Aitor Etxebarria

Belgika berriz ere

N-VA alderdi liberal eta independentistak Belgikako 2010eko hauteskunde federalak irabazi zituen, lehengo aldiz bere historian bozen %17 lortuz. 2003an aurkeztu zen lehenengoz, bozen %3,06 lortuz. Kontuan hartu beharra dago portzentajeak Belgikako populazio osoaren araberakoak izanagatik bozka sistema banatuta dagoela; Flandrian alderdi flandriarrak bakarrik bozka daitezke eta Valonian valoniarrak.

Belgikako gobernua osatzeko araudi zorrotz eta konplexua dago, bi eremu nagusietako gehiengoa egon behar da gobernu akordioan ordezkatuta. Belgikako politika kontsensuan dago oinarrituta; beraz, aldaketa gutxi gobernu batetik bestera. Baina kontsensu horretatik kanpo, eremu horietako baten (Flandria) independentzia aldarrikatzen duen alderdia estatu mailan garaile irten denean zaila edo ezinezkoa izan da kontsensua bilatzea. Orain arte behintzat. Are gehiago hauteskunde kanpaina estatuaren erreforma sakon batean oinarritu duenean, independentzia gerorako utziz baina estatua federaziotik konfederaziora igarotzeko eskatuz.

2010ean 541 egun pasa ziren gobernu akordioa lortu arte, eta akordio horrek N-VA kanpo utzi zuen. Ekaineko hauteskundeetan N-VAk emaitzak hobetu ditu bozen %20ra iritsiz eta berriz ere Belgikako alderdi bozkatuena bilakatuz. Eta berriz ere 2010eko egoera berdina errepikatzen ari da. Oso zaila izango da N-VA barne duen gobernu akordio bat erdiestea, baina zaila izango da era berean N-VA berriz ere kanpo uztea, zailagoa oraindik Flandriako gobernuan CD&V alderdiarekin baldin badago. Ez dago batere argi gertatuko dena; baten bati aditu diodan bezala, Belgikan surrealismoa asmatu zen eta politikan oso txertatuta dago. Hala ere, Suitzaren bidea baino, Txekoslovakiarena hartuko duela pentsatzen dut. •