Iratxe Esnaola
Informatika Ingeniaria
teknologia

Gure iragana Interneten

 Gure iragana Interneten
Gure iragana Interneten

Azken hilabetean asko hitz egin da ahanzturarako eskubideaz. Hau da, Interneten gure bizitzaren iraganeko pasarteak eskuragarri ez izateko eskubideaz. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia baten ondotik etorri zen dena. Sententziak Google bilatzailearen kontra egiten zuen eta mundu osoan ahanzturarako eskubidea aplikatzera behartu zuen. Eta Estrasburgok, horrela, urrats txiki bat eman du ahanzturarako eskubidearen bidean.

Argi dago bilatzaileak direla informaziora iristeko bide nagusiak. Oso gutxitan idazten dugu webgunearen helbidea zuzenean. Eta, hortaz, bilatzailearen emaitzen arabera nabigatzen dugu sarean, normalean lehen orrian edo lehen bi orrietan dauden loturekin konformatuz. Bilaketek bilakatzen dute informazioa atzigarri. Bilaketei esker iristen gara nonahiko zerbitzari batean gordeta dagoen irudi edota esaldi batera. Eta, zentzu horretan, bilatzaileak ere, informazioa gordetzen dutenak ez badira ere, informazioa atzigarri bilakatzerakoan erantzukizun handia dute eta horretan neurtzen da ahanzturarako eskubidearen gaian duten inplikazio maila.

Edozein kasutan, bilatzaileak mezulari hutsak dira. Ez dute informazioa gordetzen. Bilatzaileek informazioa indexatu egiten dute. Bidea irekitzen digute. Eta, hortaz, Estrasburgok bide horiek itxi nahi ditu. Baina horrek ez du esan nahi informazioa sarean ez dagoenik. Informazio horrek sarean jarraituko du, baina bilatzaileek ez digute bidea irekiko. Eta, berez, kasu gehienetan nahikoa izango litzateke informazioa ez atzigarri bilakatzeko, baina zergatik ez eraman sententzia muturreraino? Zergatik ez ezabatu informazioa dagoen lekutik?

Era berean, informazioa kasuaren arabera ezabatuko da. Pertsonaia publiko edo famatuen kasuan, informazioa interes orokorrekoa dela kontsideratzen da eta ez da Google ezertara behartuko. Baina horrek kasu bakoitza aztertzeko beharra sortzen du. Non dago famaren muga? Non dago interes orokorrekoa izatearen muga? Horrek arau orokor bat sortzeko zailtasuna erakusten du.

Era berean, abokatu batek baino gehiagok ahanzturarako eskubidearen aurka egiten du. Ahanzturarako eskubiderik ez dugula, pribatutasunerako eskubidea baizik, hori diote. Nire ustez batek ez du bestea kentzen. Pribatutasunerako eskubideak gure informazioa ez publikatzeko eskubideari egiten dio erreferentzia. Baina zer egin informazio hori beste batzuek argitaratzen badute? Zer egin pertsona baten bizitza profesionala sarean publikoa bada, berak bere kabuz ezer publikatu gabe? Norbere pribatutasunerako eskubidea erabili du, baina ez du ahanzturarako eskubiderik behar? Ahanzturarako eskubidea informazio ez desiragarria edo informazio kaltegarriaren kasuan bakarrik aplikatu behar da? Non dago muga hori? Kaltegarria ez delako, sarean egoteko aukera guztiak ditu?

Nire ustez, oso gai delikatua da ahanzturarako eskubidearena. Eta Estrasburgok emandakoa oso-oso urrats txikia iruditzen zait, arrazoi ezberdinengatik: mezularia bakarrik hiltzen duelako, informazioa sarean mantenduz; informazio kaltegarriari egiten diolako erreferentzia, beste informazio guztiari publikotasunerako bidea irekiz; eta interes orokorreko informazioa eta interes orokorrekoa ez dena banatzen dituelako, muga horiek modu lausoan zehaztuz.

Eta deigarria da hedabideetan sekulako urrats gisa saldu dela. Estrasburgok Google bilatzailearen aurka egin duela. Googlek Europan galdu egin duela. Zigorra jaso duela. Eta horrek esan nahi du Estrasburgok sekulakoa egin duela. XXI. mendeari begira dagoela. Uneko erronkei erantzuten diela. Baina ezin errealitatetik urrunago egon. Urrats handiak eman behar dira oraindik, ahanzturarako eskubidea errealitate izateko.