baitzen Peter Weiland alemaniarrari irabazi zionean. Ordura arte, Europako erregea zen Weiland, baina euskaldunaren erasoari ezin izan zion aurre egin eta zazpigarren roundean erori zen.

Charlie Harris eta Karl Heinz Brunnholz garaitu ondoren, 1970eko ekainean defendatu zuen titulua Bartzelonan, Juergen Blin alemanaren aurka. Oso borrokaldi berdindua izan zen, eta azkenean Urtainek irabazi zuen, baina oraingoan ez zuen irabazi KOz.

Hiru aldiz saiatu zen Europako txapelketa eskuratzen. Hirugarrenean, 1977an, ez zuen lortu, eta hor azkartu zen 1972an hasitako kirol-porrota.

Orduan hasi zen bere gainbehera. Borroka librean saiatu zen diru pixka bat lortzen, eta Eusebio anaiaren jatetxean lanean ere hasi zen, harreman publikoetan. Sortu zituen negozioak porrot egin zuten eta
1992ko uztailaren 21ean Madrilen bizi zen 10. solairuko etxeko leihotik bota egin zen. Zorrek itota eta bakarrik bizi zen, emazteak utzi egin zuelako.