Ramon Sola
asteari zeharka begira

Gernikatik hona, bide motza du gezurrak

Apirilaren 26a, gaurkoa, egunik egokiena da Euskal Herriaren etsaien jokabidea islatzeko. Urte mordoa pasa arren (77), oraindik ikara eragiten du Gernikako sarraskiaren lekukotasunak irakurtzeak. Eta guztiz harrigarria da George L. Steer kazetariak “The Times’’ egunkarirako egin zuen kontakizunak oraindik ere egun duen indarra. Egiaren indarra. Historian zehar euskaldunok bataila asko galdu ditugula esan ohi da, baina ez dira gutxiago izan gure aurka asmatu diren eta gainditu behar izan ditugun gezurrak, gezur izugarriak.

Gernika gernikarrek erre zutela adierazi zuen 1937an Francok bere kuartel nagusitik, baina gezurrak ibilbide motza du (oraindik motzagoa gaur egun, egia zabaltzeko moduak biderkatu diren neurrian eta mundua txikiagotu zaigun heinean). Ez zen sare sozialik ez telebistarik, ez eta inprentarik ere, errege godo bakoitzari buruz «domuit vascones» («euskaldunak menpean hartu ditu») esaten zenean, beti gezurretan. Gerora, 1512an nafarrek Gaztelako Armada esker onez hartu zutela aireratu zen, Noainen hildako 5.000 soldaduen arrastoa hain errez ezabatu ahal izango balitz bezala. Eta oraindaino segi genezake. Ez al da guk geuk sekulan entzun dugun gezurrik izugarriena 2004ko martxoaren 11n Gobernu espainolak euskaldunen aurka asmatutakoa?

Kontakizunaren (errelatoaren) bataila, beraz, ez da gaurkoa. Behin eta berriro piztu dute fronte hori Euskal Herriaren etsaiek, baina benetako batailetan ez bezala, gehienetan galdu egin dutela begien bistakoa da. Esapide ezaguna bezain egokia da hauxe: pertsona bakar bat denbora luzez engaina dezakezu, edota pertsona asko epe motz batez, baina ezinezkoa da guztiak betiko engainatzea. ETA polizialki garaitua izan zela eta ezker abertzalearen aldaketa hortik etorri zela, ahuldadetik hain zuzen ere, da egungo gezurra, guztiok (guk eta haiek) ondo dakigunez. Arazoa ez da soilik hitzetara mugatzen, tamalez. Gezur guztiek beren froga behar dutenez, egon ez den garaipen horren seinaleak pilatzen dituzte: epaiketa eta kartzelatze politikoei eutsiz, aske egon beharko liratekeen preso guztiak giltzapean mantenduz, kaleratzean jasotzen dituzten harrerak ezkutatuz…

Horretara jokatzen duena, errealitate paraleloa irudikatzera alegia, bere ahulezia ezkutatu nahian dabilela ukaezina da. Ondorioz, hasiera batean lasaitasun puntu batez hartu izan da 2011ko urritik aurrera, Goebbels beraren irakasgaiari jarraituz, behin eta berriz errepikatu duten mantra. Baina denbora pasa ahala, eta konponbide prozesua trabaturik delarik, kontakizunaren bataila hau hainbat sektorerengan eragin psikologikoa izaten ari dela agertzen hasi da. Eta eragina handiagoa da, logikoa denez, Euskal Herriko kaleetatik urrun egoteagatik informazioa eta sentsazioak jasotzera bataila honetan eragile zuzen diren hedabideetara jo beharra duen edonorengan. Ondorioz, kontakizunaren batailak gerra psikologikoaren funtzioa ere hartu du, eta hasieran etsaiaren arazoa baino ez zena arazo propio bilakatzeko arriskua ere izan daiteke.

Kontakizunaren bataila baztertu, orduan? Inolaz ere ez, egia, egia osoa, konponbidearen ezinbesteko osagarria baita. Baina lasaitasunez eta neurriz jokatzea komeni da, garaitu/garaileen eskeman tematu gabe, etsaiek fronte hori zergatik eta zertarako lehenesten duten argi ulertuta. Epikarako joera oso sustraiturik dago Euskal Herrian –bere historiak hala agintzen du–, baina epika askotan ez da politikarekin ondo uztartzen. Hurrengo urteotan zirt edo zart egin beharko du herri honek, burujabe ala menpeko izan erabaki beharko du, eta politikak erabakiko du; politika zirraragarri eta iraultzailea, ez epikoa. Eta gainera, ba al da hain inperio handi (eta gezurti) izandako Espainia eta Frantziaren aurka askatasuna lortzea baino gauza epikoagorik? •