Israel jokoz kanpo
Aste honetan Baskonia saki-baloi klubak jakinarazi du ohar labur batean Euroligako bi partida publikorik gabe jokatuko direla, Israelgo Hapoel eta Maccabi taldeek martxoaren 27an eta apirilaren 7an hurrenez hurren jokatzekoak dituztenak, hain zuzen. Kerejetaren entitateak horrelako erabaki bat hartu badu, ez da, seguru asko, zuzendaritzako kideek bat-bateko sentiberatasun bulkada bat nozitu dutelako; aitzitik, testuinguruak eraman ditu korronte orokorrari men egitera. Izan ere, espainiar Estatuan azken urtean talde israeldarrek jokatu dituzten gainontzeko partida gehienetan ere horixe egin dute anfitrioiek. Korronteak bultzatu ditu, bai, baina ez horrek bakarrik, hamarkadetan Gasteizko gizartearen ahobatezko aldarriak ere argi utzi du, kalean zein pabiloian, erregimen sionistaren kirol-enbaxadoreak ez direla ongi etorriak gurean. Nolanahi ere, publikorik gabe jokatzeko neurria epela da, zikinkeria alfonbraren azpian ezkutatzearen parekoa, eta ez dio heltzen benetako gatazkari: Israelgo erregimenaren oldarraldi genozidei babes esplizitua emateagatik nabarmendu diren klub horiek normaltasunez hartzeak ordezkatzen dituzten krimenak zuritzea dakar.
Demagun, halere, horixe dela Baskoniak har dezakeen neurririk ausartena, eta ez diogula gehiago eskatu nahi irabazi-asmoa duen konpainia pribatu bati. Kerejeta eta enparauak ez dira auzi honetan esku hartzea duten bakarrak. Baloia, orain, Arabako Foru Aldundiaren teilatuan dago, erakunde hori baita partidak jokatzekoak diren pabiloiko jabea, eta ondorioz, bertan antolatzen diren ekitaldien erantzulea. Aldundiak, nazioarteko zuzenbidea betearazteko duen beharrari heldu eta gutxieneko irizpide etiko batzuk exijitu beharko lizkieke instalazio publikoak erabiltzen dituzten erakunde pribatuei. Hori epe ertainera. Datozen egunetako Israelgo ordezkarien bisitei begira irtenbide bakarra daukate: pabiloiko ateak ixtea. Haiek daukate erantzukizun historiko hori, eta haiek daukate ateko giltza. •

Medikuok osasun sistemarekin dugun haustura emozionala denon kalterako da

BAINA, INFORMATIKA EZ AL DA ZAILA?

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»

