Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Oraindik ez dakigu zer gertatuko den

Hauteskundeetako emaitzak kontabilizatzen ari ziren bitartean, Londres mendebaldeko auzo batean nengoen, pub batean. Boris Johnsonen lidergopean alderdi kontserbadorearen garaipena espero zen arren, bagenuen itxaropen irreal bat emaitza ezberdin bat ikusteko. Laboristen saiakera baldarrak, karisma falta eta kanpainan zehar egindako hainbat oinarrizko akats ikusita, aspaldian izan duten aukera handiena bertan behera utziko zutela nahiko garbi zegoen; hala ere, nirekin zeuden gehienek boto taktikoan sinesten zuten: bi aukera txar izanda, bietatik hoberena.

Irudi lotsagarritik, lurraldea zatitu duen azken urteotako antzerkietatik eta amaierarik gabeko saga guztietatik aldenduz, norberak bere Twitter kontuan sortu duen albiste eta iritzien begiradatik ikusten genuela politika ondorioztatu genuen. Lagunek eta gure gertuko zirkuluetako jendeak bidalitako gomendioek indar gehiago zeukaten askotan telebistako goiburu batek baino. Agian horregatik pentsatzen genuen gu geunden Londresko burbuila hura beste leku batzuetara ere iritsiko zela.

“The Guardian” egunkariak egin duen azterketa interesgarri batetik hartutakoak dira ondorengo datu batzuk. Besteak beste, hainbat pertsonaren telefonoaren erabilera jarraitu dute, eta kanpaina politikoan zehar artikulu guztia irakurri zutenak gutxiengo bat zirela ondorioztatu zuten; gehienek goiburua besterik ez zutela irakurtzen, alegia. Dirudienez, hogei urte inguruko gazteek telebistako albistegiak guztiz abandonatu dituzte. Ezkertiarrek Internet erabiltzea ohikoagoa izan da; eskuin aldekoek, berriz, telebista tradizionala erabiltzeko joera gehiago azaldu dute.

Twitterreko kate indibidualizatuen aipu horren ildotik, komunikabideek izan duten eragina edo askotan politikak komunikabideak nola eraldatu dituen jarraitzea interesgarria izan da. Osasun zerbitzu publikoa jasaten ari den krisi handienaren aurrean, ospitale batean haur bat lurrean ikusi eta Boris Johnsonek ez ikusiarena egin zuen. Fake news bezala etiketatu eta laboristen trikimailu bat izan zela esanez Facebooken albistea zabaldu zenean, legitimitatea zalantzan jartzea ohiko bihurtu zen beste behin. Sare sozialen indarrak gezurra ezabatzea lortu zuen.

Errealitate ezberdinak sortzeko boterea gure esku dago. Duela urte batzuk, hamar milioiko audientzia zuen telebista programa batean politikari batek egiten zuen hanka sartzeak eragina izaten zuen. Orain askoz gutxiago axola du. Youtube, Facebook eta Twitterrek telebistako debateek baino indar handiagoa izan dute. Johnsonek kazetari ezagun baten elkarrizketari uko egitea bera ere normalizatu egin da.

BBC bezalako etxe indartsu bat sufritzen hasi da. Brexit bozketa egin zenetik ubelduta zetorren, eta oraingo honetan inpartzialtasuna mantentzea lortu ote duen zalantzan jarri dute askok, batez ere «tory»-ek (oraindik ere Brexitaren aurkako joera izan duela leporatzen diote). Gainera, beste mehatxu arriskutsu bat ere argitara eman du Boris Johnsonek etorkizunari begira, BBCren finantziazio ereduaren aldaketa proposatuz eta Erresuma Batuko komunikabideen markoa eraldatuko duela adieraziz mezu ausartak aireratuz. Kea bakarrik den edo benetan zerbait zentzuzkoa ote dagoen atzean da galdera. Izan ere, hainbat promesa eta hainbat itxaropen, hainbat marketin mezu xalo.

Tory-en garaipen argia konfirmatu ostean, Boris Johnsonek eman zuen prentsaurrekoa inteligentzia emozional handiz diseinatutako diskurtsoa izan zen, botereak ematen duen indarrarekin puztutako diskurtso harroa izan ordez. Eskerrak eman zizkien konfiantza eskaini dioten guztiei, batez ere, laborista izatetik kontserbadoreen alde egitera igaro direnei. Egun gutxiren buruan, ordea, «ez dakizue zer datorkizuen gainera» esan die parlamentukideei. Ez, ez dakite eta ez dakigu. Ez dugu jakin azken bi urteotan, eta, horrenbestez, momentuz aldaketa handirik ez. Promesak, promesak. •