Gorka Elejabarrieta

Uruguai

Ekainaren 5ean Euskal Herriko konponbidearen aldeko konferentzia antolatu zuten Uruguaiko Parlamentuan. GARA eta “Berria” egunkariak kenduta, Euskal Herriko eta bi estatuetako komunikabideek ez zioten ekimenari jaramonik egin. 12.000 kilometrora dagoen herri bateko ordezkari politiko, sindikal eta sozial nagusiak gure herriak bizi duen gatazkaren konponbidearen alde azaltzea, aldeei konpromiso gehiago eskatzea eta haien laguntza eta esperientzia eskaintzea ez omen da berria hemen. Irizpide profesionalak edo politikoak?

Julio Maria Sanguinetti presidente ohia, EAJk berak zuzenduriko Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren Lagun Onari saria jasotakoa, izan zen Montevideoko adierazpenaren sinatzaileetako bat. Oroitu beharra dago bai Sanguinetti bera bai Lucia Topolansky Mexikoko urriko konferentzian izan zirela eta Uruguaiko honetan ere egon direla. Beraiekin batera Uruguaiko ministro ohiak, egungo hainbat ministro, alderdi guztietako diputatuak, herrialdeko sindikatu nagusia den PIT-CNTko arduradun nagusiak, unibertsitate dekano eta irakasleak, artista ezagunak, futbolariak... daude adierazpenaren sinatzaileen artean. Eta konferentziaren babesle taldea aipatzerakoan ezin ahaztu euskal diasporaren presentzia eta konpromisoa. Asko dira Euskal Herritik Uruguaira joandako euskaldunak, hiru milioi biztanle daukan herri horretako herritar askok euskal jatorria dute.

Beraz, eta berriz ere babesleen profilaren garrantzia azpimarraturik, galdera errepikatu beharra daukat, edo galdera beste modu batean planteatu, erantzunak aurkitze aldera. Uruguaiko Gobernuko arduradun izandakoak, direnak eta izango direnak, sindikalistak, intelektualak, kirolariak, artistak, gure herriko zenbait ordezkari ez bezala, bi estatuetako arduradunak ez bezala, horren urrun daukaten gatazka baten konponbidearen alde azaltzea eta inplikatzea ez ei da berria; beraz, normala dela ondorioztatu beharko nuke, egunero gertatzen den zerbait. Normala ez dena, baina, gure herriko hainbat ordezkariren eta espainiar zein frantses estatuetako ordezkarien jarrera da. Konponbide prozesuan inplikatu gabe, elkarrizketa eta negoziazioei uko eginez, gatazka betikotu nahi duten horien jarrera.

Oroitu beharra dago espainiarrek euskal iheslarien kontra bultzaturiko Filtroko operaziotik hogei urte beteko direla laster. Orduan ere Euskal Herriarekiko Uruguaiko herriak erakutsitako elkartasuna izugarria izan zen, euskaldunok sekula ahaztuko ez dugun elkartasuna. Oraingoan beste elkartasun irakaspen bat eman digute. Horren urrun eta horren gertu.

Gure herrian prozesua aurrera doa, zailtasun ugarirekin baina aurrera eta norabide onean, eta bide horretan bada Uruguaira berriz ere begiratzera behartzen gaituen arrazoirik. Uruguaiko Frente Amplio koalizioak 43 urte bete ditu duela gutxi. Ideologia eta jatorri ezberdineko alderdi ugarik elkarrekin lanean dihardute orain dela 43 urtetik, eta, pixkanaka, zailtasun handiz, koalizioaren sorrera eragin zuten helburuak lortzen ari dira. Gobernuan bi legegintzaldi daramatzate uneotan, eta jarritako helburu politikoetatik gero eta gertuago daude. Izan ere, jarritako helburua edo azken helburua hobe esanda, ez zen gobernua eskuratzea, Uruguai hobe bat, justuago bat eraikitzea baizik. Gobernua tresna bat baino ez da, eta gobernuan egoteak helburuak errazago lortzea ahalbidetzen du. Baina zailtasun eta arazo berriak ere ekartzen ditu, Pepe Mujika presidenteak askotan horren ongi adierazi duen bezala. Nelson Mandela, Fidel Castro, Hugo Chavez, Pepe Mujika, gerrillatik, kartzelatik, presidente bulegora. Mandelak behin adierazi bezala, zenbait herritan presidente bilakatzeko lehendabizi kartzelatik pasa beharra dago. Euskal Herrian ere etorkizun hurbilean horren adibide on bat izango dugula ziur naiz.

Uruguai eta Euskal Herria 12.000 kilometrok aldentzen dituzte elkarrengandik, baina ehunka zubi, bizipen, harremanek elkartzen gaituzte. Iraganean, egun eta etorkizunean. Hiru milioi biztanle ditu Uruguaik, Euskal Herriak bezala, eta horietatik asko gara beste behin ere “eskerrik asko” esan nahi dizuegunak. •