Aitzpea LEIZAOLA
ARETXABALETAKO TXINOAK

Intimitatea plazara, denen bistara

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Kontraste garaia da funtsean inauteria, egunerokoa zilipurdika jarri eta ordena iraultzen den garaia. Inauteria kolore biziekin eta kaosarekin lotzeko joera nagusitzen bada ere, badira zuria nagusi dituzten mozorro eta pertsonaiak. Zuria da nagusi Mundakako atorren artean, bai eta hainbat dantza jardunetan ere. Gizarte tradizionalean, zuria arropa barruko arroparen kolorea zen, baina baita une zeremonialetakoa ere. Hala ageri zaigu dantza munduan.

Aretxabaletako txino dantza berreskuratu zeneko 50. urteurrena ospatu zen iaz. Herri tradizioak berreskuratu eta birsortzeko Franco hil osteko fenomenoaren adibide ederra dugu, nahiz eta beste inauteri batzuen aldean ez den hain ezaguna.

Alkandora luze zuri bat -jatorriz lotarako gizonek eta emakumezkoek erabiltzen zuten kamisoia-, buruan zapi edo zapel bat eta oinetan kolore desberdinetako galtzerdi eta oinetako bana jantzita agertzen dira gazteak, binakako lerroa osatuz, Aretxabaletako kaleetan, aurpegia beltzez zikinduta. Barruko arroparekin kalera irtetea izan da mozorro xinple bezain efikaza, Tolosan Zaldunitako dianak gogorarazten duen moduan, intimitatearekin lotu ohi dena plazan denen bistan jarriz. Aurpegi belztu eta kamisoi zuriaren arteko kontrastean, txistu hotsez dantzan eta kantuan jarduten dira. 1998az geroztik mutil zein neskek osatzen dute txino dantza.

Neguko festen artean Debagoienean tradizio handia duen Santa Agedarekin gertatzen den moduan, jatorria kintoekin lotzen da; 18 urte betetzen dutenek egiten zuten dantza. Hala, Santa Ageda bezperan hasitako zikloa ixten da inauterietan eta adin nagusiko bihurtu berri direnak plaza hartzen dute bigarrenez. Berreskuratutako kantuak euskaratu eta, 1975az geroztik, karnabal domekaz egiten dute txino dantza. Dantzari izena ematen dion pertsonaiaren inguruan teoria desberdinak jaso izan dira ahozko iturrien bidez. Euskal Herriko beste dantza komiko batzuekin antz handia du doinuari, keinuei eta dantzarien antolaketari dagokienez, sorgin dantzarekin adibidez.