Parte hartze prozesua abiatu du Pasaiako Udalak, LGTBI+ komunitatearen errealitatea ezagutzeko
Pasaiako LGTBI+ komunitatearen errealitatearen argazki zehatz bat izateko, Udalak egoeraren diagnostikoa egiteari ekin zion pasa den irailean. Orain, parte hartze prozesu bat zabaldu du online, herritarren testigantzak eta gogoetak zuzenean jasotzeko.

Pasaiako Udala LGTBI+ komunitatearen errealitatearen inguruko diagnostikoa burutzen ari da, eta horren barruan, kolektibo horretako pertsonen iritzia jasotzeko, parte hartze prozesu bat jarri du abian.
Informazioa Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez eman dezakete, online eta era anonimoan.
Laura Ré Berdintasuneko zinegotziak esan duenez, «herritar asko izan dira gurekin elkartu eta haien iritziak partekatu dituztenak. Funtsezkoa da testigantza eta ikuspuntu horiek guztiak entzutea, diagnostikoa ahalik eta borobilena izan dadin.
Izan ere, pasa den irailean jarri zuten abian aipatutako diagnostikoa. «Horrez gain, online betetzeko galdetegi bat ere sortu dugu, parte hartu nahi duen pasaitar ororen iritzi eta ikuspuntuak beste modu batean ere jaso ahal izateko», zehaztu du.
Proiektuaren helburu nagusien inguruan, Iñigo Etxezarreta Eihera kooperatibako arduradunak adierazi du azken hilabeteetan Pasaiako LGTBI+ komunitateak pairatzen dituen indarkeria fisiko eta sinbolikoak «aztertzen eta identifikatzen» dabiltzala.
Gaineratu du «herriko LGTBI+ errealitatearen argazki eta irakurketa zehatza egingo» dutela, horren amaieran, «LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetuko dituzten ekintzak eta neurriak diseinatzeko».
Martxoaren 15ra arte zabaldu dute parte hartzeko epea.
Parte hartze prozesurako diseinatutako idatzian, Udalak zehazten du Pasaiako LGTBI+ errealitateak ezagutzeko galdetegia dela. Aurkezpenean zehazten du erantzunetan nahi beste luza daitekeela parte hartzailea, baita zuri utzi ere.
Galdetegian, besteak beste, eroso edota seguru sentitzen dituzten espazioen inguruan galdetzen zaio komunitateari, ikusten dituzten mugen gainean edota Pasaiatik kanpora bizitzera joan behar izan duten pertsonak dauden.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
