Felipe VI.a vs JC I.a
Munduan zehar Juan Carlos Borboikoak omen dituen guztietatik ofizialki onartutako seme bakarra da Felipe. Agurtu da JC, 37 urtez estatuburu izan ondotik! Zehazki, 14.082 egun; Franco baino 650 egun gehiago. Ez zuten ez asmatu Francoren inguruko mandatariek El Breve ezizena jarri ziotenean agintaldi labur bat aurreikusiz. Agurtu da JC, masail-gorri sona uxatu nahian bota berunezko esaldiaz: «Nire bizitza osoa eman dut Españaren alde». Eta, bere irudia lehen lerrotik desagertuko den arren, ziur jakin-min ugari aseko lituzkeela Sofiak “Nire memoriak” liburua idatziko balu, baita hemendik eta hamar urtera ere.
Best seller-a bilakatuko zen, zalantzarik gabe. Aitortzen dut gogoz nituzkeela irakurriko senarrari buruzko kapituluak. Esaterako, iberiar zezenaren dohainak munduan zehar zabaltzen… zenbateraino eman duenekoa. Edo, nondik sortu zitzaion ardo beltzarekiko hainbesterainoko grina. Edo, España etsai erraldoietatik babesteko eginkizun ezin duinagoan, ez ote diren JCrentzat elefanteak On Kixoterentzat errotak nola… Edo, nerabezaroan anaia Alfonso begi ondoan jo eta hil zuen tiroa egiteko abilezia nola zuen ikasi.
Esku hutsik iritsi eta nola egin duen 1.800 milioi euroko ondasunaren miraria. Ea estatu arrazoiagatik behartu zuen alaba Kristina mutil euskaldun batekin ezkontzera, garai bateko taktika politikoei jarraiki Euskal Herria Españan betiko egonkortzeko. Eta abar.
Nahiz Konstituzioaren 56.3 artikuluaren arabera “Erregea ukiezina” izan, kosta behar zaio Feliperi JC haustea, dena emanda ere…
Halere, nago laster nabarituko ditugula bien arteko antzekotasunak. “Errege Biluziaren” ospea bere egingo ote du Felipek? Koroa buruan duela Euskal Herrira datorrenean, formatan doktoratuko ote da “peineta” elegante batez? Estatuaren zutabeak kili-kolo daudela jabetzean autokolpe batez sendotzen saiatuko ote da?
Posible da moduak zuzentzea eta fintzea, baina izan ziur popatik fin ematen jarraitu nahiko digula oinordeko Felipitok. •

