Lotura zuzena
Susanak utzi gaitu egunotan eta niri berriz berpiztu zait kezka eta beldurra nora arte egon daitezkeen lotuta tortura eta espetxea, eta minbizia.
“Egunkaria auziaren” ondoren hasi nintzen honetan pentsatzen, auzi hartako askok ondoren minbizia garatu zutelako. Martxelo berak ere elkarrizketa batean baino gehiagotan hitz egin izan du lotura horri buruz.
Ez dut uste ikertu denik testuinguru honetan lotura zuzenik duen ala ez: torturatua = minbizia. Edo besterik gabe horrela izan den kasuetan estatistika kontua den eta horrela tokatu behar zuen.
Baina bai uste dut, tabakoa erre eta biriketako minbizia garatzea arrazoi bakarra ez den bezala, loterian bezala, boletoak erosten dituzula hori horrela izateko. Ez du esan nahi loteria egunero erosita ere tokatuko zaizunik, baina aukera gehiago dituzu jokatzen ez baduzu baino. Torturatua izatea loterian diru asko uztea da, eta, beraz, boleto asko dituzu zerbait garatzeko. Zentzua du...
Biriketako minbizia ez garatzeko erretzeari uztea gomendatzen den bezala, pertsona torturatuok zer egin dezakegu prebenitzeko? Nola zaindu eta babestu gure buruak? Terapia ezberdinak, gaiaz hitz egitea… Nahikoa al da? Ba al dago egin dezakegun besterik?
Bada gai bat ezinegona sortzen didana, nire esku dagoen guztia egin nahi nukeelako prebentzio lan horretan. Eta benetan lotuta ez badago, eskertuko nuke norbaitek hau dena ezeztatzea.
Kanpoko zauriak joan zitzaizkigun aspaldi, baina barrukoak barruan ditugu oraindik. Egunotan hitzordu bat baino gehiago ditugu gai honekin lotuta, balio dezatela (beste gauza gehiagoren artean) osatze horretan, edo behintzat ez gaixotze horretan. •


