Mikel Zubimendi

Demokraziaren festibalean iraultza trankil bat

Atzo goizeko seiak zortzi gutxi zirenean desagertu zen Eskoziako independentziaren aldeko “Yes” kanpainaren garaipenaren ilusioa. Glasgoweko emaitzak ezagutzean jakin genuen sekulako emaitza onak izan arren, ez zirela nahikoak izango irabazteko. Lehen inpresioa tristurarena izan nuen. Eskoziak egin duen bidea egin, iritsi den punturaino ekarri eta justu akabera horretan ezin helmuga pasatuta geratzea, pena da, pena handi bat. Imajinatu, baiezkoaren balizko garaipen batek suposatuko lukeen lurrikara eta Euskal Herriarentzat ekarriko lituzkeen ondorioak imajinatzeak soilik, ene, ene! Kolosala zatekeen!

Apustuak oso-oso handiak ziren, kasino batean baino handiagoak. Kasinoari irabaztea, kasinoko bankua haustea baino, Eskozia eta Ingalaterraren arteko 300 urteko ezkontza haustea baitzegoen jokoan. Baina hori baino askoz gehiago ere bai: Europako bihotzean, 2014. urtean –eta ez iragan mendean munduko beste puntako kolonia batean– autodeterminazio ariketa bat zen. Gatazkak –armatuak edo ez– modu zibilizatu eta arrazionalean bideratzeko formula sinple bat zen. Zinezko demokraziaren festibala, iraultza trankil bat. Mundu osoak –eta bereziki euskaldunok– adi-adi jarraitu duena.

Merezi du, baina, Eskoziako independentisten aurpegietan atzo ikusi nituen malkoak ulergarri zaizkidan arren, patxadaz eta perspektibaz emaitzak utzi dituen irakaspen batzuei erreparatzea. Bai, ezezkoak irabazi du. Aitzakiarik gabeko garaipena eskuratu dute. Eta badute pozik egoteko motiborik.

Londresentzat, unionistentzat, baina, emaitza bezain ona izan da erreferenduma egin izana. Bozketaren aurrean erakutsi duten jarrera horrekin, Madrilek edo Parisek erakusten dutenaren antipodetan dagoena, hemendik aurrera etorkizuna patxada handiagoaz, lasaiago ikusteko aukera ematen die. Maniobrarako tartea. Autonomia areagotuko dutela azken orduko kanpaina-promesa egin zuten. Hori hitzeman eta hortik abiatuko direla dirudi.

Larri-larri ibili dira eta artilleria osoa sartu behar izan dute. Ospitaleko oheak, kartillako aurrezkiak, bankuen deslokalizazio masiboa, egunkari guzti-guztiak ezetzaren alde... beldurra xaxatuz. Eta, Obamak ezarri nahi izan zuen kanpaina logikaren aurka, demostratu da esperantzak ez duela berez, beti, beldurra garaitzen.

Malkoak malko, independentistek badute harro egoteko arrazoirik. Bai horixe! Beldurgarri ederra da egin dutena. Gogoratu behar baita duela hiru hamarkada hartz panda gehiago zeudela Eskozian, Westminsterren zeuden SNPko parlamentariak baino. Eskozia ekarri duten puntura ekartzeak meritu handia du benetan. Duela urtebete independentziaren aldeko inkestak %20an egon eta, atez ate jardunez, urtebetean bikoiztea baino gehiago txalotzekoa da. Lidergo aparta dutela erakutsi dute, pragmatismo konspiratzailea eta ekialdeko pazientzia nahastu dituena, boto-emaileen motibazioen zentzua eta ezagutza zehatz askoa erakutsi duena, Eskoziako sektore zabal eta askotarikoak indartzen eta erradikalizatzen jakin duena. Gobernantza zuzen bat egiteko gaitasuna aspaldi erakutsi zuten eta, orain, iraultza demokratiko nazional bat martxan jarri eta ia-ia garaipenera eramateko talentua dutela ere erakutsi dute. Hori, eta Eskoziako belaunaldi berriek hain masiboki independentziaren alde egin izanak, bi-biak itxaropentsu izateko, zabalduko zaizkien aukera berriak prestatzen joateko arrazoiak dira, bai.

Izan ere, erreferendumaren emaitza elkarrizketa baten hasiera da, ez bakarrizketa baten azken deklarazio solemne bat. Ikusi da, nazionalismo eta esentzietatik harago mudatuta, badagoela jende heldua bezala eztabaidatzerik etorkizunean behar diren Eskoziari eta gizarteari buruz. Badagoela kultura bat, badagoela mekanismoa, ikaragarri –marka guztiak hautsiz, esan beharra dago– inplikatu den herri bat.

Bai, bizitzak bezala, politikak lezio latzak eta zaplazteko ederrak ekartzen ditu. Bizitzan bezala, baina, beti-beti daude abiapuntu eta aukera berriak. •