Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
geltokiak

Bezpera

Bezpera
Bezpera

Ekainaren 7a ahaztu egingo dute egutegiek; bihar goizeko egunkariek ez dute gaurko egunaz idatziko, ez dute kontatuko gizon bat jaitsi dela 25etik, alkandora ia sabeleraino askatuta, bainujantzi txikiegiz eta sandalia distiratsuz jantzita eta toalla bizkarrean hartuta, urteko lehendabiziko bainuaren bila. Ez dute egunkaria besapean hartuta eta jaiki-berri aurpegiz kalean nora ezean dabiltzanez idatziko; ez dute kontatuko taxistak geldirik daudela beren geltokian, maiteminduak Ondarreta ertzean paseoan dabiltzala, gizon bat usoei jaten emateko zain dagoela banku zuri batean eserita baina eskuko ogi-kozkorraren apurrak baino uso gehiago hurbilduko zaizkiola ohartzerako; gaurko eguna ez da existitzen, existituko ez garen pertsonak bizi gara ez den egun honetan, ez diren ordu hauetan (goizeko bederatziak dira biribilgune ertzeko erlojuaren arabera).

Beti gustatu izan zait orduen logikatik ihes egitea, erlojuetatik kanpoko denboraren marjinetan ibiltzea. Bilboko ostegunez gogoratzen naiz; goizean goiz exekutiboak traje distiratsuz jantzita, jendea lasterka izerdi patsetan lanera sartu aurretik kirol pixka bat egin nahian; udaltzainak gaua bankuren batean bukatu duena esnatzen… Eta ni oraindik bezperan, gaua aldean jantzita, egunari ihes eginez, erlojuei ihes eginda, egunez lan eta gauez lo egin behar dela diotenen kontrako iraultzan. Edo eguna argitzerako hasitako igande goizak, beste batzuen larunbatekin gurutzatzen direnak. Denborak idazten gaitu baina guk ere badaramagu gure denbora propioa, erlojuek ez baitute beti egia esaten. Eta badakit, urduri zaude eta une oro ari zara ordulariari begira, begiekin orratzari bultza nahian autobusaren zain geltokian daudenek bezala, baina ez, oraindik ez, udako lehenengo hego haizeak datoz eta gaur lehenengoz jantzi ditugun galtza motzak astintzen dizkigute eta kalean paseatuko gara edo Haizearen Orraziraino joango gara edo hemen geratuko gara, nahi duzun bezala, baina ez begiratu ordulariari, begiratu banku zuriko gizona nola itzuli den bigarren ogi barra batekin, haurrak nola ateratzen diren hondarretatik oinutsik eta nola barandan lotutako bizikleten gurpilen atzean ezkutatzen diren, esan dizut inoiz niri ere gustatzen zaidala denborarengandik ezkutatzea, mundutik ezkutatzea eta existitzeari uztea? Jendea semaforo gorrian geldi dago, zain, autobusaren zain, biharko egunaren zain. Bezperaz eta biharamunez bete ditugu egutegiak, egunen esperoan pasatzen ditugu urteak baina egunak azkarregi pasatzen dira, ohartu gabe ordularietako orratzak erotu balira bezala eta urteetara ez dute oihartzun txiki bat baino uzten. Autobusak jendez bete du sabela eta badoa tunelean barrena.

Beroa sargori dator, udak ere iristeko presa balu bezala eta geroz eta auto gehiago datoz Antiguarantz. Matia kalean lehendabiziko txakolinak atera dira tabernen kanpoko terrazetara eta jendea denbora-pasa dabil, denbora-pasa dago. Existitzen ez den egun bat da gaurkoa eta imajinatzen hasi naiz, testu hark zihoen bezala, jendeak zer egiten duen egun handien bezperetan, Krabelinen Iraultza bezperan edo Santa Clara hartu bezperan; ea goizetan ez den urduriago jaikitzen, ea ez duen badaezpada ere erlojura bitan begiratzen egunez nahastu ote den jakiteko; ea egunkaria irakurtzen duen biharamunaz zerbait ote dakarren begiratzeko… Existitzen ez den egunetan existitzen ez den jendea ibiltzen da existitzen ez den kaleetan, hemen adibidez, eta eguneroko errutinari ihes egin gabe ibiltzen da bezperaren bezperan zebilen bezala, ohartu gabe benetako istorioak ezer gertatzen ez den egunetan gertatzen direla, ohartu gabe, egun handiak, ez direla egun handiagoen bezpera besterik. •