Gorka Zozaia -@zotz_
Kimikaria

Atzera goaz aurrera ez bagoaz

«Queridos amiguitos, en este mundo todo está bajo control... ¿todo? ¡No! Una aldea poblada por irreductibles galos resiste ahora y siempre al invasor con una poción mágica que los hace invencibles: ¡el cerebro!».

Estima handian ditudan bi musika talderen hitzekin abiatu nahi izan dut gaurko artikulua: Berri Txarrak titularrean eta La Polla Records sarreran. Izan ere, asko laguntzen dute egoerak deskribatzen, noiz eta bata betiko isildu denean, eta, hamarkadak isilik emandakoak, agur bira zelakoa luzatuko duela iragarri duenean. “Beti aurrera!” zioen kamisetan neramatzan erresistentziaren sinbolo diren Asterix eta Obelix, eta La Polla Recordsek ere adierazten digu ezer ez garenok badugula garaiezin egiten gaituen edabe miragarri bat. Gorputzetik deserrotuta, garunaren eta makinaren arteko eremuan bizi garenontzat ez dago soberan hori gogoraraztea, mundua aldatu nahi dugunontzat garapen tekno-zientifikoa Berri Txarrez mozorrotzen denean.

Azkena, Madrilgo egunkari biren zientzia atalaren bidez jakin dudana, duela 6.000 urteko txikle baten bidez (urkiaren erretxina zati bat), berau murtxikatzen zuen neskatoaren profila definitzeaz gain (txiklean antzeman duten neskatoaren DNA aztertuz), jakin dutela zein hortzetako gaitz zuen (txiklean ahoko bakteriak eta birus bat antzeman dituzte, eta hargatik uste da txiklea murtxikatzen zebilela, harrizko tresnerian itsasgarri gisa erabiltzeaz gain, propietate antiseptiko eta antibakterianoak baititu urkiaren erretxinak), baita ahatea eta hurrak jan zituela ere txiklea baino lehen (txiklean horien geneak aurkitu dira). Animalia esnerik digeritzerik ez zuen azal eta ile ilun baina begi argiko neskatoari, izena ere jarri diote Kopenhageko Unibertsitateko ikerlariek: Lola.

Halakoak irakurrita, indartu besterik ez da egiten dena kontrolpean den ideia etsigarri eta paralizatzailea. Ez dugu zientziaren eta teknikaren mundua sobera ezagutzen eta bertatik heltzen zaigun bakarra da zelako gaitasuna duten (haiek, kapitalak, boteredunek, sistemak,...) dena kontrolpean izateko. Egia baina, garapen tekno-zientifiko hori, punta puntakoa ere, desastrez, arrakalaz eta ezintasunez beteta dagoela da. Zientzialari gisa Jainkorik ez dagoela sostengatzeko gai bagara, ez gaitezen gero jausi boteredunak omnipresente eta omnipotente irudikatzen. Ez dira munstro garaiezinak! Gure jarreran dago gakoa. Garapen tekno-zientifikoan ere, atzera goaz, aurrera ez bagoaz! Esan nahi baita, esparru honetan egiten dena kopiatzera mugatzen bagara, azken sare sozialean aditu izatearekin konformatzen bagara, jai dugula, eta, alderantziz, aurre hartu eta garapen tekno-zientifiko propioa artikulatzen badugu, kapitalaren ordez bizitza erdigunean jarriko duten gailu eta ideia berriak asmatuz, eraikiz eta hegemonizatuz, orduan ariko garela aurrera egiten.

Jakina, oso berde gaude horretarako herri bezala. Zientzia eta teknika erabat despolitizatuta dauden bezala, politika zeharo deszientifikatuta dago. Ikustea besterik ez dago zelako “frikiak” garen bi mundu horien uztarketan dantzan gabiltzanok... Eskerrak behintzat, eta, bada hasiera bat, musika taldeek egoerak hobeto azaltzen laguntzen digutela! •