Kuraia
Konplikatua da bizitza, oso, lehen ere hala zen baina orain askoz gehiago. Presioa, tentsioa, zalantza eta arazoak dauzkagu eguneroko bazka eta bizitzaren parte direla onartuta egin behar izaten dugu aurrera. Kuraia da horretarako gasolina.
Ezbai eta kezketan zentrifugatzen dabilkigu burua kiribil etengabean eta kuraiarik ezean zeharo galduko ginateke.
Nahi genuke etorkizuna marraztu eta bertaraino bide zuzena egitea, inolako oztoporik gabe. Baina errealitatea kaskagogorra da eta era guztietako harri-kozkorrak jartzen dizkigu aurrean, saltatzera, inguratzera edo birrintzera behartuz bertan ainguratuta geldituko ez bagara.
Kuraiak ematen digu lepoa altxa eta hanka bat bestearen aurrean jartzeko indarra, buruari baietz esateko adorea eta hala nahi dugulako brankara egiteko kemena.
Gera gaitezke beldurretan itota, kieto mugi ezinda, edo zalantzaz betetako bidea izanik ere aurrera egin jakinik bidezidorretan barrena pausoak eman ahala soilik askatuko ditugula kezken korapiloak.
Begitandu gaitezen itsas zabalean oskola antzeko belaontzian lemari tinko helduta, bai ala bai topatuko ditugun olatu erraldoiak zeharkatzeko mastak eta belak eutsiko ote dieten zalantza-balantzan. Urik oldarkorrenetan ere brankara egiteko prest egonen gara banderatzat kuraia hartuta.
Demagun elkar maite duen bikotea, ziurta al dezakete betiereko maitasuna? Ez noski, ezta inork ere, daukatena da garantia bakarra eta horrekin egin behar dute aurrera, maitasuna elikatuz eta ziurtasun ezak eragiten duen beldurra izanik hirugarren bidaidea.
Kuraia ez da beldur eza, baizik eta beldurra onartuta barne adorez aurrera egitea norberarengan konfiantza izanda.
Beldurrekin, zalantzekin eta tentsioarekin elkarbizitzen ikasi behar dugu, ausardiaz.
Lao Tzu filosofo txinatarrak zioen bezala, «kanpo kuraia duen gizakia hiltzera ausartzen da, barne kuraia duena bizitzera ausartzen da». •


