Iker Barandiaran

Harremanen bidegurutzeen mapa margotu

Margolan bati begira nago Arrasateko kale batean, herriko artista lagun talde batek egindako adierazpen eta kultur espresioa. Kaleko pareta batean egina, izkina horri bizitasuna eman eta handik pasatzerakoan herritar zein bisitariei pentsaraztea eragin nahi diena. Aspaldi itxi zuten zinema baten horma, aspalditik mutu egon dena, eta orain gaurkotasun handia duen eskaera batekin lotutako fotogramek eskuz koloreztatutakoa.

Kalean egiten diren espresio artistikoen bizi-muga oso aldakorra izan ohi da. Eragile askoren eraginez ezaba daiteke edo luzaroan egon daiteke hor. Giza harremanekin ere hala gertatzen zaigu askotan: badira luzaroan maila berean eusten dutenak; eta beste batzuk oharkabean distantzia hartu edo hoztu egiten direnak, zergati argirik ez badago ere.

Oraindik fresko eta indar biziz dagoen margolanari begira etortzen zaizkit zenbait gogoeta harremanekiko. Orain arte bizi izan ditudan urteetan zelako jende tamaina ezagutu dudan eta horietako askorekin izan dudan harreman estua. Baina bizitzan une oro egiten ditugun hautuen ondorioz, gaur egun horietako askorekin –gehientsuenekin– egiazko irribarredun agurra da elkar ikusterakoan soilik elkartrukatuko duguna. Gogoan izango ditu batera bizi izandako esperientzia eta pasarteak? Seguru baietz, baina hainbeste dira bizitzan zehar ezagututako pertsonak eta izandako bizipenak, askotan denborak horietako asko ahantzarazi egiten dizkigula!

Zaletasunek, lagun inguruneak, familiak, norberaren gogoak eta batez ere une oro egin behar izaten ditugun aukeraketek gidatzen dute gure harremantzeko une bakoitzeko norabidea, bidegurutzeetan aurre egiteko mapa. Eta tarteka, tematu egiten garenean, bidegurutzea hartu ondoren atzean utzitako lagun batzuengana jotzen dugu berriro, horretarako atzera egin beharreko kilometro eta denborari baino garrantzi handiagoa ematen diegulako harreman horiei. Errealitatea beste bat izan ohi da. Bizi ditugun garai auto-lanpetu eta geldiezin hauetan ez ditugu apenas harremanak mimatzen, nahiz eta gaur egun inoizko baliabide eta mugikortasun aukera handienak eskura ditugun.

Urte dezente pasa dira Jabilo hil zenetik. Bizitza laburra, baina intentsoa izan zuen. Eskolan ezagutu nuen eta elkarrekin ganberrokeria dibertigarri eta erakargarri franko egiteaz gain, arte plastikoa hurbilagotik ezagutarazi zidan, eta berari esker arteak berak probokaziorako duen indarra ere deskubritu nuen, Bansky baino askoz lehenago. Gerora bizitzak erabat urrundu gintuen, nahiz eta elkarren berri izaten jarraitu: Oteizaren “Quosque tandem?” zein Kopi, Atxa eta Danelekin batera egiten zituzten “akzio” artistikoak, besteak beste. Urteetara, istripu baten ondorioz, koma sakonean jausi zen Jabilo, eta bere ingurura hurbildu ginen hainbat lagun babesa ematera. Borroka gogor eginez, komatik irtetea lortu zuen. Bizitzak ezarritako mugekin amorratuta, tematu eta poliki-poliki hitz egiten berrikasi zuen, baita tamaina apalagoan margotzen ere, baina laguntzarik gabe oinez egiten hasi zenean minbiziak gure ondotik eraman zuen. “Karramarroari stop” utzi zuen idatzita.

Margolan horri begira, jakin badakit arteak helburu askotarako balio duela: espresatzeko, lege, ohitura zein pentsamoldeak hausteko, pentsarazteko, barrukoa kanporatzeko, baretzeko, dibertitzeko... eta hala behar duela izan, mugarik gabe, araurik gabe, patroi itxietatik kanpo. Hala aritu ziren orain dela hogei bat urte Jabilo eta aipatutako lagunak, gure mutur aurrera kritika eta hausnarketa brotxazoak ekarriz, hainbat gertaerek –Jabilorena tartean– elkarrengandik urrundu zituzten arte. Haien lan gehienak denboraren joanak hormetatik estali ditu, baina irudimenez eta ausardiaz bidea zabaldu zuten eta oraindik ere etorriko dira beste batzuk, beste garai batean, beste modu batean. Ezer ez delako berdina, ezer ezin delako konparatu. Eta nostalgiari bakarrik begiratzen badiogu ez dugulako pausorik emango; nostalgia paralizante itzela bilaka daiteke-eta. •