MIKEL OLASAGASTI
Sistema administraria
teknologia

MUGAK

Lanean edozein arazo edo erronkaren aurrean maiz egiten dut galdera bera: nola demontre konpontzen dira beste enpresetan gure arazoak konpondu edo beharrak aurrera eramateko? Pentsatu Google edo Microsoft batean, nola antolatuko dira? Edo Europako entitate publikoetan, nola eramaten dituzte euren IT departamentuak? Egunero, gurpila asmatu beharrean, proiektuak bide egokitik hasi edo hasitakoak ondo bideratzeko ingurura begiratzea garrantzitsua da, asko ikasten baita. Horrela, lanean hastear nengoen proiektu baterako LHC edo Hadroi Talkagailu Handiaren inguruko informazio bila amaitu nuen.

Hau esanda, norbaitek Higgs bosoiaren atzetik edo beste nolabaiteko esperimentu batean buru-belarri nabilela pentsa dezake, baina ez. LHC egitasmoak eta honen sortzaile den CERN elkarteak ekarpen handiak egin dituzte software librearen munduan. LHCk sortutako informazio guztiaren metaketa, zatiketa, banaketa eta azterketa burutzeko mundu osoan banatuta dauden zerbitzarietan egiten da lan eta LHC bera sortu aurretik, mundu mailan inor gutxik zituen erronkak euren kasa konpondu behar izan zituzten.

LHC eta CERN elkartearen informazio bila, milaka webgunetan irakurri dut Sir Tim Berners-Lee zientzialariak, 1989. urtean, CERNen lanean zela, WWW sistema sortu zuela HTML lengoaiaren eskutik. Eskura zituen teknologiak hartuta eta ikertzaileen beharrei irtenbidea eman nahian, lehen webgunea sortu zuen. Hau hasiera besterik ez zen izan. Ondoren, denok ikusi dugu WWW sarea eta HTML teknologia zertan bilakatu diren.

Jada 25 urte pasa dira ordudanik eta guretzat Internetek eta WWW sareak aldaketa izugarriak izan dituzte. Hasi gaur egun ditugun gailuetatik eta orain urte batzuk genituen konexio eskasekin jarraituz. Gogoan dut oraindik etxean 2001ean ADSL teknologia jarri genueneko iraultza. Baina dena beti aurrera doala irudi dezakeen arren, bada atzera egin nahi duenik ere. Internet neutraltasunean oinarrituta eraikia izan da, telekomunikazio konpainien arteko trafiko banaketa beti lehentasun berdintasuna jarraituz burutzen dela alegia. Horri esker, erabiltzaileok ez dugu ezer berezirik egin behar webgune batera konektatzeko, eta, berez, ez luke axola beharko zein konpainia hornitzaile daukagun. Baina bada, etekin ekonomikoak lortu nahian, berdintasun hori amaitu nahi duenik, hau da, kalitatezko konexioa izan nahiko bagenu gehigarri bat ordaindu beharra.

Arazorik handiena AEBetan dago eta Netflix pelikulak eta telesailak on line ikusteko plataformaren arrakasta da arrazoi nagusia. Erabilera handieneko orduetan Netflix plataformak AEBetako Interneteko trafikoaren ia-ia %50 darabil. Hori ikusita, telekomunikazio hornitzaileek erabiltzaileei estra bat kobratu nahi diete kalitatezko abiadura bermatzeko, eta, bide batez, oinarrizkoa den neutraltasuna pikutara bidaltzeko. Netflix da kaltetuena, baina Youtube edo Spotify bezalako zerbitzuak ere jo puntuan daude. Eta ez dezagun ahaztu kontsumitzen dugun Internet gehiena AEBetatik datorrela, eta, beraz, gu geu ere, modu batean edo bestean, kaltetuak izan gaitezkeela.

Gurean ere bada honi etekina atera nahi dionik; Google tasa deitzen dute. Izan ere, Google berak, Youtube bezalako zerbitzuak eskaintzeagatik, erabiltzaileak ordaindu beharrean konpainiak ordaintzea nahi du. Hilero ordaintzen dena nonbait ez da nahikoa eta gehiago nahi dute.

Hala ere, esan beharra dago, gure inguruko neutraltasuna, mugikorrak direla-eta, aspaldi joan zela pikutara. Zer demontrek mugatzen du 100, 250 edo 1.000 megara abiadura bateko edo besteko konexioa? Azpiegitura hor dago eta teknologia badabil, beraz, zergatik muga horiek? Baina hori gutxi balitz IP bidezko deiak mugatzea edo gure konexioa beste gailuren batekin elkarbanatzea ere galarazita izan dezakegu. Internet irekia inoiz baino beharrezkoa den garaiotan, zergatik jarri horrelako mugak? •