Koldo Sagasti

Eskaliburren bibolina

Espainia da, AEBekin batera, Ebolak jotako gaixo kopuru handiena daukan herrialdea». Halaxe zioen Vocento taldeko zenbait hedabidek argitaratutako titularrak. Uste dut irakurle oro konturatuko zela astakeriaz, baina badaezpada ere errepara diezaiegun datuei. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, dagoeneko 4.447 lagun hil dira uztailetik hona Mendebaldeko Afrikan birusaren eraginez; eta kutsatuen kopurua 8.914koa da. Ginea, Liberia eta Sierra Leonan, herrialde kaltetuenetan, 16 milioi pertsona daude kutsatzeko arrisku larrian, horietatik 8,5 milioi haur. Eta oraindik ba al da Espainia eta AEBak izurrite honen kaltetuenak direla sinestera ausartzen denik? Zer iradoki nahi du prentsa kontserbadoreak titular horrekin? Akaso Ginea, Liberia eta Sierra Leona mapatik ezabatu behar ditugula? Agian bertan kutsatutakoak ez direla pertsonak? Edo akaso gaixo horiek ere, edo zergatik ez, afrikar guztiak ere mapatik ezabatu beharko genituzkeela?

Beharbada galdetu beharko genieke Espainiako plazetara Eskalibur txakurraren defentsan atera ziren bihotz oneko hiritarrei. Ez dut esango txakurrak errukirik mereziko ez zuenik, are gehiago arrazoizko ikuspuntu batetik. Izan ere, birusarekin harremanetan izan den ugaztun batek berebiziko garrantzia izango luke zientziaren ikuspuntutik gaixotasun kutsakor baten transmisioa ikertzeko. Baina, noski, txakurraren balizko erabilera zientifikoa bururatu beharko zitzaion garajean Jaguar bat daukala oroitzeko adina neurona ez daukan ministro bati. Ez kezkatu, izan ere, AEBetako albistegiek, Espainiako izurritearen berri ematean, Afrikako iparraldean kokatzen dute zezen larruaren mapa. Horren arabera, Eskalibur ere, beste 4.447 hildakoak bezala, afrikarra litzateke, hutsaren hurrengoa. •