Unai Belaustegi

Patata tortilla

Aste honetan munduko patata tortillarik onena jan dut. Udak halako momentuak oparitzen dizkigu, ustekabeko txiki baina ederrak. Eta esan bezala, aste honetako patata tortilla horietako bat izan da. Sanferminetatik bueltako ajeak gainditzen eta udako neke izerditsuak arintzen laguntzeko otordu ederra izan da tortilla. Osagaiek baino momentuak eman dio saria.

Duela urte batzuk, norbaiti irakurri nion espainiartasuna aldarrikatzeko erabiltzen dituzten elementu historiko gehienak euskal asmakizunak direla. Tartean, patata tortilla aipatzen zuen hark, la tortilla española.

1835eko udan sartzean zeuden, Lehen Karlistaldia abian zen. Euskal Herria gerran zegoen eta Tomas Zumalakarregi Bilbo setiatu eta barrura sartzeko estrategiarekin bueltaka zebilen. Eraikin bateko leiho batetik bere tropak gidatzeko saiakeran zebilela, setiaturik zeudenek jaurtitako tiro batek hanka zauritu zion. Berehala atera zuten Zumalakarregi Bilbo inguruetatik eta Zegamara eraman. Handik bi astera hil zen.

Dirudienez, ordea, Bilbotik Zegamarako bide hartan, Zumalakarregi eta bere laguntzaileak Bizkaia eta Gipuzkoa bitartean zegoen baserri batean geratu ziren gaua igarotzen. Baserrikoek, zaurituari eskaintzeko ezer berezirik ez zutela ikusirik, gosea gainditzeko jatordua prestatu zuten, eskura zeukatena nahastuz. Hala, patatak eta arrautzak bilduz, historiako lehendabiziko patata tortilla aurkeztu zuten mahaira. Horratx patata tortillaren edo tortilla española famatuaren jatorriaren azalpen euskalduna. Ziur asko egiatik gutxi izango du istorioak, eta nire tortilla ere ez zen agian munduko onena izan, baina halakoetan garrantzitsua ez da zer izan zen, ez eta benetan gertatu zen ere. Garrantzitsua bihar gauzak nola gogoratuko ditugun izan ohi da. •