Ander Izagirre
Kazetaria
komunikazioa

Ez da isilik egoteko garaia

Jineth Bedoya kazetariak bere larruan pairatu du Kolonbiako bortxakeria.
Jineth Bedoya kazetariak bere larruan pairatu du Kolonbiako bortxakeria.

Aukeratu behar nuen: biktima izan ala kazetaria izan. Eta kazetari izatea erabaki nuen», dio Jineth Bedoyak, 39 urte, “El Tiempo” egunkari kolonbiarreko zuzendariordeak. Bederatzi urtez isilik egon eta gero, 2009an bere historia jendaurrean azaltzea erabaki zuen. Kolonbiako telebista saiorik ikusienean agertu zen eta bere kontakizun gordinak hotzikarak eragin zituen herrialde osoan.

Hauteskundeak dira bihar Kolonbian. Gobernua eta gerrilla elkarrizketa-mahaian eserita daude, Habanan, eta bakearen itxaropena inoiz baino sendoagoa da. Baina putzu oso ilunak daude Kolonbian eta horiei buruz etengabe hitz egin behar dela dio Bedoyak. Adibidez: emakumeen kontrako bortxa sexuala gerra estrategia bat da, alde guztiek nahita erabili dutena, modu sistematikoan, buruzagiak diren edo ahotsa altxa duten emakumeak zigortzeko. Eta krimen isilena da: 2001 eta 2009 artean soilik, milioi erdi emakumek jasan dute bortxa hori gatazkaren barnean, eta zigorgabetasuna ia erabatekoa da. Ez dago ia salaketarik, ezta zigorrik ere, jakina.

2000ko maiatzaren 25ean, Bedoya 26 urteko kazetari bat zen eta ikerketa arriskutsu batean zebilen: talde paramilitarren eta Estatuko agenteen arteko arma trafikoaren frogak biltzen ari zen. Egun hartan La Modelo kartzelara joan zen, bertan espetxeratutako buruzagi paramilitar batek elkarrizketa bat agindu ziolako. Beste kazetari batekin eta argazkilariarekin azaldu zen Bedoya, baina espetxera sartzeko paperak betetzen ari zela, beste bulego baterantz eraman zuten eta orduan hiru gizon armatuk bahitu eta auto batean eraman zuten. Hamasei orduz bortxatu eta torturatu ostean, zabortegi batera bota zuten.

Bedoyari bizitza apurtu egin zioten. Kalte fisiko eta mental oso larriak jasan zituen. Baina etxetik ateratzeko arrazoi bati heldu zion azkenean: kazetaritza. Ikerketa lanei ekin zien berriz ere, eta 2003ko abuztuan berriz bahitu zuten, FARC taldeak kasu honetan, gerrillak herri bateko biztanleak kokaina ekoiztera behartzen zituela kontatzen ari zelako. Baina ez zuen bere historia osoaren berri eman 2009 arte. Orduan Oxfam-Intermon erakundeak “Atera nire gorpua gerratik” kanpaina antolatu zuen Kolonbian eta Bedoyari iruditu zitzaion bere kasua azaldu behar zuela: «Emakumeen aurkako bortxa izugarria da eta inork ez zuen sekula aipatzen. Horregatik erabaki nuen nire historia zabaldu behar nuela».

Ordutik aurrera, Bedoyak lana bikoiztu egin zuen. Batetik, kazetaritza zorrotza egiten jarraitu zuen. FARC gerrillako buruzagiei buruzko liburu eta erreportajeak kaleratu ditu, umeen prostituzioa antolatzen duten talde paramilitarrei buruzkoak, narkotrafikatzaileei buruzkoak… Presio astunak eta mehatxuak egiten dizkiote; eta ikerketekin zirikatu dituen alkate, fiskal eta ministroekin eztabaida eta liskar latzak izan ditu. Ez da kikiltzen. Bestetik, “Ez da isiltzeko garaia” lelopean kanpainak antolatu ditu (Twitterren jarraitzeko: #NoEsHoraDeCallar, @jbedoyalima). Kolonbiako futbolari ezagunenak konbentzitu zituen, zelaietan bortxakeria matxistaren aurkako mezuak zabaltzeko; kontzertuak eta jaialdiak antolatu zituen, baita kazetarientzako mintegi bereziak ere, bortxakeria matxista horren biktimei buruzko trataera oker eta bidegabeak zalantzan jartzen hasteko.

Jineth Bedoyak hiru edo lau ordu egiten du lo egunero. Osasun arazoak dauzka etengabe. Heriotza mehatxuak jasotzen ditu. Nazioarteko sariak ere ematen dizkiote baina atzerriko unibertsitateetan urte bat edo bi pasatzeko gonbidapenei ezetz esaten die. Nahiago du Kolonbian tiro batez hil, esaten du, Europako hotel batean depresio batek jota baino.

Jineth Bedoya emakume txikia da, argala, irribarre hauskorrekoa. Bogotako jatetxe batetik irteten da eta zain dauzka bi auto blindatu eta bost bizkartzain.

«Badakit dramatikoa ematen duela», esaten du, ahots leunez eta granitozko irmotasunez, «baina denboraren kontrako lasterketa batean ari naizela iruditzen zait. Ez dakit noiz arte utziko didaten bizitzen. Horregatik egiten ditut hainbeste gauza batera, horregatik ez daukat bizitza pertsonalik, gelditzen zaidan denbora guztia lanerako behar dudalako». •

www.anderiza.com