Koldo Sagasti

Keinu antzuak

Soineko zuridun gizon zaharra porlanezko paretara hurbildu da, tirriki-tarraka, esku dardartia azalera hotzaren gainean pausatu, burua makurtu, eta minutu batez kontzentratu egin da, bere super-botereak baliatuz harresi beldurgarria suntsitu nahiko balu bezala. Alferrik. Esfinterren kontrola ia galtzerainoko ahalegina eginagatik, ezerezean gelditu da gizon ustez ahalguztidunaren saiakera; begira zituen milaka fededunen itxaropen antzuak zapuztuta gelditu dira; eta errezoen jomuga zen izaki miragarriaren boterea, kolokan.

Keinuak, hala ere, munduari buelta eman dio. Betleemeko Jaiotzaren Elizako bisitaldian zela, protokoloari ihes egin eta apartheid harresira gerturatu da aita santua, errezatzera, otoitzaren indarraz azpiegitura birrindu nahian-edo, baina mirari saiakera hutsaren hurrengoan gelditu da. Elizako buruaren performanceak Victor Batarseh Betleem bertako alkate ohiak behin kontatutako pasadizoa ekarri dit gogora. Jesukristo ustez jaio zen hiriko alkatea izanik, Batarseh berak orduko aita santuarekin biltzeko aukera izan zuen; Wojtylari apartheid politikaren aurkako keinu eraginkorren bat egin zezan eskatzeko baliatu zuen. Elizako buruak horrelaxe erantzun zion: «Egon lasai, gizona, egingo dut otoitz zuen alde».

Keinuak ongi etorriak badira ere, antzuak dira benetako aldaketak izaki zerutiarren esku uzten badira. Aita santuak, giza eskubideekiko begirunea predikatzen duen leinu bateko buruzagia izanik, dituen milioika jarraitzaileen iritzian eragiteko erantzukizuna dauka. Hitz egin dezala argi, eta jarrera argia har dezala zanpatuen alde. Orduantxe izango dute sinesgarritasuna bere keinuek. Horixe izango da benetako miraria, eta ez Charlton Hestonek Itsaso Gorriko urak banatu zitueneko tankerako antzerki lotsagarria. •