Gorka Elejabarrieta
Datorrena

Europako hauteskundeak

Azken asteotan denon ahotan egon da Europako hauteskundeetan eskuin muturreko indarrek izan duten gorakada; euroeszeptikoen kopurua handituz doa eta, era berean, jarrera xenofobo, arrazista eta ultraliberalak defendatzen dituzten hainbat alderdi indarturik atera dira. Aitortu beharra daukat horrek guztiak beldurra ematen duela. Baina hauteskunde hauetan bestelako emaitzak ere eman dira Europako hainbat txokotan. Europar hauteskundeek estaturik gabeko herrietako indar abertzaleen azken urteotako gorakada baieztatu dute, baita ezkerreko hainbat alderdiren gorako joera ere.

Sinn Feinek Irlandan lorturiko emaitzak herrialdearen zatiketatik lorturiko onenak dira, bai iparraldean bai hegoaldean. Ezaguna da iparraldean alderdiak duen babesa handia dela, eta hauteskundeen emaitzek ez dute ezustekorik suposatu. Baina hegoaldean lorturiko emaitzak horren onak izatea inor gutxik espero zuela iruditzen zait. Sinn Fein aurrera doa bere estrategian, eta emaitzok pausu sendoa dira uhartearen batasuna lortzeko bidean. Europatik inposatzen diren austeritate neurri eta politikei aurre egin die Sinn Feinek, ezkerreko diskurtso batetik alternatibak eskainiz, eta hauteskundeen emaitzek Sinn Fein bera alternatiba politiko erreal bilakatu dute. Hein handi batean Gerry Adamsen atxiloketak markatu du kanpaina, eta, Sinn Feinek adierazi bezala atxiloketaren helburua Sinn Feinen hauteskunde emaitzak baldintzatzea bazen, argi dago «prozesuaren kontra» dauden horiei ez zaiela erabakia ongi atera. Konponbide prozesua, Irlandaren batasuna eta ezkerreko alternatibak eraikitzea dira Sinn Feinen hiru oinarri nagusiak, eta hiru esparru horietan erreferente nagusi bilakatzea lortu du.

Syrizak aurreikuspenak bete eta hauteskundeak irabazi ditu Grezian, Gobernurako alternatiba erreala dela berriz ere egiaztatuz. Badakigu europarrak ez direla hauteskunde nazionalak, baina argi dago Syrizak Europako Kontseiluan aulki bat izateko aukera paregabeak dituela, eta hori baino garrantzitsuagoa dena, Grezia kapitalismo basati honek inposatzen dituen politiketatik harago beste modu batean antolatu eta beste norabide batean jar daitekeela frogatzeko aukera paregabea izan dezake. Flandrian egun berean izan dituzte hauteskunde europarrak, flandiarrak eta federalak, eta hiruretan N-VA alderdi abertzalea atera da garaile. Azken urteotako joera mantendu eta N-VAk goraka jarraitzen du. Oroitu aurreko hauteskunde federalen ostean urtebete baino gehiago behar izan zela gobernu berria osatzeko; Belgikak azken hamarkadotan bizitako krisi estruktural nabarmenena izan zen zalantzarik gabe. N-VA gobernutik kanpo uzteko gainontzeko alderdi guztiek akordioa erdietsi zuten azkenean, eta, orain ere berdina gerta daitekeen arren, egoera ez da guztiz berdina. N-VAk aurreko hauteskundeetan baino boto gehiago lortu ditu hauteskunde federaletan, eta, aurrekoan ez bezala, Flandriako hauteskundeetan ere garaile nagusia izan da. Flandriako gobernua osatzeko arazo gutxiago aurreikusten ditut, eta, ondorioz, oso posible da Flandriako gobernua gobernu federala baino lehenago osatzea. Horrek gobernu federala osatzeko negoziazioak baldintzatuko ditu dudarik gabe, N-VA baztertzeak Flandriako gobernua bera baztertzea ere suposatuko lukeelako. Ondorioz, iraganean ez bezala, N-VAk aukera handiak ditu gobernu federaleko zutabe nagusietako bat bilakatzeko, eta, noski, bere programaren ildo nagusietako bat irmo defendatuko du: Estatuaren erreforma. Alderdi independentista da N-VA, baina, bere ustez, Belgikak federaziotik konfederaziorako pausua eman beharra dauka Flandriak independentziarako bidea hartu aurretik. Gainontzeko alderdiak erreforma horren aurka dira, eta gobernua osatzeko negoziazioetako ardatz eta klabe nagusia hori izango da.

Europako hauteskundeek datozen bost urteetako parlamentuaren indar banaketa erabaki dute, eta datozen urteak funtsezkoak izango dira Europar Batasunaren eraikuntza prozesuan, Irlanda eta Txipreko konponbide prozesuetan eta baita estaturik gabeko hainbat herriren etorkizunerako ere. Euskal Herriak berak ere hiru esparru horietan bere bidea erabaki beharra dauka, eta erabaki horiek funtsezkoak izango dira gure etorkizunerako. •