Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Artritis psoriasikoa

Eskuetan bereziki, artikulazioen mina, hantura eta gogortasuna agertzen dira.
Eskuetan bereziki, artikulazioen mina, hantura eta gogortasuna agertzen dira. (GETTY IMAGES)

Psoriasia eta artritisa, banaka, nahikoa ezagunak dira. Nork ez du izan artritis bat behatzean, nahi gabe oinarekin harri bat jotzean adibidez? Hain arrunta izan gabe ere, psoriasia ere oso ezaguna da, azalean agertzen diren plaka ezkatatsuak oso ikusgarriak izaten baitira. Artritis psoriasikoa, berriz, zer demontre da? Zer ikusteko dute, bada, hain ezberdinak diren bi arazo horiek?

Artikulazioen hantura (artritisa, alegia) sintoma inespezifikoa da, hau da, osasun arazo askotan agertzen den ondorio arrunta. Artritis psoriasikoaren kasuan, arazo nagusia immunologikoa da: uste denez, gorputzak sustantzia baten aurrean erreakzionatzen du, erantzun autoimmune bat emanez eta geure zelulei eraso eginez. Ikerketak erakusten ari direnez, horrek arrazoi genetikoa du hein handi batean, eta, beraz, familian heredatzen den arazoa da. Ikerlariek, hain zuzen ere, arazoaren garapenarekin lotutako hainbat gene identifikatu dituzte eta horrek botika espezifikoak garatzeko aukera dakar; beraz, bide horretatik segituz gero, emaitza pozgarriak etor daitezke.

Artritis psoriasikoak sintoma sorta zabala du, baina nagusiki artikulazioetan eta larruazalean igartzen da. Halere, ez da beti eta neurri berean gertatzen pertsona guztietan. Arazoa duten pertsona guztien artean (populazio orokorraren %0,1), esate baterako, %70ek izaten duten lehen sintoma psoriasi hutsa izaten da; %15i, berriz, larruazaleko eta artikulazioetako arazoak batera hasten zaizkie; eta beste %15, artikulazioetako sintomekin hasten dira, azalekoak agertu baino lehen. Are, artritis psoriasikoa duten pertsona gutxi batzuek ez dute sekula azaleko psoriasirik izango; artikulazioetan bakarrik igarriko dute. Sintomatologia ere asko aldatzen da pazientetik pazientera. Esan dugunez, arazo nabarmenenak artikulazioetan gertatzen dira, baina horien artean periferikoak dira arruntenak. Eskuetan bereziki, artikulazioen mina, hantura eta gogortasuna agertzen dira, askotan hatzek saltxitxa itxura hartuz; azazkalak ere sarri suntsitzen dira. Bizkarrezurra ere askotan kaltetzen da, sintoma horiek ornoen arteko artikulazioetan agertuz, bereziki zerbikaletan eta sakro inguruan. Azalari dagokionez, psoriasia gehienetan plaka forman agertzen da, bereziki buruan, ipurdi-errekan eta zilborrean. Gainera, ez dira arraroak izaten entesitiak (tendoi eta lotailuen hantura, hezurrei lotzen diren puntuetan), neke orokorra, antsietatea eta depresioa.

Kalterik nabarmenena artikulazioetan gertatzen denez, tratamenduaren itu nagusia artritisa izaten da. Izan ere, arazoari modu goiztiarrean aurre eginez gero, artikulazioen hondamena modu nabarmenean ekidin daiteke, etorkizunean arazo asko aurreztuz. Tratamenduaren oinarria farmakologikoa da, eta medikuek eramaten dute: antiinflamatorio ez-esteroideoek eta erreumaren aurkako botikek garrantzi berezia izaten dute. Fisioterapia aldetik, artikulazioen gogortasuna, mina eta hantura kontrolatzeko hainbat teknika erabil ditzakegu. Horien artean bi nabarmendu ditzakegu, ebidentzia zientifikoak artritis psoriasikoan duten onura berretsi baitute: laser terapia eta ariketa terapeutikoa.

 

www.abante.eus