Sortutakoa saltzen ikasteko «Elevator Pitch» teknika irakatsi diete profesionalei
Kultura eta emozioa dira, besteak beste, arte eszenikoetako konpainiek eskaintzen dutena. Hori bai, sortzeaz gain, euren sormenak produktu gisa saltzen jakitea ezinbesteko zaie konpainiei. Hala dio Mike Ribalta produktoreak. Aste honetan Leioan izan da profesionalei «Elevator Pitch» salmenta teknika entzutetsua irakasten.

Azken produktuaren kalitatea oinarri-oinarrizkoa da arrakasta izateko, baina horrekin bakarrik ez da arrakastarik lortzen. Hala azaldu du Mike Ribalta produktore, produktu-kudeatzaile eta Fira Tarregako kale antzerkiko jaialdiko Nazioarteko Hedapeneko buruak. Aste honetan Leioan izan da, Umore Azokaren baitako ekimen batean, konpainietako saltzaileei bide horretan baliabide eta tresnak emateko.
Ribaltak Elevator Pitch teknika entzutetsuaren abantailak nabarmendu ditu –igogailuak helmugara iritsi bitartean xahutzen duen denbora laburrera mugatzen den mezua da oinarria–: «Teknika hau eta antzeko beste batzuk diskurtsoaren antolaketan oinarritzen dira. Izan ere, denbora mugatua izateak hiztuna lehentasunak ezarri eta ideiak antolatzera behartzen du». Horregatik dio teknika hau oso lagungarria dela edozein gauza saltzeko, izan produktu bat, izan norberaren balioa... Kultur arloko produktu eta ekoizpenak saltzeko ere gero eta gehiago baliatzen direla horrelako baliabideak adierazi du, nahiz eta oraindik orain konpainiek alor honetan hutsunea dutela onartu: «Konpainiei kosta egiten zaigu onartzea azken batean saldu behar den produktu bat egiten dugula eta azokak saltzeko tokiak direla, nahiz eta saltzen ari garen hori emozioa, kultura... izan». Horregatik, konpainiak euren produktuak saltzeko prestatzea ezinbestekoa dela uste du, «are gehiago eskaintza eskaria baino handiagoa den garaiotan».
Mike Ribaltak eskaintzen dituen tailerretan, besteak beste, konpainia baten lana saldu nahi duen pertsonak telefono deiak nola egin behar dituen lantzen da. «Saltzaileak, besteak beste, programatzailea nekatzen ari dela konturatzeko enpatia izan behar du; programatzailearen arreta erakartzeko gai ez bada, ondoren ere izango duela bere produktua formatu desberdinetan erakutsi eta azaltzeko denbora ulertu behar du», dio.
Arrakastaren gakoa, Ribaltaren esanetan, «zehatza izatea eta diskurtsoa antolatzea» da, bai eta esan beharreko datu guztiak diskurtsoan txertatzea ere: «Ez da hitzik soberan egon behar, baina ideia garrantzitsurik ere ezin da falta», nabarmendu du. Bide horretan, parean jartzen denaren arreta erakartzeko gomendio gisa honakoa aipatu du: esaldi laburrak erabiltzea komenigarria da, mezua zuzenago iristeko.
«Emozioa duen diskurtsoa osatu behar da, azken batean produktua saldu egin behar da eta; zaila den arren, produktuarekin gehiegi lotzea ere ez da ona», aipatu du, ordea. «Sortzaileak azken batean bere ‘umetxoa’ sortzen du eta munduko hoberena dela uste du. Baina gerta daiteke ‘umetxoa’ saltzera zoazenean gustuko ez duela esaten dizun norbaitekin topo egitea, eta horretarako ere prest egon behar da», aitortu du.
Mota honetako tailerrek gero eta arrakasta handiagoa dutela aipatu du Ribaltak, besteak beste, arte eszenikoetako konpainiek «profesionalizazioaren bidea» hartzen dutelako gero eta gehiago, eta, ondorioz, «euren lanari puntu gehigarri bat emateko beharra» sentitzen dutelako. Lehiakorrak izatea oinarrizkoa da, baina hori baino gehiago «lehiatzen jakin» behar da. «Sektorea oso txikia denez, lehia baino, kolaborazioa sustatu behar da. Lehian muga batzuk daude eta hori ere azaltzen dut ikastaroetan», nabarmendu du, bizi ditugun egunotan elkarlana are eta garrantzitsuagoa dela gogora ekarrita: «Konpainiek beharrezkoa dugu elkarlana, batik bat merkatu bat elkarbanatzen dugula jakinda».
Saltzailea hezten saiatzen da bera, programatzaileak heztea ere behar-beharrezkoa dela uste du, ordea, Ribaltak: «Saltzailea abiatu da jada profesionalizazioaren bidetik, baina erosleak ere bide bera hartu beharko du baldin eta merkatua handitzea nahi bada».

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
