MIKEL ZUBIMENDI
asteari zeharka begira

Ondo eta pozik, baina paparra puzteke

Europako hauteskundeen ajeak Euskal Herrian poz puska batzuk eta burukomin handi batzuk utzi ditu. Emaitzek utzitako argazkia trazu potoloan marrazten bada, indar abertzaleek erronkari ondo eutsi diotela eta gora begira daudela ikus daiteke, eta, unionistak, berriz, gainbeheran daudela porrot gogorra jaso ostean. Trazu xehean, baina, konplexuagoa da dena. Hasteko, abstentzio itzelak zuhurtzia eskatzen duelako. Bozkatu ez duten euskal herritarrak bozkatu dutenak baino dezente gehiago izanda, azterketaren ondorioak ezin dira kategorizatu. Bestalde, sakon aztertzeko moduko kontuak badira, bai: Podemos bezalako fenomeno berriak, zahar usaineko polarizazio berrituak –EH Bildu vs EAJ, gaizki ulertutako hegemonia lehia antzu baten baitan–, gero eta jende gehiagorentzat gero eta frustragarriagoak diren kanpainak...

EAJk etsamina pasatu du, bai; Izaskun Bilbao Europara eramanez eta EAEn irabazita, gogobete ageri da, baina distira handirik gabe. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako emaitzekin, gero eta bizkaitarrago ageri da EAJ (ia botoen bi herenak), hegemonia demontre horren mamua obsesio hartuta. EH Bilduk jeltzaleek uste baino askoz sendoago eutsita, gainera, badu azterketa serio bat egiteko motiborik EAJk. Zazpi herrialdeetan aurkeztu den aukera bakarra izan da, eta, egiari zor, horrek badu aitortu behar den balorea. Eta aurkeztu ez diren indar abertzaleentzat, hausnarketarako mamia.

EH Bilduk badu pozik egoteko motiborik; notarekin pasatu du etsamina eta notarekin borobildu du ziklo oso bat. 1.138 zinegotzi, 127 alkate, ahaldun nagusi bat, zazpi diputatu Madrilen, 21 legebiltzarkide Gasteizen... eta orain Josu Juaristi Europara! Borobila! Lan egiteko oinarri zabala, lurralde hedadura eta oreka aski interesantea, aurrera begira patxada ederra eta gertu diren erronka berriei begira txanpa polita eskuratu ditu. Eta hala eta guztiz ere, hauteskunde emaitzokin EH Bilduk izan behar luke kezkarako motiborik, aditu beharko luke gauza asko hobetzeko dauden seinalea, orain artekoan gotortuta eta paparra puztuta ez geratzeko irrintzia. Duela bost urte –Arnaldo Otegik eta Alfonso Sastrek dinamizatu zuten Iniziatiba Internazionalistaren, Aralarren eta EAren botoak batuta–, oraingo kopuru bertsuetan zen ezker abertzalea. Eta azken bost urteotan gertatu direnekin, halako esanahi politiko eta historikoa izan duten gertaerekin, botoetan igualtsu segitzea oso kontutan hartu beharreko datua da.

Unionistek, bestalde, muturreko latza hartu dute. Historiako emaitza txarrenak lortu dituzte. PSE eta PSNko buruek amore eman eta kargua utzi dute; PPkoak, barne kongresua egin berri, ez dira Quiroga amortizatutzat jotzera iritsi, hori egiteko arrazoirik falta ez badute ere. Ikuskizun dago krisi sakonok nolabaiteko katarsia dakarten, buruzagitza aldaketaz harago alderdion ildoetan eraginik izango duten.

Euskal Herritik begiratuta, Estatuko emaitza onak izan dira. Bunker konstituzionalistari pitzadurak nabarmen agertu zaizkio, trantsizioaren ereduak tope eginda eredu berri baten meloia irekitzear da, Estatuko jendearekin hitz egin eta elkarkidetza eremuak jorratzeko aukera askoz ere gehiago daude eta urte eta erdi barru izango diren hauteskunde orokorrei begira jokoa asko zabaldu da. Ondo benetan. Ezin ahaztu eta eskertu gabe geratu Galiziatik etorri diren 80.000 boto horiek. Sekulako hauspoa izan dira. Moitas grazas behin eta mila aldiz. Podemos fenomenoa, bestalde, zoriondu eta txalotu beharreko lezioa izan da, denontzat astinketa. Euskal Herrian lortu dituen bozak oso kontuan hartu behar dira, eta, euskal gizartea hobe ulertu nahi bada, zintzo interpretatu beharreko tendentzia da. Oroigarria ere bada: garai nahasiotan politika ezin da aurrez idatzitako gidoi, egutegi edo bide orri baten arabera ulertu.

Azken kezka bat: ditxosozko hegemonia EH Bilduk EAJk baino boto gehiago izatea dela –ala alderantziz– ulertzen bada, akabo! Eta horren arabera polarizatzeak, EH Bilduren nortasuna EAJren kontra baieztatu nahi izate horrek, beharrezkoak diren baino zauri handiagoak ez ote ditu sortzen? Ondorio praktiko positiborik gabeko arrandia horiek, euskal nazioaren ahalmen asko ez ote dituzte antzutuko?

Datuokin azterketa zorrotz bat mamitu behar da. Hori egiteko patxadaren jabe egin da EH Bildu. Umil ekinez, emaitza politok ezin dute ariketa kritiko hori atzeratu. Ondo atera eta pozik gaude, arrazoi osoz. Horregatik, hain zuzen, etxafuegorik gabe. •