eneek
ENEEK

Europako ekoizpen ekologikoko araudia estutzeko asmoak sektorea dantzan jarri du berriz ere

ENEEK
ENEEK

Sektore dinamikoa da laborantza ekologikoarena. Errealitate berri eta konplexuen aurrean doitu behar izatearen poderioz, etengabe paradigma berriak proposatzen dituena. Jatorrian, duela mende erdi baino gehiago, mundu osoan ezarritako ekoizpen-eredu “modernoaren” kontrakoa balitz bezala jaio zen: hark gai kimikoen (ongarrien, pozoien) erabilera intentsiboa proposatzen zuen, errendimenduak handitzeko; honek, naturaren aurka baino, naturarekin bat ekoiztea, naturaren mugak onartuz. Igarotako epean, nekazaritza intentsiboaren erruz ekosistemen eta gizakion osasunean sortutako arazoek erakutsi dute negozio eskasa dela elikagaien ekoizpenean gai kimikoak neurrigabe erabiltzea.

80ko hamarkadaren hasieran, “freaky” bakan batzuk ziren ekoizpen eta kontsumo eredu hau aldarrikatu eta praktikatzen zutenak. Hamar urte geroago, hasierako bizpahiru “iluminatuak” ikusgaitasuna zeukan gutxiengo bilakatuak ziren. Sektoreak kontuan hartzeko moduko bolumen ekonomikoa lortua zuela ikusita, Europar Batasunak (EB) ekoizpen ekologikoaren baldintzak ezarri zituen, 1992an, Europako Ekoizpen Ekologikoari buruzko lehenengo Araudiaren eta ekintza planen bidez. Sasoi hartan, beste gertakari batek etorkizunean ekoizpen eta kontsumo ekologikoek izan zezaketen garapenaren zantzuak eman zituen: “Bio-en gatazka”-k. Ekologikotasunak, eta honekin lotzen den osasungarritasunak kontsumitzailearengan izan dezakeen eraginaren jakitun, elikagaien industria “Bio”, “Eko” eta “Organiko” aurrizkiak erabiltzen hasi zen, kontrolik gabe. Gehiegitan, oinarririk gabeko aipuak ziren. Horregatik, ekoizle ekologikoek Europako epaitegietara jo zuten, beraien eskubideak eta ekoizpen eredu ekologikoa defendatu zitzaten. Urte luzetako gatazka legalaren ondoren, adiera hauek ekoizpen ekologikoarekin lotutako elikagaietarako soilik erabili ahal izatea lortu zen.

Garaipen esanguratsu honen ondotik, ekoizpen eta kontsumo ekologikoak %10etik gorako hazkundea izan du. 2013ko azaroko “Evaluation of the EU legislation on organic farming” txostenaren arabera, EBn biologikoki maneiatutako lurren kopurua bikoiztu egin da 2000-2011 epean, 9,5 milioi hektarea ekologiko izateraino, 240.000 ustiategitan banatuta. Herritarren artean, eskariak are hazkunde handiagoa izan du: 2011n, 19.700 milioi euro fakturatu dira.

Eredu ekologikoaren fidagarritasuna

Aurretik aipatutako txostenean azaleratzen den ondorioetako bat da ekoizpen ekologikoaren araudia moldatu beharra dagoela, eredu ekologikoaren fidagarritasuna eta printzipioen betearazpena bermatu aldera. Martxoaren hasieran Dacian Ciolosek, Europako Nekazaritzako komisarioak, baieztapen horri heldu eta ekoizpen ekologikoaren araudia moldatzeko proposamena aurkeztu zuenetik, ordea, eztabaida piztu da. Esan zuenez, eredu ekologikoa “arrakastaz hiltzeko” arriskuan egotera irits daiteke. Haren arabera, ekoizpenak ezin du eskaria ase, eta gabezia horri aurre egiteko ekoizpen baldintzak arintzeko joera hartuz gero, eredu ekologikoak aldarrikatzen dituen onurak “benetan” bermatu ahal izatea zaila izan liteke, ereduaren sinesgarritasunaren kaltetan. Horregatik, araudi berria “printzipioetan oinarrituta” egongo dela azpimarratu zuen komisarioak, eta eredu ekologikoarekin erabat bateragarriak ez diren puntuak eta salbuespenak desagertu egingo direla.

Aurkeztutako proposamenak sektorearen baitan adostasun zabala lortuko zuela pentsa badaiteke ere, iragarpenak, ilusio puntu bat sortzearekin batera (aurrerapausoak proposatzen baitira ereduaren zehaztapenean), egonezina ere ekarri du. IFOAMek, munduko nekazaritza ekologikoko mugimenduak batzen dituen erakundeak, zenbait neurri txalotu egin ditu (ereduaren printzipioei garrantzi handiagoa ematea eta elkarrekin merkaturatzen duten baserritarren taldekako ziurtapena egiteko aukera izatea, adibidez), baina ardura ere agertu du. Erakundearen irudikoz, indarrean jarri nahi diren zenbait neurri nekazaritza ekologikoaren garapenean laguntzeko baino, kalterako gerta daitezke: sektorea ez dago prest maximoetan osoki oinarritutako araudi bat indarrean jartzeko. Adibide bat: egun, oztopo teknikoak eta ikerketa gabeziak medio, ia ezinezkoa da oilo-txitak ekologikoki haztea. Testuinguru horretan, eta arrautza ekologikoen ekoizpenak garatzeko aukera izan dezan, txiten jatorriarekin salbuespena egiten da, egokitzapen epe bat ezarrita. Proposamen berriaren arabera, arrautza horien ekoizpenerako, ezinbestekoa izango da txitak 2017tik aurrera sortzez ekologikoak izatea. IFOAMek eta arrautza ekologikoen ekoizleek salatzen dutenez, ordea, hori gauzatzeko ikerkuntzara askoz baliabide gehiago bideratu beharko dira, irtenbideak topatu, sektoreari eskatuko dion eraldaketa sakona baita.

Ekoizpen ekologikoak zerbait ona badu, etengabe moldatzen ari den eredua izatea da. Printzipioak argiak dira, mugak errealitateak jartzen ditu. Zorionez, borondatea izanda, errealitatea ere moldatu daiteke.