Aurelia ARKOTXA MORTALENA

Altxagarria

(Guillaume FAUVEAU)

Post-68ko garai mugimendutsuetan, Maurice Ravel lizeo publikoan, hamasei eta hemeretzi urte artean nituen biak gurutzatu. Gure lizeo berri ederra Urdazuriren ibai-hegian zegoen kokatua (lekuz ez da geroztik aldatu), hiriaren erditik, portutik eta hondartzatik hurbil-hurbil. Erran behar da “pasan” nuela Beauvoir bera gurutzatu, sakondu gabe, ez naiz oroit zuzen nola, segurki testu isolatu batetik.

Egia erran, ez nezakeen Sartrerengandik Beauvoir bereiz, hainbeste zen zabaldua denetan Sartrébeauvoir entitatearen ideia. Aitortu behar dut, halere, Sartrek gehiago interesatzen ninduela ihardukitzaileak ziren urte haietan, bereziki Francoren diktadura zelarik mugaren bestaldean eta manifestazioak bazirelarik Baionan, eta ere noiztenka Hendaian, ene herrian.

Astean behin, klaseen bukaeran, mediku eta erizain bat hezkuntza sexuala irakastera kanpotik jiten ziren gure lizeora. Guretzat normala zen, ez ginen osoki kontziente 1968ko Pariseko oldarren ondorioen fruituak ari ginela hor biltzen. Bai, aldiz, garbiki ohartzen ginela pribatua zen hiriko bigarren lizeoan ez zutela Sartre guk bezala aztertzen, eta ez zutela guk genuen bezala Sartreren “La Nausée” (“Goragalea”) irakurri behar. Guk pentsatzeko libertate gehiago genuela nabarmena zen.

Baina, zinez, dudarik ez, literaturako klaseetan baino gehiago, Madame Lavantès filosofiako irakaslearekin egiten genituen disertazio eta klase-eztabaiden bitartez zirela gure gogoetak sakontzen. Hark zigun publizitate anuntzioen atzean ziren manipulazioak begiztatzen erakutsi. Hark zigun feminismoa lehen aldiz aipatu eta goraipatu, bera Biarritzeko Planning Familial-eko partaidea izanki bestalde. Hark zigun ere Freuden ametsen interpretazioa aipatu.

Baxoa lortu ondoan, Donibane Lohizunetik Bordeleko iberiar eta hispano-iberiar sail “gorrira” ailegatu nintzelarik, Post-68aren talka-uhinak are gehiago sentitu nituen hango giroan: errefuxiatu politikoak baziren gure unibertsitatean, totalitarismoetatik ihesi etorriak. Franco hil-hurrena zen, baina oraindik bi urte iraunen zituen, Pinochetek izu-ikara hedatua zuen Txilen, armadako indarrek gobernua hartua Uruguain... Hego Amerikako errealismo magikoa miretsirik deskubritzen nuen. Naturalki, Sartrek existentzialismoaz, intelektualaren engaiamenduaz, zuen kontzeptua zitzaidan orduan garrantzitsuena maîtrise edo masterreko ikerketa-lantzat, diktadurapean nola azaltzen zen Xabier Leteren poetika engaiatua ikertu nahi bainuen. Bestalde, Sartrébeauvoir-ek zuzentzen zuten eta feminismoarentzat inportantea zen “Les Temps Modernes” aldizkaria irakurtzen nuen ere noiztenka. Eta in fine filosofiako klaseetan edo sexualitateaz genuen formakuntzan ikusten ez nuen bezala Beauvoirren itzala han zegoela, ez nintzen osoki ohartzen “Les Temps Modernes” aldizkarian Beauvoirrek zuen leku nabarmenaz, eta, last but not least, han idazten zuten Sartre, Levi-Strauss eta Bourdieu Beauvoirrek zituela eragintzen, nahiz ez zuten batek ere sekula aitortu (ikus Grégory Cormann, 2018).

“Le Deuxième Sexe” (“Bigarren sexua”), bi tomotan, irakurri nuelarik, 1990eko hamarkadaren hastapena zitekeen, entziklopedia bat balitz bezala hartu nuen. Elisabeth Roudinesco psikoanalistak honakoa dio: «1949an argitaratu bezain laster, ‘Bigarren sexuak’ eskandalua sortu zuen (...). Alta, ez zuen Sadeko markesaren kontakizunekin deus ikustekorik, ezta testu pornografikoekin ere; ez zen erotismo tratatu bat ere. Beauvoirrek sexualitatea jakintsu baten moldean, edo historialari, soziologo, antropologo, filosofo baten moldean zuen ikertzen, bai Kinseyren inkestan, bai psikoanalista askoren lanetan oinarrituz» (2011).

Beauvoir, joan den martxoaren 26an Gallimard etxearen “La Pleiade” bilduman sartu delarik, horrela aurkeztu dute: «Liburu batek gauzak aldatu dituela bakan da gertatzen ikustea: ‘Bigarren Sexua’-k hori lortu du. 1949an zen hori gertatu eta liburu horren baitan den altxagarria beti lanean ari da» (2026). Egungo literatur kritika zinezko lekua -lehen heinekoa dena- ari zaio Beauvoirri ematen, Sartrerena histuz doan arabera. •