GAUR8
Gaur X urte

Gaur 40 urte hil zen Piarres Lafitte hizkuntzalaria

Luhuson jaio eta Baionan zendu zen Piarres Lafitte hizkuntzalaria, apaiz katolikoa, idazle eta kazetaria. Euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen, eta pasa den urtean Euskaltzaindiak bere artxibo osoa webgunean eskegi zuen.

Piarres Lafitte hizkuntzalaria hil zen gaur bezalako egun batez.
Piarres Lafitte hizkuntzalaria hil zen gaur bezalako egun batez. (Wikimedia)

Gaur bezalako egun batez hil zen, duela 40 urte, Piarres Lafitte hizkuntzalaria. Apaiz katolikoa, euskal idazlea eta kazetaria izan zen. ‘Aitzina’ eta ‘Herria’ agerkarien zuzendaria izan zen.

Luhuson jaio zen eta zazpi urte zituela umezurtz geratu zen, osaba-izeben etxean hezi zuten Ithorrotze-Olhaibin. Izebak ez zekien ez euskaraz, ez frantsesez, ondorioz okzitaniera ikasi zuen eta euskara pixkanaka ahaztu egin zuen.

1912an Belokeko monasterioan sartu zen eta 1919an Uztaritzekoan, eta orduan berreskuratu zuen euskara. Apezak berak onartu izan du Jean Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zela bai euskaltzale eta baita abertzale ere.

1932 inguruan hasi zen hegoaldeko abertzaleekin harremanak sendotzen, eta EAJren ideologia oinarri hartuta ‘Programme Eskualerriste’ idatzi zuen. 1944an ‘Herria’ aldizkaria sortu zuen, Telesforo Monzonen eta Manu Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. Euskal Herriko Unibertsitatean ‘Honoris Causa’ doktorea izan zen.

Euskara batuaren sorkuntzan ere pertsona esanguratsua izan zen, 1964an Baionako Euskal Idazkaritzan parte hartzen zuelako eta garai horretan abiatu zirelako biltzarrak. Hiru ataleko txostena ondu zuten: ortografia, deklinabidea eta aditza.

Pasa den urtean, Euskaltzaindiak Lafitteren artxibo osoa eskegi zuen webgunean. Aurkezpenean jakitera eman zutenez, Lafitteri zuzendutako gutunak eta kasu gutxi batzuetan berak idatzitakoak daude artxiboan, baita hainbat proiekturen partaidetzan jasotakoak ere. Batez ere, hiru motatako lanak: euskalgintzan, euskal literaturan eta Euskal Herriko historiaren ikerkuntzan sortutako lanak.