Oihana Llorente
HARREMANAK EZBAIAN

Maitasun erromantikoa versus maitasun askea

Laranja erdia al gara? Ala osorik zukua ateratzeko modukoak? Agian, marrubiekin nahastuta gozoagoa da nahasketa... Oraindik ere, gizon eta emakumeen arteko harremana instituzio bat den arren, polimaitasunak eredu anitzak marrazten dizkigu iruditegi kolektiboan. Teoriaren eta praktiken gaineko hausnarketaren kronika da honakoa.

Maitasun erromantikoa versus maitasun askea. Hala zuen izenburua Say Lindell Malagako aktibista sozial eta psikologoak Irungo Lakaxita gaztetxean gidatu zuen tailerrak. Maitasun erromantikoarekiko kritikak eta librearekiko zalantzak erakarri zituen tailerrera bertaratutakoak. Elkarrekin eta modu dinamikoan lehena desegiten eta bigarrena eraikitzen aritu ziren. Buruan, behintzat, batetik besterako bidea marraztuz.

“La Ruptura sentimental, del amor al duelo” liburuaren egilea da Lindell. Ikasketez psikologoa, karrera bukatzear zuela, bikotekidearekin zuen harremana eten eta desamodioaren bide malkartsua ibili beharrean aurkitu zen. Izaeraz obsesiboa, bere barnean sentitzen zuen minak burrunba egin eta ondokoen mina arakatzeari ekin zion. Bakoitzak modu batean sentitu arren, maitasunaren arantzak eragindakoak denek sentitzen dituztela ikusi zuen. Min horren gakoak erdituz, baina, liburua idatzi eta bihotza osatu zuen Lindellek.

Ikerketa eta azterketa askoren ostean, maitasunaren gaineko ondorioak ere atera zituen. Eta egun tailerrak ere ematen ditu berak ondorioztatutakoa nahi duten horiekin partekatzeko.

Harreman eredu menderatzaile bat egon badagoela da Lindellek atera duen ondorio nagusiena. Eta hura heterosexuala, monogamoa eta itxia dela sostengatu du. Historiari erreparatuz, gainera, maitasun erromantikoa gisa ezagutzen dugun eredua Erdi Aroan eta Europa mendebaldeko nobleziako kideen artean asmatutako hitzarmen batean oinarritzen dela dio Lindellek. Finean, legatua aitortutako seme-alabei zuzentzeko akordioa besterik ez zela uste du.

Bi arrazonamendu eman ditu erromantiko jotzen dugun maitasun hau azaltzekoa. Lehena, magikoa, eta zaku horretan kokatu ditu laranja erdiaren edota printze urdinaren kontzeptuak. Azalpen biologikoaren barruan, aldiz, ugalketarekin hartu-eman zuzena duten argudioak kokatu ditu.

Maitasun askea edota polimaitasuna jarri ditu arbelaren beste erpinean. Elkarren arteko akordio batean oinarritutako harreman hauek definizio eta forma anitz hartu ditzaketela aipatu zuen. Bikotez kanpoko harremanetatik hasi eta komunaraino, adibidez.

Polimaitasuna aukera moduan agertzeari garrantzitsu deritzo Lindellek. Erlazioak modu oso eta askeagoan bizitzea ahalbidetzeaz gainera, sistema astintzeko ahalmena duen harreman eredua dela sinetsita dago-eta: «Jendarte kapitalista eta patriarkalaren zirrikituetatik aldentzeko aukera eskaintzen du, eta ezarri nahi zaigun indibidualismoa uxatzeko ere».

Afektuak beste modu batean kudeatzeko aukera eta esperientziak egon badauden arren, eredu normatibotik aldentzea ez da egiteko erraza. Hala ondorioztatzen du, bederen, Lindellek. Umetatik ikasi ohi dugu maitasun erromantikoa gurea ez den sexuko pertsona bakarrera mugatzen dela. Hala programatzen gaituzte. Eta harremanekin hasteko unean kaxoi horretan sartzea da ohikoena. Ados agertu ziren entzuleak eta Disneyren biktimak garela esatera iritsi zen bat baino gehiago: «Umetatik edoskitzen duguna da, ipuinetan, filmetan...».

Bizitzaren erdigunean kokatzen da gizon eta emakumearen arteko bikote harremana. Mitifikatutako harreman hau jendartea antolatzeko modu naturaltzat jotzen da, eta hortik ateratzen denak garesti ordaintzen du.

Hausnartuz, ebakiz, eztabaidatuz, itsatsiz, galdetuz edota koloreztatuz harreman sexu afektiboen premia eta beharrak mahai gainean jarri zituzten parte hartzaileek. Collageren bidez norberaren beldurrak eta teoriatik praktikara salto egiteko argudioak agertu zituzten.

Kontraesanak landu. Horixe da urratsak eman aurretik gainditu beharreko langa gogorrena. Gure burua maitatzeari eta norberaren autoestimua lantzeari ere garrantzia eman zioten. Finean, gu izango baikara, nahita edo nahigabe bizitza osoan zehar, gure buruarekin egongo den pertsona bakarra. Iruditegi kolektiboan gizon eta emakumearen arteko bikote harremana gainditu eta eredu ezberdinei lekua egitearen alde agertu ziren.

«Hiri jendetsuetan norberak sentitzen duen bakartasun beldurgarriak gidatzen gaitu gure ametsetako pare-pareko laguna gurea ez den sexuan bilatzera» Aleksandra Kollontairen hitzak dira horiek. Eta esaldi horrekin agurtu zituen maitasunaren inguruko hitzaldira hurbildutakoak.