AD ASEBERDLA ANEPROL

«Hauxe izan da dena, lagunok!», zioen Bugs Bunny untxiak totelka bere telebistako programako atal bakoitzaren bukaeran. Eta ikasturtea bukatzear den honetan, hau irakurtzen duzuen guztiei besarkada estu bana bidali nahiko nizueke. Abentura berri bat hasteko, honako hau amaitu beharra dago lehenik eta behin. Kontua zera da, ez dugula abiapuntu bera izan, baina denoi eskatu zaigula helmuga berbera. Aurrekoan, sareetan zabaldutako bideo batean, honako hau zioen unibertsitateko graduazioan ikasle batek: «Txikitatik errepikatzen zaigu behin eta berriz behar adina ahaleginduz gero, iritsiko garela. Baina nahikoa da ingurura begiratzea, ulertzeko hori ez dela hain erraza eta ez dela guztiz egia. Ezinbestekoa da gogoratzea denok ez gatozela leku beretik, denok ez ditugula baliabide berberak, denok ez dugula aukera edo kondizio material berberak izateko abagunerik, eta, ziur asko, denok ez ditugula laguntza emozionaleko sare berberak. Denok ezin dugu huts egin, gelditu edo arnasa hartu. Jende guztiak ez du zorte hori. Beraz, ezin dugu behin eta berriz esan ahalegin pertsonaleko kontu hutsa denik, hemen eserita gauden pertsona bakoitza nondik datorren baldintzatzen duten faktoreak alde batera utzita».
Ahaleginaren legea. Horri gehituko nioke denok ez gaudela bizitzako momentu berean eta ez dugula izaera edo jarrera berbera; gure esku ez dauden hainbat faktore badaudela, ahaleginaren mendekoak ez direnak: osasuna –mentala zein fisikoa–, esate baterako. Hitz horiek pentsakor utzi ninduten eta hori benetan atsegin dudan zerbait da. Buruari eragitea, aurrera eta atzera, iritzi bat sortzea, suntsitu eta birpentsatzea. Amankomunean ez dugun horrek egiten gaitu askotariko, eta aniztasuna aberastasuna da, bai. Eta eskolaren zeregina bakoitzaren beharrak asetzea da, nor bere erara helmugara irits dadin. Baina, zenbat oztopo? Zenbat muga? «Denok ez gatoz leku beretik, ez ditugu baliabide berberak, aukera berberak, ez eta laguntza emozionaleko sare berberak ere». Etxeraino luza al dezake eskua eskolak? Eskolaraino, familiak? Zerbitzu sozialek? Gobernuak? Galdera horiek aurreko bi galderak eraldatzen dituzte: non daude oztopo eta mugak? Garuna lehertu beharrean daukadala, ez dut erantzun zuzenik topatu, nire erantzuna baizik: denok jaiotzen gara motxila batekin. Jaiotzerako edo beharbada aurretik, badugu zer sartua. Generoa, jaiotze herrialdea eta harekin gure arbasoek duten lotura, gure familiaren egoera sozio-ekonomiko-kulturala eta homologatu beharreko diagnostikoak. Azken horrek garrantzia du, denok garelako “ezgai” zerbaitetan baina denok ez dugulako hori aitortzeko beharra (dirudienez).
Leporaino beteta. Motxila prest dugula, haurtzaroan zehar joango gara sartzen bertan gure izaerak dakarzkigunak: autoexijentzia, adimena esparru desberdinetan, familiaren hezteko modua eta horrek eskolarekin zenbateraino egiten duen bat, frustrazioa kudeatzeko gaitasuna eta eskuratutako teknikak, autoestimua… Ufa! Bada zama ume batentzat. Nerabezaroaren errebeldiak dena zalantzan jarri eta motxila astintzea dakar, zergatiak galdetu eta erantzunekin amorratzea, politikoki kokatzen hastea, erabaki garrantzitsuak bakoitzak bere gain hartu beharra eta helduarorako txartela derrigor eta egoki erosteko presioa. Hemezortzigarren urtebetetzearen bueltan badirudi erabaki guztiak betiko direla eta betikotasun horrek denbora tarte laburra ematen du. Badirudi bozkatu eta gidatu ahal izateak egin behar gaituela gai, kapaz, nekaezin eta arduratsu. Hitz bakar batean: heldu. Eta arduratu behar gaitu diruak, bizitzan zer egingo dugun argi izateak, nora goazen eta zer izango garen. Eta izango garen hori izateko, ekin! Eta boluntariotzatan parte hartu, lan prekarioak egin (hala moduzko lan baldintzak dituztela jakinda), baina politikoki ere posizionatu eta militatu, jai batzordean sartu eta herrian edo auzoan kide aktibo izan, senideak ere hor daude eta zaindu, lagunen lagun izan (honek beti sortu izan dit zalantza, nola ez izan lagunen lagun?) eta abar, eta abar. Eta gero, zer? Bikotea, bai? Ez? Seme-alabarik? Ezkondu ala harreman irekia? Pisu partekatua, noiz arte? Noiz izango naiz nagusiegia pisua partekatzeko? Eta aisialdiko begirale izateko? Hizkuntzetako tituluak atera beharko nituzke, puntuak ematen dituztelako oposizioetan eta etengabeko formakuntzarako ikastaro batzuk ere, 40 orduko horiek. Kontuz lorpenekin, “lortu” eta “pena” elkartzen direlako, lortu nahian, penatan itotzeko arriskuarekin.
Gelditzearen apologia. GELDI DENAK! ASKI DA! Topikoa dirudi eta bada, baina gelditu eta hartu arnasa sakon. Erabakiz erabaki eta ahaleginez ahalegin heldu gara gaurdaino eta horixe da gure lorpenik handiena. Eta geure buruari esan: «Heldua naiz baina ezin denera heldu, ezta beharrik ere. Mundua ez denez geldituko, ni neu geldituko naiz». Horregatik, zorionak, zorionak nire lankideei ikasturte eder honengatik. Zorionak nire ikasleei, txikienetik hasi eta handienari, zorionak munduko ikasle eta irakasleei, egunero ahal izan duguna eman dugulako. Egun borobilengatik, desastre hutsengatik, ekiteko jarreragatik, ahaleginagatik eta, bai, gehiago ezin izan dugunean amore emateagatik. Amore emateko beti da goizegi, baina askotan ere ez da berandu gerorako uzteko. Laudoriorik laudoriotsuenak gure hanka sartze eta atsekabeei, horiek onartzea eta haiengandik ikastea ere izan delako lorpena. Maitasunez elikatzen dugu bokazioa, baina gure bizitza pertsonalean eragin zuzena du lanak eta, alderantziz ere. Horregatik guztiagatik, gelditu, askatu eta ospatu. San Joan suak erre dezala geure burua zigortzeko dugun joera itsusi hori eta sorbalda gaineko zama; eta aldarrika dezagun errurik gabeko atsedenerako eskubidea, etengabe eraginkorra izateko mamu hori. Ahalegina ez delako lineala, “ahal” eta “egin” hitzen elkarketa aldrebesa baizik. Hortaz, ahal izan dugunean egin dugu ahal izan duguna ahal bezala, eta ederra izan da. Motxilak ondo hustu eta irailera arte, gora gu. Lorpena aldrebesa da. •
