Nagore Amondarain
Hezkuntza teknikaria

Mugan bizi, bizi!

Badira hamahiru urte izen eta abizen horiek ikusten ez nituela eta bat-batean, sare sozialetan lagun eskaera batekin egiten dut topo, izen eta abizen berekin. Onartu egin dut nire lagunartean aspaldi ikasle izan nuen mutiko hura. Lapuebla de Labarcako Assa ikastolan izan nuen ikasle, baina, harrezkero, ezer gutxi jakin izan dut bere inguruan, 15 urte zituela utzi baitzuen ikastola, ikasturte erdian, egun batetik bestera. Lau paretetan gertatzen zen hark ez omen zuen asetzen; aldiz, musika zen bere orduko pasioa, gitarra jole amorratua zen, horixe gordetzen nuen oroimenean.

Harriduraz hartu ninduen, lagun eskaera onartzerakoan, bidali zidan mezuak. Gazteleraz zen mezua, eta, bide batez, barkamena eskatzen zidan euskaraz ez idazteagatik. Eskerrak emateko idazten zidala; lagun eskaera onartzeagatik, eta, bidez batez, ikastola utzi zuen egunean oparitu nion liburuagatik. Azken horrek despistatu egin ninduen, ez bainuen nik horrelakorik gogoan, eta zera idatzi nion: «Uste dut konfunditu egin zarela irakaslez». Ezetz berak, neu nintzela liburua oparitu ziona. Eta zein liburu zen galdetu nion orduan, nire memoria argitzearren edo. Berak, «‘Ametz’, Iker Yurrebasorena». Bai, bai, bai… hori neu nintzen, Arratiako lagun baten liburua baita hori. Eta orduan, Ebro inguruko lanbroa argitzen hasi zitzaidan. Eta, galdetu nion, ea nola oroitzen zituen hain ondo izenburua eta idazlearen izena: «Eske, beti dut hemen, nirekin liburua».

Eskerrak ematearekin batera honakoa zioen mezuak: «Eskerrik asko, ume bat zarela ez baitzara ohartzen horrelako opariek duten zentzuaz, baina, orain, nagusitan, asko eskertzen dut». Nire galderei erantzunez, inongo arazo barik, euskaraz ari zen idazten Eltziegoko gaztea, 15 urterekin ikastola utzi arren, erraz eta oso txukun. Galdera egiten diot nire buruari, ikastola utzita, Arabako Errioxan bizi den gazteak, noiz, zenbatetan eta non erabili ote duen euskara ordutik hona.

Surrealismoz beteriko narrazio zoro bat oparitu nion 15 urte zituen mutikoari, orain ohartzen naiz. Eta badirudi esanguratsua izan zela kontakizuna, bizitzaren absurdoaren aurrean, amets egitera baitarama liburuak.

1993ko Euskal Eskolaren Legeari aurre egin zion ikastolan eman da gertakari hau, Assa ikastolan. Sare publikora pasatzeari uko egin eta egoera negargarrian geratu arren, aurrera egin zuten ikastolak eta «Araba euskaldun» leloak. Legearen prozesu traumatikoak unibertsitate bitarteko ikasketak euskaraz egitea oztopatu nahi zuen Arabako Errioxan, baina eskualdearen talde lanari esker lortu zuten irautea eta arnasa ematea Errioxari. Egoera zail horretan, gainera, 1994an ordura arteko Araba Euskaraz jairik indartsuena antolatzera iritsi ziren, Hertzainak taldeak onduriko “Hor konpon, ze arraio! Mugaraino goaz” abestiarekin. Egoera absurdoaren aurrean, amets eginez aurrera ateratzea lortu zuten. Udaletxearen atzeko balkoiaren azpian dute Ebro ibaia, eta, bestaldean, metro gutxira Fuenmayor, Espainia.

Ikastola horretatik birika askok arnastu dute euskalduntasuna Arabako Errioxan. Hizkuntzatik harago noa, identitate batetik abiatzen baita muga hartan lana. Ahoan darabiltena baino, barrutik atera nahi duten horri erreparatzen hasten da lana. Nongo eta zeren parte izan nahi duten aldarrikatuko dute, hamar urte beranduago, Araba Euskaraz jaian berriz ere. Bertan, mugan, ekainaren 15ean. •