Ramon Sola
asteari zeharka begira

II. Erreforma zapuztea Gure Esku Dago

Astelehenetik igandera, bi albiste handi, ibilbide luzekoak. Zeharo ezberdinak denean, abdikazioa eta giza katea, baina biak eragin sakonekoak, eta, neurri batean, txanpon beraren bi alde, nonbait I. Trantsizio edo Erreformaren amaieraren iragarle. Ez dirudi oraindik Espainia aldean III. Errepublika etorriko denik, II. Erreforma baizik. Eta aurrez aurre, duela 39 urte bezala baina ez era berdinean, Euskal Herriaren nahiak.

Joan da elefante-ehiztaria, eta garrantzitsuena pertsonaia baino gertaera bera da. Itxura guztien arabera, ez delako joan, bidali egin dute. Berak esana zuen: «Erregeek ez dute abdikatzen, hil egiten dira». Eta begi bistakoa da koroa uzteko erabakia urtarrilean hartu zuen bertsio ofizialari eman zaion hedapen neurrigabea; horrekin kontrakoa eman dute adieraztera, hau da, etengabe azkartzen ari den espainiar egituren usteltzeak behartu duela aldaketa. Lehenbizikoz hautestontzietan azaleratu da erreforma ez, haustura eragin nahi duen ezkerreko boz kopuru esanguratsua. Sistemaren bi zutabeetako bat izan den PSOE barrutik zulaturik ageri da, eraikin osoa arriskuan jarriz. Lapikoa aurretik borborka zuen Espainiak Kataluniako burujabetza prozesua dela-eta (erabakiak hartzeko eguna heltzen ari zaio), estualdi ekonomikoa dela-eta (familiaren babesa ere agortuz doakio milioika langaberi), ustelkeria dela-eta (zikinkeriaren mapa gero eta zabalagoa da), egitura nagusien gainbehera dela-eta (PPk Auzitegi Konstituzionalean zuen ordezkari nagusia mozkortuta harrapatu izana dagoeneko ez da anekdota hutsa bezala hartu, kategoria gisa baizik)... Lapiko horri presioa nolabait atera beharrean zen Estatua, lehenago edo beranduago, eta zer erregea alboratzea baino gauza sanoagorik?

Garaiz egin dutela ematen du, bai eta aldaketa beren interesetarako txukun kudeatu dutela ere (errepublikazaleak zein burujabetzazaleak nahiko ustekabean harrapatu dituztela antzeman da).

Lau hilabete beranduago egin izan balute, edo bi, edo bat bakarra, zailago izango zuten seguruenik. Baina garaiz egin arren berandu dator erreforma berrirako lehen mugimendu hau, eta ez da aurreikusten nora “trantsizionatu” nahi duten, eskaintzeko zerbait berri ote duten. 1975eko Estatu hark bazituen gauza ugari emateko: hauteskundeak, demokrazia itxurako sistema oso bat, zenbait autonomia maila, gizarte arloko hainbat askatasun...

Aukera baliatu zuten “opari” horien guztien kutxa berean frankismoaren zama gehienak sartzeko (monarkia bera, hiltzaile eta torturatzaileen inpunitatea, espainiar batasun ukiezina, Eliza katolikoaren pribilegioak, Auzitegi Nazionala...). Ez nator bat Trantsizioa porrota izan dela esaten dutenekin: iruzurra izan da, noski, baina porrota soilik Katalunian eta Euskal Herrian gertatu dela ondoriozta daiteke, gainerako tokietan erosotasun osoz nagusitu baita neofrankismoa lau hamarkada luzeotan, bai behintzat orain arte.

II. Erreforma bati aurre egitea presazko lana da, beraz. Bada I. Erreformatik zer ikasi. Eta badira ere hainbat aldagai berri. Esaterako, Euskal Herria barrutik desegiteko asmatu zuten Nafarroaren diseinu autonomikoa agortzen ari dela nabaria da (Monzonen «puskatutako loreontzi» hura), bai alde politikotik bai jasangarritasun ekonomikoari dagokionean bai asmakizuna kudeatzeko sortu zuten tresnari (UPNri) erreparatzen badiogu. Zelai jokoa bera ere aldatu da.

Xibertako akordio ezaren ostean, ezker abertzalea gelditu zen bakar-bakarrik erreforma haren aurrean, ETA lehen lerroan, eta Espainiako Armada aurkako lubakian. Hemendik aurrerakoa ez da esparru politiko-militarrean erabakiko, esparru politiko-hiritarrean baizik. Eta horregatik orain Gure Esku Dago... edo ez dago. •