Koldo Sagasti

«Tontolnabo»

Tontolnabo”. Horrelaxe birbataiatu zuen kazetariren batek Gasteizko alkatea duela gutxi. Egunkari batean argitaratutako ezizen berria, baina, ez zen berriemailearen kazetari-zintzotasun ariketa baten emaitza izan, zorigaiztoko istripua baizik. Seguruenik idazleak adiera baliatuko zuen karaktere kopurua betetzeko gerora Marotoren benetako kargua idazteko asmotan, adjektiboa zuzentzea ahaztu, erredakzioaren eta zentsuraren galbahea pasatu, eta hantxe agertuko zen milaka aletan argitaratuta.

Kazetariak, ziur asko, larrutik ordainduko zuen hanka sartzea, baina goitizenak oihartzun handia izan zuen gasteiztarren artean, eta susmoa dut nekez libratuko dela alkate jauna merezitako ezizenaz. Izan ere, azkenaldian babalore fama bereganatzeko merituak egiten tematu da Javier Maroto. Tokiz kanpoko ergelkeria guztien artean hauts gehien harrotu dituztenak bere oldarraldi arrazistak izan dira. Zehazki arabiarrak jarri ditu alkateak eraso xenofoboen jomugan.

Aste gutxitan inongo funtsik ez duten adierazpenak egin ditu, hala nola, emakume musulmanei igerilekuetan sartzea debekatuko zaiela jantzita bainatzen direlako, edota arabiarrak diru laguntza publikoak eskuratzearren baino ez direla etortzen. Hurrenez hurren bere txatxukeria guztiak argudio sendoz gezurtatu dituzte oposizioak zein udal teknikariek, baina bera temati. Beraz, ezinbestean, “tontolnabo” terminoa arrazakeria eta xenofobia instituzionala salatzeko asmoa duten hamaika pintada, pankarta eta pegatinatan ikusgai izan da. Tamalez, susmoa dut eraso islamofobo horien atzean udal hauteskundeetan botoak biltzeko estrategia dagoela. Azken batean, Maroto txalotzen duen jende askok entzun nahi duena esan diezaioten baino ez du nahi... Horiexek dira, bada, “tontolnaboak”. •