30/05/2014

Indiako lehen ministro berriak aberatsak gehiago aberastu eta gutxiengoak zein giza mugimenduak egurtuko ditu
Jose Angel Oria
India
Lehen ministro berriak aberatsak gehiago aberastu eta gutxiengoak zein giza mugimenduak egurtuko ditu

Narendra Modi Indiako hamabosgarren lehen ministroa da astelehenaz geroztik. Konstituzioa zin egin zuen Asiako hegoaldeko beste agintari ugari ondoan zituela. Telebistak eskaini zuen ekitaldian esku hartu zuen Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroak berak ere, hedabide gehienek nabarmendu dutenez. Egun berean, lehen ministroaren webgune berria aurkeztu zuten. «Garapena, gobernamendu ona eta egonkor- tasuna» agindu zituen Modik sareko tresna berrian. «Elkarrekin etorkizun loriagarria idatziko dugu Indiarentzat. Inor baztertzen ez duen India indartsu eta garatu batekin egin dezagun amets», proposatu zien herritarrei agintariak.

Pakistan betiko etsaiak bidalitako ordezkariak izan ziren New Delhiko ekitaldian, sekulako segurtasun neurrien artean, hori bai. Baina begiraleek nabarmendu dute AEBek ez zutela ordezkaririk bidali, bi herrialdeen arteko harremanak onak badira ere, Washingtonek ez baitu politikari hinduistaren ondoan agertu nahi, ez omen dio konfiantza gehiegirik eman nahi.

Goi mailako agintarien hitzak alde batera utzi eta egoera behetik eta ezkerretik aztertzen duten analistek diotenari erreparatuz gero, indiarrei aro gogorra datorkiela ondorioztatu behar dugu. Baita gainerako gizakioi ere, India handiegia baita gaur egun; mundu osoan du eragina, onerako zein txarrerako, dagoeneko 1.210 milioi biztanle baino gehiago dituen herrialdeak.

Politika ekonomiko bera

Alejandro Nadalek “La Jornada” egunkarian gogorarazi duenez, BJP Bharatiya Janata alderdiak 1998tik 2004ra izan zuen agintea Indian eta urte haietan egin zuen herrialdeak biraketa neoliberalismorantz. Beraz, agintari berrien politika ekonomikoa eta orain joan berri diren Kongresuko Alderdikoena berbera da. «Merkatu askearen bertuteak goraipatzen dituzte bi alderdiek, nahiago dituzte korporazio handiak (Indiakoak zein atzerrikoak), pribatizazioak, gastu publikoaren murrizketak, gastu sozialaren beherakadak... Beraien lehentasuna kapital finantzarioa izango da beti», esplikatzen du, faktore kezkagarri bat erantsi aurretik: «Baina ideologia neoliberalarentzat faktore berri bat proposatzen du BJPk. Bere ikusmoldearen arabera, hindutva indartzea behar-beharrezkoa da barne produktu gordinak gora egin dezan, hau da, hindu bat bereizten duten ezaugarriak indartzea beharrezkoa da. Beraz, Indiako ekonomiak gora egin dezan, orain urte batzuk izan zuen hazkunde ekonomikoa berreskuratu ahal izateko, milioika lagun pobreziatik atera ahal izateko, fundamentalismo hinduista birsortu behar da», Nadalen arabera.

Europan indartzen arin den eskuin muturraren ezaugarri asko ditu BJPk. Europako alderdiek bezala, azken urteotako krisiak herritarren artean eragin duen haserrea oso ondo baliatu du bere posizioa indartzeko Indiako BJPk. Haiek bezala, bere jardueraren eta planteamenduen alde ilunenak, herritarrei atzera egiten dieten horiek, ezkutatu egiten ditu, Indiako kasuan, hedabide nagusien laguntzarekin. Europako eskuin muturreko alderdi batzuek kristautasuna aldarrikatzen badute, Modiren alderdiak hindutva du ahoan. Eta aurkari politikoei eraso egin eta sarraskiak eragiteko gauza direla ederki asko frogatuta dute Indiako agintari berriek. Izan ere, begirale guztiek lotzen dute Modi santu itxurako gizona Gujaraten orain hamabi urte izandako sarraskiarekin: 2.000 hildako eta eraso kopuru zenbatezina, Narendra Modi bera gobernadore zela.

Garbiketa etnikoa

Sarraskia saihesteko ezer egin ez izana leporatu zioten, baita erasoak bultzatu izana ere. 2012an egindako ikerketa berezi batek ondorioztatu zuen ez zegoela gobernadoreari zer leporatu. Baina askok uste dute Modi zipriztintzen zuten frogak desagerrarazi egin zituztela. Esaterako, poliziaburu batzuek eraso beharreko pertsona musulmanen izenak eta helbideak banatu zituzten zenbait herritan, horiek lintxa zitzaten. Analista batek baino gehiagok uste du Modi eta bere laguntzaileak garbiketa etnikoko prozesu bat abian jartzen saiatu zirela. Gertaera eta susmo horiek leudeke orain estatubatuar agintarien jarreraren atzean.

Egoera behetik eta ezkerretik aztertzen duten analisten artean dago Kavita Krisnan AIPWA Indiako Emakume Aurrerakoien Elkarteko idazkaria ere. Bera Liberation Indiako Alderdi Komunista Marxista Leninistako zuzendaritzako kideetako bat da: milioi bat boto lortu zituzten, baina eserlekurik gabe geratu dira. Berak herrialdeko egoera aztertuz idatzitako testu bat eskaini zuen GAUR8k iazko urtarrilean, 23 urteko neska batek jasandako talde bortxaketaren aurkako mobilizazioek India goitik behera astindu zutenean. Orain, herrialde osoa hauteskunde kanpainan zeharkatu ondoren, Australiako Links.org.au webguneko Peter Boyleri BJPkoen garaipenak ezkerrari ekarriko dizkion ondorioak azaldu dizkio.

«Modik ilargia agindu zuen»

Krisnanen iritziz, «Kongresuaren Alderdiko erregimenaren» aurkako haserrea oso handia zen herrialdean, batez ere pobreen eta gazteen artean, eta «Modik ilargia agindu zien. Gobernu honen inguruko itxaropenak oso handiak dira, eta azken hauteskundeek Parlamentuko oposizioa erabat ahulduta utzi dutenez, kaleak sekulako garrantzia izango du datozen urteetan, mobilizazioen papera erabakigarria izango da».

«Ezkerreko indar iraultzaile demokratikoek Gobernuari exijitu behar diote agindutako guztia betetzeko; hau da, salneurrien igoera, langabezia eta ustelkeria eragiten dituzten politikak aldatzea, nekazaritzaren krisiari eta nekazarien itoaldiari aurre egiteko neurri eraginkorrak onartzea, atzerriko paradisu fiskaletan ezkutatuta dagoen diru beltza herriratzeko neurriak hartzea... Hezkuntza eta osasun eskubideak bermatzeko neurriak ere behar dira. Eta emakumeentzako babesleku seguruak eta bortxaketen aurkako zentroak sortu behar dira».

Aldi berean, hindu ez direnek, gutxiengoek, emakumeek eta beste sektore batzuek erne egon beharko dute, beraien eskubideak murrizteko ahaleginak aurreikusten baititu begirale feministak. «Disidentzia isilarazteko eta sektaren araberako gorrotoa eta indarkeria bultzatzeko ahaleginen aurrean erresistentzia eraginkorra eraiki beharko dugu. Hasiera-hasieratik nabarmendu behar dugu disidentzia, Gobernuaren politikak zalantzan jartzea eta herritarren protesta oinarrizkoak direla edozein demokraziatan. Eta Gobernuak, eskuetan dituen baliabide guztiak erabilita, erantzukizuna hartu behar du bere gain, eta Konstituzioak agintzen dionaren arabera erantzun, langileen, nekazarien eta herritar xumeen eskubideak errespetatuz».

Aberatsak aberastu

Feministak Gobernu berriari eskatzen diona betetzetik oso urruti geratuko dela aurreikus daiteke Modik orain arte egin duen bideari erreparatuz gero. «Gujarat estatuan abian jarritako politikak eredugarritzat aurkeztu ditu Modik, baina bere jarduerarekin lehen ere aberats zirenak gehiago aberastea baino ez du lortu. Eta bere estremismo hinduistak herrialdean bizi diren ia 160 milioi musulmanen artean ezinegona eragiten du», idatzi du “Le Monde Diplomatique” aldizkarian Clea Chakraverty kazetariak.

Modik hain ondo saldu duen Gujarateko «arrakasta ekonomikoa» zergatik gertatu eta nolakoa den azaldu du Chakravertyk. Teorian debekatuta dauden ogibideak bizi-bizirik daudela salatzen du: esaterako, gizakiek espaloian utzitako gorotz-biltzaileak. 1993ko lege batek lanbide hori ofizialki debekatu egin zuen, baina jarduera horretan ari diren 1,3 milioi pertsona daude gaur egungo Indian, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako ikerketa baten arabera. Gorotz-biltzaileen %95 emakumeak dira; guztiak dira dalit edo ukiezinen kastakoak. Ia eskubiderik onartzen ez zaizkien gizakiak izanik, beren komunitateetan ez dute ez medikurik, ez argindarrik, ez edateko moduko urik… Esklabotzaren tankerako fenomenoa da, oso ondo dokumentatuta dagoena: egin izan dira Gujarateko bazterketari buruzko ikerketa zabalak, umeen aurkako gehiegikeriak dokumentatu eta salatu dira, bortxaketak, sexu-jazarpena… Baina agintariek, egoera bere onera ekartzeko neurriak hartu beharrean, kontrako ondorioak atera dituen ikerketa bat ordaindu dute. Horrela, esklaboak lanean jarrita eta hedabideak ondo estututa, lortzen dute arrakastaren irudia plazaratzea.

Sindikatuak ahuldu

Adituek diote hazkunde ekonomikoa diru laguntzen bidez lortzen dela Modiren Gujaraten, eta horregatik egiten duela gora defizit publikoak. Eransten dute petrolioak gero eta pisu handiagoa duela Gujarateko ekonomian; jarduera ekonomikoaren zatirik handiena esportazioei begira egiten dela, bertakoen beharrak alde batera utzita; iraupeneko nekazaritza baztertzen ari dela, industriak beharrezko dituen BT kotoia bezalako gai transgenikoen alde egiteko; ingurumena era larrian kaltetzen dela, eta ezberdintasuna ikaragarria dela. Gainera, garai batean indartsu ziren sindikatuak (ehungintzan batez ere) oso ahulduta daude, gaur egun konpainia handiek inolako gardentasunik ez duten enpresa txikiak kontratatzen baitituzte: prekarietatea nagusi, beraz. Eta protesta mugimenduren bat sortuz gero, dirua ematen zaie langile horien komunitateetako agintariei mobilizazioak zapuztu ditzaten. Edo eskirolak kontratatzen dituzte. Europan bezala, gutxiengo soldataren, ordutegiaren eta ordainsarien inguruko arauak ez dira errespetatzen, betiere konpainia handienen mesedetan. Aldi berean, hinduak ez direnak eta kasta baxuenetako kideak hiri handietatik kanpoko ghettoetara bidali dituzte. Saltoki gune berrietatik pobretuak ez ikustea hobe!

Musulmanen aurka

Gujarateko esperientziak botorik gabe utzi beharko luke Modi, baina guztiz kontrakoa gertatu da. Zergatik? «Azken hamar urteotan agintean egon den Kongresuko Alderdiaren Gobernuaren ezaugarriak ustelkeria, prezioek etengabe gora egitea eta langabezia izan dira. Arazo horiek herritarren artean eragindako haserrean oinarritu da Modiren kanpaina. Garai hobeak eta garapena ekarriko dituela agindu du», dio Kavita Krisnanek. Gainera, kanpainan zehar musulmanen aurkako gorrotoa bultzatzeko makina bat probokazio baliatu dituzte Modiren jarraitzaileek, hindu gehienen botoa, edozein kastakoak izanda ere, erakartzeko asmoarekin, feministak egiten duen irakurketaren arabera.

Modik Gujaraten abian jarritako politikaren ezaugarri nagusiak dira pertsonarenganako kultua, autoritarismoa, errepresioa eta, kasu batzuetan, disidentzia erabat «garbitzea», hilketak behar bezala mozorrotuta. Krisnanek jakinarazi du hauteskundeak irabazi ondoren, BJP alderdiko jarraitzaileak kalera irten zirela, meskitak suntsitu eta musulmanak beldurtzera. Hori da herritarrek agintari berrien aldetik espero dezaketena.

Bestalde, feministak erantsi duenez, Modiren kanpaina ordaintzeko horrenbeste diru jarri duten enpresari handiek lehenbailehen ikusi nahiko dituzte irabaziak, baliabide naturalen eta finantzen kontrola alegia, Gujarat estatuan azken urteotan gertatu moduan.

AEBetako ereduari jarraituz, egungo Indian parlamentari bihurtu ahal izateko gero eta garrantzitsuagoa da oso aberatsa izatea. Krisnanek eskainitako datuen arabera, hauteskundeetan aukeratutako 542 parlamentarietako 131k deklaratu dute 100 milioi errupia (1,23 milioi euro) edo gehiagoko ondarea dutela. Indiako kanpainetan, zenbat eta diru gehiago gastatu, orduan eta jaramon gehiago egiten dizute hedabideek. Hautagai pobreek ez dute inolako oihartzunik lortzen. Gainera, kasta baztertuetako kideak egurtu egiten dituzte botorik eman ez dezaten. Horrelakoa da India, «munduko demokraziarik handiena».

2002ko oldarraldia

2002ko sarraskiek Narendra Modiren karrera politikoan izan duten garrantzia azaldu du Christophe Jaffrelot CNRSko ikerlariak “Le Monde Diplomatique” aldizkarian. BJP alderdian gora egin zuen pixkanaka, idazkari kargura iritsi arte. 2001eko urrian ailegatuko zen Gujarat estatuko presidentetzara. Bere agintaldiak bost hilabete bete gabe zituela, 2002ko otsailaren 27an, tren bati su eman zioten erasotzaile ezezagunek, ekintzaile hindu ugari barruan zirela: 59 hildako. Inolako frogarik ez zuten arren, Modik berak eta bere alderdiko kideek Pakistango talde islamista bati leporatu zioten erasoa. Berehala hasi zen musulmanen aurkako pogroma, hau da, defentsarik gabeko herritarren aurkako lapurreta eta hilketak abiatu ziren. 2.000 hildako gobernuz kanpoko erakunde fidagarrienen arabera; 1.000, datu ofizialek diotenez. Gobernuaren esku hartzea begi bistakoa zen, Poliziak ez baitzuen ezer egin hinduen milizien erasoak geldiarazteko. Beren lana era egokian egiten saiatu ziren poliziak baztertu egin zituzten, eta besteak mailaz igo zituzten.

Sarraskiei esker, estatuko hindu gehienek BJPren aldeko jarrera hartu zuten eta Modik berehala hauteskundeak deitu zituen. «Islamismoaren mehatxua» erabilita, erraz irabazi zituen bozketak. Handik urte batzuetara, pogromoarekin nahastuta zeuden pertsonengandik aldendu egin zen, bere irudia hobetu nahian, baina musulmanen aurkako neurriak hartzen jarraitu zuen. Modi oso trebea da teknologia berriak erabiltzeko garaian: posta elektronikoa, SMS mezuak… Telebista bere onerako erabiltzen ere badaki eta 2007an APCO Worldwide AEBetako harreman publikoetako konpainia kontratatu zuen, hau da, Afrikako eta Asiako makina bat diktadoreri irudia garbitzen nabarmendutako enpresa.

Bazterketa eta pobrezia

Narendra Modik Gujarat estatuan ezarri duen eredu ekonomikoak goiko kastei, eliteei eta hirietako klase ertainei egiten die mesede; horientzat izaten dira politika publiko gehienak. Musulmanak, jatorrizko herriak eta ukiezinak dira eredu horren biktima nagusiak, batez ere nekazaritza eremuetan bizi direnak. Horien artean pobrezia beste sektoreetan baino askoz ere larriagoa izaten da.

Fundamentalismo hinduistak kasta sisteman du oinarria, Alejandro Nadalek esplikatu duenez. Betidanik, sistema horri esker boteretsuenek esplotazioari eta jazarpenari eutsi ahal izan diete. Erlijio kontuetatik abiatuta, ezberdintasuna onartzen da.

Esplotazioaren mozorroa

«Klase esplotazioa estaltzeko mozorrorik onena da kasta sistema», dio adituak. Tamalez, ezkerreko indar askok kasta sistema ezabatzeko helburua ahaztu egin dute, eskuinera egin baitute, botoak erakartzeko ahaleginean. Naike Desquesnes kazetariak idatzi berri duenez, Indiako alderdi komunistetako militante gehienak kasta altuetakoak izaten dira, eta, horren eraginez, kosta egiten zaie sistema hori salatzea.

Modik hauteskundeetan arrakasta izan zezan ezinbestekoa zen hedabideen laguntza. India da gaur egun egunkari gehien saltzen den herrialdea, Txinari berari kendu baitio lehen postua, “The Economist” astekariaren arabera. Datu horrek Indiako kazetaritza indartsu dagoela eman dezake aditzera, baina guztiz kontrakoa gertatzen ari da, Benjamin Fernandez kazetariak gaiaren inguruan egin duen erreportajearen arabera. «Ez gara prentsa enpresa bat, publizitate enpresa bat baizik», esan zion kazetariari Vineet Jain BCCL konpainiako zuzendari eragileak. “The Times of India” egunkaria da aipatu enpresaren hedabideetako bat: bost milioi ale saltzen ditu egunero, mundu osoan ingelesez egiten den beste edozeinek baino gehiago. Publizitatea da lehentasuna, publirreportajeak, ez informazioa. Bide bera hartu dute beste hedabide askok. Europan gertatzen den moduan, gero eta esku gutxiagotan dago egunkarien jabetza. Horrenbestez, begirale askok salatu bezala, aniztasuna kaltetuta suertatzen da, informazioa akziodunen zerbitzura egiten baita.

Bestelako kazetaritzarik ere egiten da Indian. Esaterako, “Tehelka” aldizkariak ustelkeria kasuak utzi ditu agerian eta argitalpenak salatutako ministro batzuk zigortu ere egin dituzte epaileek. Orain irakurleen laguntzak ordaintzen du, bestela itxi egin beharko zuten-eta.