30/05/2014

Garazi Goia
Emazteak eta sekuentziak

Bat. Hadley Richardson. Lehenengo emaztea. Hemingwayren lehenengo liburua izan behar zena Parisko Gare de Lyon geltokian galdu zuen. Edo, han desagertu zen, Hadleyren zaintzapean zegoen maleta hartan. Erru sentsazio hura barrenean eramango zuen ordutik aurrera Hadleyk. Antibesera zihoazen oporraldi bat pasatzera Hadley eta Hemingway. F. Scott Fitzgeralden etxera. Baita Fife ere. Orduan Hemingwayren maitalea zena. Itsasora igeri egitera joaten zirenean, ur azpian segundo batzuetarako desagertzeko ere jelosiak oztopatzen zuen Hadley. Lehorrean beste bien artean zer gertatuko ote zen beldurrak gain hartzen zuen. Parisko etxean hasi zen hiruren arteko harreman berezia. Hadley gaixo zegoenean Fifek zaintzen zuen, Hemingway eta Hadleyren semearekin jolasten zuen, afalosteko elkarrizketa luzeetan hirurak egoten ziren. Non zegoen arrastoa, okerra eta zuzena bereizten zituen arrasto hura? Ez zegoen arrastorik. Hirurek zekiten ez zegoela arrastorik.

Bi. Pauline Fife Pfeiffer. Bigarren emaztea. Hiru hilabete eman zizkion Hadleyk Hemingwayri bera edo Fiferen artean bat aukeratzeko. Fife aukeratu zuen azkenean. Hiru izatetik bi izatera pasatu ziren. Parisko bizitza soiletik Floridan Key Westeko eguneroko erosora joanez. Imajinatu egoera hau: Fife zain dago, etxean, Hemingway Espainiako Gerra Zibiletik itzultzeko zain. Zain dagoen bitartean, telefonoz deitzen dio Hadleyri; gizon berdina partekatu dute bizitzako une ezberdinetan eta lagun minak bihurtu dira. Hirugarren emaztea bihurtuko zena azaltzen da eszenan garai horretan. Baita Fife eta Martharen arteko elkarrizketan ere. Finean, biak egon dira egoera berdinean, hirugarren bat azaltzen den egoera horretan. Affaire itsu batean kateatuta. Beste gehienok ausartuko ez ginen naturaltasun deseroso batekin. Hemingway Espainiatik itzuli osteko egunean, Martharen eskutitzak deskubritu zituen Fifek. Zein dramatikoa.

Autoa hartu eta auzoko elizara joan zen, Jainkoari galdetzera ea hura al zen bere zigorra, urte batzuk aurrerago Hadleyri egin zionagatik. Ondoren, festa hura antolatu zuten, etxean. Maskarak jantzita zeuzkaten denek. Abeslaria hunkitu egin zen abesten ari zen bitartean, negarra atera zitzaion, melodia haiek azaleratzean. Fife ere negarrez hasi zen. Requiem bat zirudien. Martha festa hartan zegoen. Hemingway betiko galdu zuela konturatu zen unea izan zen hura Fiferentzat.

Hiru. Martha Gellhorn. Hirugarren emaztea. Martharen aita Hadleyren ginekologoa izan zen, urte batzuk aurrerago. Kasualitatea. Hori baino freudiarragoa den egoera bat irudikatzea ezinezkoa dela iruditzen zait. Espainiako gerra zibilari buruz erreportajeak egiten zituen Hemingwayrekin batera Marthak. Hoteletako logelak partekatu zituzten biek, Fife etxean zain zegoen bitartean. Liburuei buruzko iritziak trukatzeko asmoak elkartu zituen. Hemingway “euskal fraka motzak” jantzita zegoen egun batean (basque shorts antza). Marthak ez zuen ezkondu nahi; bere ustez ezkontza tenisean ibili eta koktelak hartuz arratsaldeak pasatu nahi zituztenentzat diseinatua zegoela esaten zion Hemingwayri. Gerrako kazetaria izan zen. Baina Hemingwayk konbentzitu egin zuen, hirugarren ezkontza izango zela zorionekoa esanez. Habanan eman zuten denbora gehiena.

Lau. Mary Welsh. Laugarren emaztea. Maryk irakurri zituen Hemingwayk gordetako eskutitz eta zirriborro guztiak. Maryk eman zien Hemingwayren heriotzaren berri denei. Emazte ohiei ere bai.

Denek bazekiten infernuan leku berezi bat zegoela haiek bezalako emakumeentzat, horrelako gauzak beste emakume bati egiteagatik. Hori Fifek esana da. Hiru pertsonako ezkontza bat emakume bat bakarrik egotea baino hobeagoa da. Hori zen teoria.

Sekuentzia interesgarria. Istorioa korapilatsuak.

Zer gertatuko zen Hadleyk maleta hura Gare de Lyonen galdu izan ez balu? Hemingwayren bizitzak emakume sekuentzia berbera izango ote zuen?

Banekien istorioaren amaiera zein zen, baina, hala ere, haren bizitzaz eta emakumeez irakurtzea ariketa betegarria izan da. Hemen kontatutakok Naomi Wooden “Mrs Hemingway” izeneko liburu zoragarritik ateratakoak dira. •