Miren Azkarate
Kazetaria

Amonaren etxean Clan edo Boing

Amona, jarri dezaket telebista?», entzuten dut gure lau urteko haurra bazkalostean. «Bai, badakizu marrazki bizidunak non dauden», amonaren bazkaloste guztietako erantzuna.

Hortik denboratxo batetara haurra: «Amona, ez daude marrazki bizidunak euskaraz!». Amonaren pausuak sukaldetik salara: «Ea ba, ema iezadazu agintea… Hara, ba arrazoi duzu, ez daude». Momentu horretan nire interbentzioa: jada kendu dute ETB3.

Menuan sartu gara eta oraindik hor dago, jarri dugu eta zesta-punta partidu bat dago. ETB1 jarri eta harri jasotzaileak. Ez naiz ni izango Euskal Herriko kirol eta herri kirolak sustatu behar ez direnik esango duena, baina, uau!

Txalo bero bat EITBko arduradun politikoei eta programatzaileei. Euskal Herriko haurrek haien hizkuntzan duten eta haientzako egokia den programazioa ezabatzeagatik! Txalo zarta erraldoi bat, benetan.

Gure etxean ez da asko nabarituko, ez baitugu telebistarik. Baina gure haurren amonen etxeetan jada ez da bazkalostean marrazki bizidunik ikusiko telebistan edo gazteleraz ikusiko dituzte (ulertu, ulertu...)

Eta zergatik? Bada nik oraindik ez dut arrazoi bat bera ere entzun. Zer da, kuota baxua zuela ETB3k? Zer da kostu ekonomiko handia duela mantentzeak?

Eta gero benetan entzun behar zaituztegu esanez Korrika dela edo Alderdi Eguna dela, euskara eta EITB indartu behar dituzuela? Lotsarik ez duzue! Baina kaltetuak denak, bozkatzen zaituztetenak, ez zaituztegunak bozkatzen... eta oraindik bozkatzeko eskubidea ez duten guztiak!

«Amona, utzi Go!azen. Badakit ez dela egokia nire adinerako, baina gutxienez euskaraz da eta ulertzen dut». •