Ximuna

Irudikatzen nituen; amesten nituen. Juliette Grécok boz erlastuan abesten, Boris Viannek tronpetista, olerkaria, kantaria «monsieur le Président… je n’irai pas à la guerre... je ne veux pas la faire» sinesmen handiarekin deklamatzen, erdi kantatuz erdi xuxurlatuz edo mehatxatuz; prefosta horiek guziak gure ursulinen formakuntza sozial, akademiko edo estetikoaren arrunt kontrako muturrean.
Ikusten ditut, Baionako Largenté barnetegiko zola barutik, Pariseko, «auzo latinoaren» gune mitikoan, St Germain des Près., non kokatzen ditut nire arketipo sekretuak. Haien artean, edo erdian, edo bihotzean, bikote oso berezia, Sartre/de Beauvoir. Unión libre-a praktikatzen duena.
Hori zen, Ximuna eta Jean Paulen mundua, akne pikortak kokotsean leherrarazten zituen neskatxarendako. Badira fotoak, bai eta liburuak ere, bistan dena, baina gehiago fidatzen naiz han eta hemen bildutako irudiez, sentiarazi dizkidaten zirrarez.
Fisikoki aski erretxin gizona, aldiz erakargarria Ximuna. Ezagutu zirelarik lehen xixtan, omen, maitemindu ziren, baina iduri zait berena gehiago intelektual atseginean funtsatzen zela fisikoan baino. Eta ia, unibertsitatean ibili bezain laster ageri dira biak, bata bestea bezain beste, filosofia ikasle txapeldunak. Biak burges familiakoak, etxeko bibliotekaren ondoan haziak, frantses XVIII. mendeko ilustratuen harian, beti hobekuntza sozialen gibeletik eta pentsamendu aitzinamenduen ingurutik. Gerlaren ondotik atzematen ditugu Parisen lanean tira ahala, Jean Paul «existentzialismoa» aztertuz, Ximuna «les Mémoires d’une jeune fille rangée» bilduz eta publikatuz, arrakasta handia ukanen duen liburuan. Biek maite dute elkarrekin lanean aritzea, goiztiarrak dira eta bezperan berant artio festan izanik ere, berdin funtzionatzen dute tandem batean pedalei eragiten bezala, goizetik eguerdi artio langelan, edo ostatu baten izkinan, idazmahaiari itsatsiak.
Ordu artio gertatzen zena filosofiarekin konprenituta gero -filosofia hetsia eta eliteari bereizita gordetzen zelarik-, agertzen eta garatzen da talde bat, egunerokoarekin pentsamendua produzitzen duena, gauzak aldatzen dituena herritarren, jende arrunten, onerako. Eskaintzen dizkiete nobelak edo antzerki piezak pentsamendu berri horiez jabetzeko.
Lehenik zer da existentzialismoa? Aditz trinkoa bezala trinkatuz, erran daiteke sortzean norberak baduela bere izatearen esentzia eta biziak existitzea diola ematen, nahi duenaren izatea jakiteko, eta, beharbada, bilakatzeko ahalmena utziz, libre albedrio-a dela medio. Beraz, adibidez, sexu identitatearen eraikuntzari aplikatuz, Simone de Beauvoirrek zehazki presentatzen duena “Bigarren sexua” liburuaren emaitza gisa: «Inor ez da emazte sortzen baina bai bilakatzen» (zinemagile arabar hark hain amultsuki pantailara ekarri zuena orain duela bi urte, “20.000 especies de abejas” lanean, Aitor/Luciaren istorioan).
Ia, ohartu gabe, pasatu gara ideietatik kontzeptuen hedatzeari eta baliatzeari, nola haize bilakatu diren, askatasun haizeak. Baina nonbaitetik tsunamiren arriskua dator, bere bidean harrapatzen den guztia funditzen duena.
Nondik norakoa egin nahi zuen nerabe zahartu honek, Ximunaren eskutik, gelditu aitzin kuadrillako maitagarrienak aipatuko ditu, marrazki gehienetan agertzen baitira: Jean Genet, antzerki idazlea eta egiazko mandila, banku ohoin aditua; ber kategorian kuadrillan sartzen zuen Albert Camus, Aljerko karriketako unibertsitatean formatu zena, diotenez, idazle preziatua, antzerkiari eta justizia sozialari organikoki lotua; Merlot Ponty, «fenomenologoa», Sartreren lagun mina eta dantzari bikaina St Germaineko sotoen oholtzetan. Guretzat preziatuena, antikolonialista errabiatua, aditua, bere bizi laburrean sinesten zuena praktikatzen zekiena, Frantz Fanon, psikiatra, martinikarra eta idazlea; Sartrek bere azken liburuari, “Les Damnés de la Terre” (Lurreko kondenatuak), prefazio eder bat idatzi zion.
Ohartu zara kuadrillako emazte bakarrak, Ximunak, besteak bezain beste balio duela? Ohartu zara Frantziako lehen feminista patentatua gizonez inguratuta bizi izan zela eta existentzia horietatik abiatuz genero kontzeptua lau haizeetara igorri zuela? Konbentziturik mundua, denena, aldatuko zuela, hoberako, denentzat. •
