Aimar ETXEBERRIA KORTA

Féile an Phobail, zirena ahaztu gabe izan nahi dutena aldarrikatuz

Bestelako Belfast batean jaio zen orain dela 26 urte Féile an Phobail jaialdia, britainiar «mass media»-k Belfasteko mendebaldearen inguruan ematen zuen irudiari aurre egin asmoz. Zirena aldarrikatzetik hasita erreferentzia bilakatu da urteekin jaialdia, eta 400 ekimen baino gehiagoko egitaraua izan du aurtengo edizioak.

26 urte bete ditu aurten jaialdiak
26 urte bete ditu aurten jaialdiak

Garbi esan daiteke 80ko hamarkadaren amaierakoa eta gaur egungo Belfast bi hiri ezberdin direla. Beste hiri bat zen hura; eguneroko ogia ziren gazte errepublikanoen eta armada britainiarraren arteko liskarrak, eta gazte gehienak biolentziaren zurrunbiloan erabat murgilduta zeuden. Testuinguru horretan –1988an, zehazki– jaio zen Féile an Phobail (“herriaren jaialdia” gaelikoz) ekimena; aurtengoan, beraz, 26. urteurrena ospatu dute. Uztailaren 31tik abuztuaren 10era bitarte, 400 ekimen baino gehiago bildu ditu Belfasteko mendebaldean ospatzen den jaialdiak.

Kevin Gamble ekimeneko zuzendariaren arabera, 70.000 pertsona inguruk hartu dute parte jaialdiak eskaintzen dituen ekimen ezberdinetan. Bidea jorratzen jarraitzeko asmoa dute, etorkizuneko Belfast hiriaren eraikuntzan tresna garrantzitsu izan asmoz.

Ez da kasualitatea, ordea, jaialdia abuztuaren lehen asteetan egitea. Abuztuaren 9aren bueltan preso prebentiboak epaiketarik gabe espetxean lau urtez egotea ahalbidetze zuen internment politikaren aurkako protestak ziren nagusi errepublikanoen artean (gaur egun ere jarraitzen dute neurriaren aurkako ekimenek), eta, horri, 1988ko martxoan zerbitzu sekretu britainiarrek Gibraltarren Mairead Farrell, Seán Savage eta Daniel McCann IRAko kideak erail zituztela gehitu behar zaio. Aipatu IRAko hiru kideen hiletan, gainera, UDA talde paramilitar unionistako kide bat hilerrira bertaratu eta bertan bildutakoen aurka tiroka hasi zen, hiru hildako eraginez. Beraz, esan genezake tentsio handiko garaiak zirela 80ko hamarkadaren amaierako urteak Belfasten. Kaleko biolentzia, bi komunitateen arteko konfrontazioa, atxiloketak… bizi-bizi zeuden Irlanda iparraldeko hirian.

Kevin Gamble Féile an Phobail jaialdiko zuzendaria da egun eta ekimenak gaur egun duen dimentsioa hartu izanaren “errudun” diren hainbat pertsona aipatu dizkigu: Gerry Adams, Siobhán O’Hanlon eta Danny Morrison. Testuinguru hartan elkartu eta errealitate hura nola alda zezaketen pentsatzeari ekin ziotela adierazi du, Belfasten (eta, oro har, Ipar Irlandaren) historia beste era batera kontatua izatea desio baitzuten.

Gatazka garai betean izateak sortutako zailtasunez gain, jaialdiaren bultzatzaileek bazuten garai hartan bestelako “etsai” arriskutsurik ere Gambleren esanetan: britainiar mass media. Belfast mendebaldeko herritarren gehiengo zabala errepublikanoa izanik, zonaldearen inguruan ematen zuten informazioak ez zuen batere laguntzen jaialdiko zuzendariaren hitzetan: «Terrorista gisa aurkezten gintuzten, kulturarik gabeko komunitate baten gisa. Inongo babesik ez zuen komunitate bateko partaide sentitzen ginen». Izan ere, komunikabideek Belfast mendebaldearen inguruan «harresi mediatiko bat» eraikitzen zutela uste du, britainiarrei komeni zitzaien irudia emanez.

400 ekimeneko jaialdi arrakastatsua

«Egoera ikusita, hainbat galdera egin zizkieten euren buruei jaialdiaren sortzaileek: nola azal genezake gure kultura, artea, musika, hizkuntza, kirola, literatura… maite dituen komunitate garela? Nola erakuts dezakegu gure nortasunaz harro gaudela?», azaldu du Gamble berak. Azkenean, erantzunik hoberena jaialdi bat antolatzea zela pentsatu zuten, gaur egun ezagutzen dugun Féile an Phobail arrakastatsuari hasiera emanez.

Aurrez aipatu moduan, 1988ko abuztuan ospatu zen lehen aldiz jaialdia. Lauzpabost eguneko kontua izan zen, eta kirol elkarte ezberdinen martxa bat izan zuen ekimen zentral gisa. Jaialdiak asmo garbi bat zuela gogoratu du zuzendariak: «Britainiar mass media-k ematen zuen Belfasteko mendebaldearen irudiari buelta emanez, gorrotoa nagusi zen errealitate bat modu positiboan islatzea zen hasiera batean helburu nagusia». Zentzu horretan, honakoa aldarrikatu du harro: «Jaialdi kaletar txiki bat izatetik, 26 urteotan Irlanda osoko eta zer esanik ez Belfasteko ekimen nagusia izatera iritsi gara». Hala, 110 orrialdeko programa oparoa osatu dute aurten, 40 gune ezberdinetan banatutako 400 ekimen baino gehiago antolatuz. Ekimenak, gainera, askotarikoak izan dira: antzerki lanak, erakusketak, solasaldi eta eztabaida politikoak, kirol ekitaldiak, musika kontzertuak…

Hasiera batean bezala, jaialdia oraindik ere Belfasteko mendebaldean egiten da ia osoki. Hori bai, aipamen berezia egin nahi izan du Gamblek horren inguruan, aurten ekimen batzuk Shankil Road gehiengo unionistako ingurunean izan direla nabarmenduz. «Duela urte batzuk ezinezkoa izango litzakete», azpimarratu du. Hala, Ostiral Santuko Hitzarmenaren balioa goraipatu du eta bake prozesurik gabe gaur egun ezagutzen dugun jaialdia izaterik ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu du.

Zuzendariaren hitzetan, bake prozesuari eskutik helduta egin du bere bidea Féile an Phobail jaialdiak. Hasieran, gatazka garaian, ekimenak bi komunitateak elkartzeko aukera ematen zuela aitortu arren, batik bat bake akordioak sinatu zirenetik aurrera elkarbizitzak «bultzada handia» jaso duela onartu du. «Ekimen integratzailea dela esan dezakegu eta bake prozesuaren garapenean bertan ere izan du zerikusirik», dio, harro. Horiek horrela, instituzioen babesa izan edo ez, Féile an Phobail jaialdiak beti aurrera egin duela nabarmendu du, unerik zailenetan komunitate errepublikanoko boluntarioen laguntzari esker nagusiki.

«Jaialdia ez da ezer komunitaterik gabe»

Hiruzpalau pertsonen ideia izatetik, milaka pertsona mugitzera pasa da Féile an Phobail. Zortzi lagunek osatzen duten batzorde batek du jaialdiaren gaineko ardura nagusia (Kevin Gamble bera buru dela), baina, zuzendariak azaldu duenez, «bi mila boluntario inguru» dituzte. Era berean, ez da abuztuko lehen hamar egunetako kontua soilik, urtean zehar ere Féile ezberdinak ospatzen baitituzte: St Patrick’s Day, Hallowen, eta abar.

Zentzu horretan, komunitate errepublikanoak jaialdiaren garapenean jokatu duen garrantzia azpimarratu du Glambek, nahiz eta aitortu azken urteetan eragile ezberdinek, jaialdiak lortu duen erreferentzialtasunaz jabetuta, berau babestea erabaki dutela. Nazioartearen papera ere nabarmendu du. Izan ere, mundu guztiko artistak jaialdira gonbidatuta, Féile an Phobail nazioartean ere gutxika-gutxika sona hartzen ari dela uste du. Hori ahalbidetzeko hainbat artistek urteotan izandako jarrera azpimarratu du Glambek, «gatazkaren gainetik jaialdian parte hartzea erabaki izan dutelako».

Urteetan egindako lana, beraz, bere fruituak ematen ari da. Jaialdiak elkarbizitzaren auzian duen garrantzia ikusita, adibidez, inguruko enpresa handiek ere berau babesteko hautua egin dute, eta, nola ez, Belfasteko Udalak berak ere babesten du uneotan ekimena.

Etorkizunean, hala ere, laguntza gehiago biltzea da euren asmoa, egun oraindik ere bizirik baitaude gatazka garaietako hainbat joera Belfasten, bonfire edo sutzarrak kasu. Herritarrek suak egin ohi dituzte kaleetan, sarri beste komunitateko ikurrak errez. Bi komunitateek egiten duten ekintza da, abuztuaren 9an errepublikanoek, Féile an Phobail jaialdiarekin bat. Historikoki suek bere garrantzia izan dutela onartzen du Gamblek, «errealitatea islatzeko modu gisa». Baina, egun, argia da euren asmoa: bonfire edo suak egiten dabiltzan gazte guztiak jaialdira gerturatzea. Gatazka garaiko joerak atzean uztea dute helburu finean, etorkizunean elkarrekin jorratu beharreko bidearen oinarri.

Erabateko elkarbizitza helburu

Aurrez aipatu legez, Irlandan egiten den jaialdirik handiena da gaur egun Féile an Phobail. Jaiak ez ezik formakuntzak ere leku garrantzitsua dauka egitarauan. Hala, udako eskola erraldoia ere bada jaialdia. Batez ere jende gazteari begira antolatutako formakuntza saioak egiten dituzte, Irlandako historiaren berri jaso dezaten. Hala, 70.000 pertsona inguruk hartu dute parte aurtengo edizioan antolatu diren ekimen ezberdinetan, izan kontzertuak, hitzaldiak, solasaldiak edo tour ezberdinak.

Bertako auzi politikoak jorratzeaz gain, nazioartean unean-unean pil-pilean dauden gatazkei begiratzeko tartea ere ematen du jaialdiak. Palestinak hartu du aurtengoan garrantzia berezia, Israelgo armada Gazako lurretan garatzen ari den ofentsiba militarraren ondorioz. Hala, hitzaldiak, bideo emanaldiak eta bestelako ekintza ugari antolatu dituzte Palestina eta Israelen arteko gatazka oinarri.

Aurrera begira, buruan daukan ametsa aipatu digu Gamblek: Ipar Irlandan eraikitzen ari diren elkarbizitzaren garapenean jaialdiak funtsezko eginkizuna izatea. Belfast osoko jaialdia izatea eta urteekin bi komunitateen arteko liskarrekin amaitzea dutela helburu gaineratu du. Horretarako, aurrez aipatu bonfire edo suen adibidea jarri du: abuztuaren 9an hainbat gazte internment politikaren aurkako bonfire-ak erretzen ari ziren bitartean, milaka eta milaka ziren The Wolf Tones talde irlandar mitikoaren kontzertuaz gozatzen ari zirenak. Iraganeko kontuak ahaztu gabe (horretarako daude hitzaldi, tour eta abarrak), Irlandaren etorkizunaren eraikuntzan ekarpena egiteko tresna izan nahi du Féile an Phobail jaialdiak, bi komunitateen benetako elkarbizitza helburu nagusi gisa hartuta.

Euskal Herria gogoan

Belfast Basque Solidarity Committee batzordeak eta preso ohi errepublikanoak biltzen dituen Coiste elkarteak antolatuta, euskal preso politikoek egun bizi duten egoeraren inguruko solasaldia egin zuten Belfasteko Felons elkartean jaialdiaren baitan. Hitzaldia joan den abuztuaren 8an izan zen eta bertan Itziar Martinez preso ohiak eta Urko Aiartza Amaiurko senatariak hartu zuten parte. Era berean, abuztuaren 1ean, “Basque Rebel Night” jaia egin zen Belfasteko Red Devil tabernan. Hamarnaka lagun elkartu ziren bertan, eta, Debako Eutsi taldearen kontzertuarekin gozatzen zuten bitartean, Bilboko grebalarien aldeko argazkia ikusi ahal izan zuten bildutakoek.