Ruben Sanchez

Euskal estatua

Duela bi urte semetxoekin igerilekurako bidean nindoan, Florida parkeko kultur etxe parean dagoen Ignacio Aldecoaren estatua zela eta, azaldu nien ipuingilea zela eta hori bere estatua zela. Orduan, 3 urteko seme nagusiak esan zidan: «uste dut han egongo zela beti eta azkenean estatua bihurtu zela». Barre egin nuen gogotik.

Maiz aipatzen da estatua, eta estatuaren beharra. Estatua dela pertsonen eskubideen bermatzaile eta emaile (baita ez bermatzaile, eta ez emaile). Euskaldunok geure estatuaren jabe ez garen bitartean, espainiar eta frantses estatuek hartuko dituztela erabakiak gure ordez, eskubideak eman ala kendu... Baina batzuetan irudipena dut batzuentzat edozer gauza izan daitekeela “on” edo “hobe”, “euskal” baldin badu aurretik. Euskal estatua kasu.

Atzera begira: nafar estatua izan izan zen, eta konkistatua izan zen bai, baina euskaldun herritar haiek nafar errege-erreginen mendekoak ziren, gaztelar herritarrak Gaztelako errege-erreginen mendekoak ziren bezala.

Aurrera begira: euskararen herriarentzat ezinbesteko ikusten zuen Txillardegik independentzia, ezinbestekoa bai, baina ez nahikoa, irlandarrentzat estatua lortzea gaelikoa bizitzeko nahikoa izan ez zen bezala.

Gerta liteke hemen, nonahi bezala, politikari batzuek adostea euskal estatua, etxean eta nazioartean, eta inguruko estatuen antzo, herritarrak izatea estatuaren mende, eta ez alderantziz.

Helburua garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da nola heldu; euskal estatu hori ez dadin bihurtu harrizko estatua harrizko herriaren omenez. Bihar ume batek bere gurasoari ez diezaion azaldu behar: «uste dut estatua izan nahian zebilela beti eta azkenean estatua bihurtu zela». •