Mikel Zubimendi
asteari zeharka begira

Eztabaida ekonomikoa ez da ñabardura kontu bat

Euskal Herriko ekonomia gainbehera kezkagarrian dagoela gauza jakina da. Eta horretan bat datoz, ñabardurak ñabardura, politikari, sindikalista eta enpresaburu andana. «Putzu sakona», «gizartearen ehunak apurka-apurka jaten dituen eritasun kronikoa», «politikaren porrotaren ebidentzia»... Guztiz justifikatutako balorazio ezkorrak ez dira falta. Eta herri bezala soluzio berriak entseatzeko ezina ere ikusten ari da, jendearen etsipena, dagoena eta datorrena fatalismoz onartzea beste erremediorik ez dagoen mamua.


Langabezia datuak oso latzak dira, lan merkatutik langabeziara edo erretirora igarotzen direnen eta lan merkatura sartzen direnen kopuruak alderatuta tartea gero eta zabalagoa da, euskal biztanleriaren piramidea alderantzikatzen ari da, industria ez da dinamizatzen, finantziaziorik ez dago; adierazle guztiek diote ezberdina den apustu baten alde egin behar dela. Herri ezberdin bat bagara, apustu ezberdin bat behar dugu, orain arteko politikekin ezin delako emaitza ezberdinik espero.


Ebidentzia guztien aurka, baina, politika berberetan tematzen direnak ez dira falta. Errezeta neoliberala erlijio bilakatu eta eztabaida ekonomikoa ñabardura txikien auzi batera mugatzea nahi dute. EAJko buru izatetik Repsol konpainiako bigarren izatera pasatzea, ezagutza publikoari eta mintzakidetza sozialari bizkar emanda Kutxabank espekulazio funtsen esku uztea edota zerga politika justuagoak kapitalen ihesa dakarrela esatea adibide argiak dira noraino dabiltzan lotsagabe erakusteko. Eta horri guztiari, egin daitekeen politika errealista bakarra aipatutakoa dela erantsiko diote; hori edo kaosa beste alternatibarik ez dagoela, pankarta atzean daudenek ez daukatela maila ekonomiaz erabakitzeko, eta abar.


Behin hori esanda, baina, eragin gutxikoa eta ibilbide motzekoa da datuok labainkada alderdikoietarako erabiltzea. Urkulluren Gobernua langabezia errekorrak hausten ari den arren, aurkariaren higadura politiko hutsera mugatzea ez da aski. Jakina atera behar dela Kutxabankeko afera plaza publikora, protesta egin eta arduradun eta onuradunak seinalatuz. Besterik gabe, baina, ez da aski.


Euskal sindikatuen arteko ñabarduren eta elkarren artean dituzten ozpinduren gainetik, bistan da muga nabarmenak dituztela. Ekintzarako katalogoak –sarriegi erantzutera mugatua– nahi eta ezinaren lurralderaino garamatza askotan; alde batetik, aurreikusteko moduko ondorioak dakartzalako, eta, bestetik, txikira eta handira begira taxututako beste ekimen batzuen zerbitzura ez direlako ipintzen sindikatuak. Ekintza sindikalarenak bezala, instituzionalaren mugak ere begi bistakoak dira, eta hala aitortu behar da.


Berrikuntza ezinbestekoa da. Eta hori ezin da bulego sindikal edo politikoen esku utzi, ezta bat-batekotasun herritar mirakulutsu baten esku ere. Protestarekin batera, diskurtso alternatiboa eta indarrean dagoen politika ekonomikoaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen praxia behar dira. Eta Euskal Herrian horretarako badugu abiapuntu aski interesagarria. Ezkerreko indar politiko bat instituzioetan eta sindikatu borrokalariak. Aski ez, baina asko da hori. Eta berrikuntzari oratzeko helduleku polita da. Behetik gora erresistentzia eta autogestio alternatiborako ereduak indarrean jartzeko kultura politikoa badago, eta, goitik, erlijio neoliberalaren mandamenduak onartuko ez dituen bide berria urratzeko hitzarmenerako irekia den erantzun zehatz bat jorra daiteke. Ibarretxek ordezkatzen duen humanismo edo «ongizatearen euskal subiranismoarekin» bat egiteko arazorik izango ez luketen euskal sozialismoaren sektoreak erakartzeko anbizioa izan behar da, Confebaskek ordezkatzen ez dituen euskal enpresaburu txiki eta ertain pila, kooperatibismoa eta jakintza... trinkotzeko.


Hitzarmen berri bat behar da euskal eredu sozial, produktibo, fiskal eta finantzarioa taxutzeko. Hortik etorriko da Euskal Herrian dauden enpresa esperientzia, lan kultura eta erresistentziarako ahalmena bilduta, gauden lekutik merezi dugun lekura abiatzeko aukera. Ñabarduretan kateatzeke, maiuskulazko benetako politika baten inguruan herri hau berriz trinkotzeko, energia sozialak askatuz ekonomia berri bat eraikitzen joateko parada. •