GAUR8
Gaur X urte

Euskal Herriko Laborantza Ganberak 20 urte bete ditu

Duela bi hamarkada sortu zen Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Ipar Euskal Herriko nekazariak eta abeltzainak biltzen dituen organoa edo ganbera. Estatu frantsesarekin tirabirak izan baditu ere, egun estatus legala dauka eta lanean dihardu.

Omenaldia lehendakari izandako Mixel Berhokoirigoini, hil eta urtebetera.
Omenaldia lehendakari izandako Mixel Berhokoirigoini, hil eta urtebetera. (WIKIMEDIA COMMONS)

Gaur dira 20 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu zela, hots, Ipar Euskal Herriko nekazariak eta abeltzainak biltzen dituen organoa edo ganbera. 2005eko urtarrilaren 15ean Ainhize-Monjolosen, Nafarroa Beherean, sortu zuten, 20 bat urtez aldarrikatu ondoren, Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak batez ere bultzatuta. Ganberak Beñat Molimos eta Francis Poineau ditu lehendakari; Mixel Berhokoirigoin kide ezagunaren segida hartu baitzuten 2015ean.

Agintari frantsesak ganberaren aurka egon dira oro har, Pauen egoitza nagusia duen departamendu mailako ‘Chambre d'Agriculture’ delakoa nahikoa ikusten zutelako; aldiz, EHLG aspalditik bultzatzen dutenek argi dute Ipar Euskal Herriko laborantzaren arazo eta berezitasunei aurre egiteko ezinbestekoa dela egitura hori antolatzea, baita laborari txiki eta ertainen alde aritzea ere.

Baionako prokuradoreak Laborantza Ganbera auzipetzea erabaki zuen 2008ko irailean, erakunde ofizial baten izena erabiltzeagatik. Hala ere, aitorpen ofizial bat jaso zuen 2008ko azaroan, Akitaniako Kontseiluaren dirulaguntza eskuratu ahal izango zuela iragarri baitzen. Baionako auzitegiak errugabe jo zituen, bai zuzendaria, baita Ganbera ere, 2009ko martxoaren 26an. Hala ere, prokuradoreak dei auzia egin zuen eta epaiketa berri bati aurre egin behar izan zioten, 2010eko otsailaren 18an kasu honetan Paueko epaitegian; azken ebazpena maiatzaren 6an atera zen, behin betiko errugabetuta geratu zirelarik. Harrezkero erabat legezko egitura da.