02/08/2014

Oreka
Antton Izagirre

Uda partean eta urteko festa egun nagusienak heltzen direnean ohikoa egiten zaigu merkataritza eta saltokien ordutegien gaineko eztabaida eta gatazka. Aldekoak eta aurkakoak, zein baino zein, pisuzko argudio eta arrazoien jabe egiten dira, gatazka beraien alde erabaki dadin.

Batzuk eroslearen borondate askeaz eta saltokien ordutegien luzapenak eta jai egunetako irekierak lanpostuen sorreran eta ekonomiaren gorakadan lukeen onuraz ariko zaizkigu. Askeagoa izateko erabaki librean oinarritu behar omen luke gizakiak eta ez lirateke mugak jarri behar salmenta eta eroste ahalmenari. Besteek, aldiz, langileen lan baldintzen zaintzari, atseden eta aisiari, lagunartean eta familian jarduteko langileek duten eskubideari erreparatuko diote. Gizarte kontsumista eta gizakia beharrik gabe erostera bultzatzen duen gizarte eredua arbuiatuko dute, gizakia kontsumoaren menpeko egiten omen duelako.

Max Gluckman antropologo britainiarrak zioen gatazka gizarte antolaketa ororen barne ezaugarria dela. Gatazka, taldeak integratzeko modua dela, eta, luzera, taldeen arteko gatazka aitortzeak oreka soziala lortzeko balio duela. Aurrez kontsumoaz aipaturiko bi ikuspegiak eremu sozial berean gatazkan daudenak izanik, bata besteari nagusituko zaio ala oreka soziala gailenduko da?

Bizi garen gizarte honetan ez du ikuspegi batak bestea suntsiaraziko. Erabaki horretan ardura duten erakundeek bi ikuspegien arteko kontraesanak harmonizatzeko mekanismo desberdinak erabiliko dituzte. Batetik, liberalizazioari bide eman, eta, bestetik, kontsumitzaileen bulegoak eta kontsumo arduratsurako erakundeak eta eskola programak sustatuko dituzte. Hara hor gizarte oreka! •