Santua eta Sakratua
Eguberriak, Santu Guztien Eguna, San Fermin, San Fausto, San Valentin, San Telmo, Ama Santu guztien eguna… Aste Santua. Ustezko estatu laikoetan ere santuz inguratuta gaude. Inguratu ez ezik, gure egutegia antolatzen dute, askoren lan-egutegia eta baita eskola-egutegia ere. Euskal Herri zatikatu honetan bi eredu nagusi ditugu.
Iparraldean, frantziar Estatuko ereduan beraz, hiru zutaberen baitan antolatzen da eskola egutegia: zonifikazioa, oporraldien maiztasuna eta tokian tokiko egokitzapenak. Estatua hiru eremutan banatzen dute neguko eta udaberriko oporrak txandakatzeko. Banaketa hori turismoa mailakatzeko eta errepideetako segurtasuna bermatzeko egiten omen dute.
Egutegia ahalik eta gehien doitzen saiatzen dira 7-2 asteko erritmora: zazpi astez klasea eman ondoren, bi asteko atsedena izaten dute ikasleek. Horregatik, ikasturte barruko oporraldi guztiak bi astekoak izaten dira.
Horrela antolatzen dituzte bakantzak: Santu Guztiak, urri amaieran, bi aste Estatu osoan batera; Gabonak, abenduko azken bi asteak, Estatu osoan batera hauek ere; negua, otsaila eta martxoa artean, eta Udaberria, apirila eta maiatza artean, biak eremuaren arabera banatuta eta biak ere bi astez. Uda uztailaren hasieran hasi eta irailaren 1ean amaitzen da, bi hilabete eskas. Ipar Euskal Herria A eremuan dago, baina lekuan lekuko egokitzapenak egiten dituzte bateragarri egiteko tokiko jaiekin, Herri Urratsekin…
Hego Euskal Herrian, espainiar Estatuko ereduan, “Ave Mariaren” erritmora antolatzen da ikasleen atsedena. Tokian tokiko aldaketekin, jarraian zehaztutakoa da Hegoaldean 2025-2026 ikasturteko egutegia. Irailaren 5ean hasi zuten Bigarren Hezkuntzan gazteek ikasturtea. Hamabost astean, egun bateko atsedena izan zuten ikasleek. Gero, Gabonak, bi aste eta bi egun. Sei aste lan eta astebete atseden, ihauteriak. Hiru aste eta erdiko jarduna eta bi eguneko zubia. Astebeteko lana eta bi asteko atsedena, Aste Santua. Udako oporrak hartu aurretik hamar asteko lana izango dute ikasleek egun bakarreko atsedenarekin. Eta udaran, bi hilabete eta erdiko oporrak. Ez 7-2 araua, ez urrezko zenbakirik; San eta San, Santa gutxi hemen ere.
Paradoxa bat da Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza arloko agintariek berrikuntza une oro ahotan darabilten garai hauetan, dekretuetan ikaslea ardatza dela idazten dugunean, egutegiaren berrantolaketaren gaia mahai gainean ez jartzea, gutxienez, hezkuntza komunitatean hausnarketa bat ez abiaraztea.
Hezkuntza egutegia eta turismoa eskutik doaz, agian interes turistikoek ekarriko dute etorkizunean ikasturtearen berrantolaketa. Atseden egunak bidaiatzeko egunak dira gure jendarte diruz hornitu honetan, izan hegazkin, auto, furgoneta, tren edo bizikleta. Aste Santu honetan, 1.520tik gora hegazkin ibili dira Loiuko aireportuan aitzinera-gibelera, iaz baino %2 gehiago. Europako hiriak izan dira helmuga desiratuenak: Erroma, Paris, Londres, Amsterdam eta Viena. Oporraldi honetarako apropos jarritako hegaldiek ere arrakasta handia izan dute: Marrakex, Bratislava, Atenas. Irlak eta kostaldeak: Azoreak, Korsika, Mallorca. Euskal Herriko herri-hiri batzuetan prozesioak, Kristoren Pasioaren antzezpenak ikusi ditugu; Donostian, 50 urteren ondoren Nazareteko Jesusen Kofradia paseatzera atera da; Durangon aldiz, ez da jende nahikorik izan prozesioa egiteko. Eliza batzuk beste batzuk baino beteago egonen ziren, baina ez al dira egun santu hauek Santuak baino Sakratuak? Sakratuak norbere herritik alde egiteko. •


