Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

«Free tour»

Paseo gidatu bat aldirietatik, horra hor joan den igande goizeko plana. Atari Kultura Arkitektonikoa elkarteak antolatuta eta Jonander Agirre eta ni neu gidari lanetan, Donostiako Bidebieta eta Pasaiako Trintxerpe auzoetako arkitektura eta hirigintza ezagutu genituen hogei lagun pasatxorekin batera.

Rainer Maria Rilke poeta austriarrak zioen haurtzaroa dela gizakiaren benetako aberria, eta halako baieztapen potoloen zalea ez banaiz ere, auzo hauei diedan estimua azaltzen laguntzen du. Proiektu pare bat egin ditugu aldirietako arkitektura maiz estigmatizatuaren inguruan: Bastartak mugikor aplikazioa, CAF-Elhuyarren sormen bekari esker, eta “Gehiengoaren hiria” liburua, Jonanderrekin batera hau ere, Ereiten enpresari eta Pasaiako Udalari esker. Gaiak interesa sortu duela-eta oro har gustura gaude emaitzarekin, baina arantza bat ere badugu, iltzatua egon ez arren harramazka egiten duena.

Mikel Goñi pasaitarrak eman zigun lehenengo pista «Gehiengoaren hiria» liburuaren aurkezpen saioan: jakitun ote ginen auzo horiek mitifikatzeko edo idealizatzeko arriskuaz. Egia esan, izan bagara, eta nahita saihesten dugu esaterako «balioan jarri» esamoldea –beti lortzen ez badugu ere–, gaztelaniazko «poner en valor» gorrotagarriaren itzulpen traketsa izateaz gain, azal atsegineko hirigintza espekulatzaileak erabiltzen duen amarrua dela ulertzen dugulako. Zilegi da ikara sentitzea politikariei zure auzoa «balioan jartzeko ordua dela» entzuten badiezu.

Oso fina da auzo bateko arkitekturaren interesa azpimarratzearen eta hura idealizatzearen arteko muga. Belarraren ahoan bezala sentitzen da bat, ekilibrista baten moduan ia, alde batera ala bestera erortzeko beldur. Balio beza adibide moduan paseoan, liburuan eta aplikazioan azaltzen dugun etxebizitza bloke bat (San Jose Artesano etxe-taldea, Iturriaga Dou, 1964). Labur: triplex txikiak dira (50 m2), eta honek fatxada-jolas interesgarriak ahalbidetzen ditu. Higiezin-agentzia bati esker etxebizitza bat ezagutzeko aukera izan genuenean, «bikote gazte batentzat aproposa» zela esan ziguten, horma batzuk botata «espazio diafano bat» lor zitekeela, eta bazela ondoz-ondoko bi triplex erosi zituen familia bat ere, «100 metro koadroko etxebizitza ederra» lortu zuena. Baiki, adibide paradigmatikoa gentrifikazioaren gidaliburu baterako.

Bitartean, Mikelek azpimarratu zigun errealitatea oso bestelakoa zen: ohikoak ziren familia ugariak gaizki isolatutako etxebizitza ñimiño horietan, apenas urbanizatu gabeko auzo ahaztuetan.

Svetlana Boym-ek bi nostalgia mota bereizten zituen. Alde batetik nostalgia berreraikitzailea, iraganari ñabardurarik gabeko «egia» idealizatu bat eskaintzen diona. Bestetik nostalgia erreflexiboa, iragana memoria-zati ezberdinen –are kontraesankorren– puzzle moduan ulertzen duena. Eta halaxe gabiltza gu, bigarren aldaera honen alde lehenengoan erortzeko arriskua etengabe saihestu nahian, turistak ez diren –baina ia– lagunei free tour-ak ez diren –baina ia– ibilbide gidatuak eskaintzen dizkiegun bitartean. •