Mikel Luzea
Nazioarteko ile apaintzaile onenen zerrendan agertu ohi da urtero Mikel Luzea iruindarraren izena. Bere ogibidea maite du, pasioz, eta hala aritzen da, guraizeak eskutan. Jaioterrian dituen ile apaindegietan ez dagoenean, munduan barna dabil, desfile eta pasareletan bere orrazkera eta mozketak erakusten. Azken bidaia New Yorkera egin berri du.

Bere ibilbide profesional oparoak eta mundu mailan jaso dituen sariek bertigoa ematen dute. Nazioartean, baita estatu mailan ere, Mikel Luzearen (Iruñea, 1967) izena ile apaintzaile onenen zerrendan agertu ohi da urtez urte. Gertutasunetik hitz egiten du ordea, eta esperientziatik azaltzen ditu bere ogibidearen nondik norakoak. Guztia ondo eta gogor egindako lanaren emaitza da. Zalantzarik gabe. Jaioterria duen Iruñean bertan ditu bi ile apaindegiak, baina asko bidaiatzen du. Mundua ikuste horrek oxigenoa ematen ei dio, eta hori lagungarri zaio ondoren orrazkerak diseinatzeko garaian.
Estatu mailan webgunea ireki zuen lehen ile apaindegietako bat izateaz gainera, munduan web kamera jartzen aurrenekoa izan zen. Mozketak zuzenean jarraitu ahal izateak oihartzun handia izan zuen nazioarteko hedabideetan.
Sariengatik ere heldu da prentsa espezializatuko titularretara. Besteak beste, mundu osoko ile apaindegietako enpresaburu onenei emandako Global Salon Bussines Award bat eta nazioarteko sari garrantzitsuenetakoa den bi AIPP ditu.
Halaber, ogibideari «duintasuna» eman eta Estatu espainiarreko profesionalei bozgorailua emateko asmoz, Figaro elkartea sortu zuen 2009an. Desfileak, pasarelak eta izen bereko sariak banatzen dituzte urtero. Hori gutxi balitz, Mikel Luzea izeneko produktuak ere baditu, «pelukeria profesionalean prospektuak euskaraz dituen xanpu bakarrak eskainiz», dio, harro.
Hemezortzi urte dira jada munduan zehar bere proposamenak aurkezten hasi zela, eta geroztik gelditu gabe aritu da. Aurten Mexikon, Italian eta Londresen izan da, besteak beste, eta orain bi aste New Yorken, bertako Fashion Week-ean “Argia” eta “Kizkur” deitutako orrazkera eta mozketa bildumak aurkezteko, Ione Erice eta Alberto Manchado talde artistikoko kideekin batera. Hauen izenak aipatzea «ezinbestekoa» dela dio, lan kolektiboaren garrantzia goraipatuz.
Oso pozik bueltatu da azken bidaia horretatik, moda eta ile apainketa parez pare jarri direlako, lehenak bigarrenari itzalik egin gabe, «gertatu ohi den bezala», dioenez. «Horregatik izan da berezia eskaini didaten azken aukera hau, modarekin uztartu dugulako, biak maila berean jarriz».
Kontatzen duenez, diseinatzaileak eta ile apaintzaileak ohituta daude elkarrekin lan egiten, baina arropari garrantzirik ez kentzeko orrazkera xumeak eta sinpleak izaten dira, oharkabean pasa daitezen eta, beraz, ile apaintzaileak ez du distira egiteko aukerarik. «Ez zait pasarelan lan egitea gustatzen, onartzen dut. Niri nire diseinuak aurkeztea gustatzen zait, horiekin espresatu naitekeelako, horiekin lantzen baitut nire sormena».
Azken bidaian larruarekin lan egiten duen Yaël Barnatan diseinatzailearekin uztartu ditu Luzeak bere orrazkerak, larrugintza eta ile apainketa «ezkonduz». Hiru hilabete eman dituzte bi profesionalek elkarlanean, bi elementuak erabat fusionatzeko, baina “Argia” eta “Kizkur” bildumek orotara sei eta zazpi hilabetetako lana dute atzean.
Zapaldu berri duen pasarela eta bere saloietan ikusten denaren arteko ezberdintasunez galdetuta, iritzi du modan gertatzen den gauza bera gertatzen dela ile apainketa kontuekin, alegia, kalera %15 heltzen dela. «Pasarela erakusleiho bat da, non helburua diseinatzaileek hedabideen arreta berenganatzea den. Amua da. Ile apainketarekin gauza bera gertatzen da, baina esango nuke proposamenen %50 heltzen dela ondoren saloietara».
Eta nondik dator inspirazioa? Ez dakiela dio, baina «edozein momentutan» hel daitekeela. «Batzuetan amestu ere egin dut», aitortzen du.
“Kizkur” bildumak 1980. hamarkadako ilea du oinarri. «Urte askotan ahaztuak izan ditugu kizkur hauek eta berreskuratu egin ditut. Garai hartan hasi nintzen ogibide honetan eta gogo handia nuen hori guztia omentzeko. Orduan mundu guztiak egiten zuen permanentea, baita neuk ere! Berehala kendu nuen ordea, ez zitzaidalako batere gustatu», oroitzen du irribarrez.
Ile apaintzaileak eta artisau batek amankomunean asko dutela erakusten du Luzeak, pasarelan erakutsi dituen orrazkerak ez baitira modeloaren ilean bertan egiten, aurretik eskuz ehundutako piezak dira, eta ondoren jartzen dira modeloaren buruan. «Aurkezpen bakoitzaren ostean, gainera –azaltzen du–, orrazkera osatzen duen ileorde pieza bakoitza garbitu egin behar da eta berriro kizkurtu. Pieza bakoitza orrazten bi aste eman ditugu Iruñean, New Yorkera eramateko. Han erritmo bizian lan egiten da eta gauzak prest eraman behar dira etxetik. Bi pelukerietako jendea ilea orrazten eta garbitzen aritu da, jo eta ke». Bitxikeria gisa, Ameriketako Estatu Batuetara ilez beteta eraman dituzten bi maletak aipatzen ditu.
New Yorken aurkeztutako proposamen berberak Madrilen erakutsiko ditu laster, bertan ospatuko den Salon Look hitzorduan, ile apainketaren sektoreari dagokionez, «Europako feria garrantzitsuenetako» bat.
Tendentziei dagokionez, uste du ez dagoela zuzendariaren batuta daraman herrialderik, baina berehala zehazten du pauso bat aurretik doala bere Londres kuttuna –1991 eta 1996 artean bizileku izan zuen–, eta zentzu horretan, iaz zendu zen Vidal Sassoon ile apaintzaile britainiarra goraipatzen du, aurrekaririk gabeko ibilbidea burutu baitzuen. Luzeak erreferente du. «Geroztik Londresek arreta berezia bereganatzen du, baina ile apainketa espainiarrak gaur egun badu ospea».
Hain zuzen, 2004. urtean lehen aldiz hartu zuen parte Londreseko Alternative Hair Show hitzorduan eta, 2009az geroztik, edizio bikoitietan, munduko ile apainketaren pasarelarik garrantzitsuena den honetara gonbidatzen dute. Hitzordu hau martxan jarri zenetik, orain 30 urte, Estatu espainiarreko beste bi profesionalek baino ez dute bertan parte hartu, Lluis Llongueras katalanak eta Rizos etxe madrildarrak, zehazki.
Mozketa praktiko eta erosoak
Ogibidearen %50 diren pasarelak eta erakustaldiak alde batera utzita, beste erdiaz mintzatzen da, alegia, bere bezeroez, kaleko jendeak eskatzen duenaz. «Bere burua hobeto ikusteko etortzen da ile apaindegira jendea, sartu dena baino ederrago irteteko. Nork bere burua hobeto ikusteak laguntzen du zoriontsuagoa izaten. Itxura ez da garrantzitsuena, baina laguntzen du hobeto sentitzen».
Zentzu horretan betetzen duten papera goraipatzen du, tamalduz bere profesioa ez dagoela behar bezala baloratuta. «Eta horretan ari gara, neurri batean errekonozitu dadin egiten duguna. Oso arraroa da guk egiten dugun ezer albiste izatea».
Bezeroek, bestetik, erosotasuna bilatzen dute. «Mozketa praktikoa nahi dute, astero edo hilero etorri beharrik ez izateko, denborari ondo eusten dion zerbait baizik».
Estiloari dagokionez, oro har, gehiegi arriskatzen ez dela aipatzen du «Iruñean, Donostian edo edozein hiri txikiren kasuan. Halakoetan, apustu ziurrak egin ohi ditugu gizon-emakumeok», dio.
Batzuetan, ordea, gerta daiteke bezero batek ondo ez dihoakion zerbait eskatzea. «Gu iradokitzeko gaude, proposamen ezberdinak emateko, baina ikasi dugu baten bat tematuta baldin badago, onena eskatzen duena egitea dela. Guk gure iritzia emango diogu, baina ideiak oso argi baditu, eskatzen duena egitea da komenigarriena». Hala ere, azpimarratu egiten du mozketak pertsonalizatzeak berebiziko garrantzia duela, alegia, ez soilik aurpegiari ondo doakiola ziurtatzea, baita pertsona horren bizi estilora egokitzea ere. «Non mugitzen zaren, norekin… mozketak pertsona bakoitza ondo ordezkatzea da lorpenik handiena».
