Saioa Iraola

Arrastoak

Orburuen gisara, hosto berde ugariz josia dut gorputza eta bihotz mamitsua erdialdean, hosto artean kostata baina aurkituz noana. Jaio egiten gara eta egin, osatu, transformatu gure jendartean. Maite, Mikel, Lore, Lur izan gaitezke izenez, eta izatez, berriz, Inaxi, Margari, Joxe, Fermin edota Pakita. Izena eta izana, ginenaren eta naizenaren arteko dantza; arrastoak bilatzea, ezagutzea, onartzea eta oraina aukeratzea.

Bizi-arrastoek jendartean tokia eskaintzen digute, leku bat, familia-ingurunean bizirautea izanik erronka nagusia: bizirauteko, isilik egotea dute batzuek hautu; beste batzuek hipokondriakoak izateko joera hartzen dute; besteek, aldiz, protagonista izan beharra dute nonahi eta une oro... Hala, nortasun bat garatuz goaz, “besteek” gugan jarritako itxaropenak bete ahal izateko, gugandik espero dena betetzeko. Baina bizi-arrastoak ezagutzeak garrantzia hartzen du gure bizitzetan, eta arrastoak ezagutzeko aukera izateak nitasunean kokatzeko balio digu, «galdetzea bera lehen arrastoa baita» Dejabu antzerki-taldeko kideek Arrastoak antzezlanaren aurkezpen-testuan azaldu bezala.

Nire bizi-arrastoak topatzeko saiakera etengabean aurkitzen naiz. Batzuk garratzak dira, urteen poderioz jasotako zauri sendaezinak bai baititut nire oskol gainean, baina beste batzuk, aldiz, goxoak: indarra, umorea, oroitzapenak, istorioak, irudikapenak, amonaren etxeko argazki zaharretan urteetan atzera eginiko izanaren iruditegi asmatuak... Baina arrastoez galdetu, haiek zein diren jakin eta ezagutu, eta haiekin topo egin ondoren, limurtu ez nazaten, bizi-arrastoak zama bihurtu ez daitezen lortzeko ahaleginetan nabil, orburuaren azal gogorrak pixkana kenduz bihotza izateko, ni izateko, arrastoen bila gu berri bat eraikitzeko. •