Maria Gonzalez Gorosarri

Albiste agentzien iragazkiaren menpe

Munduan eragin handiena duten albiste-agentziek “lau handiak” izena hartu zuten 1990eko hamarkadan: United Press International (AEB), Associated Press (AEB), Reuters (Erresuma Batua) eta AFP (Frantzia) dira. Hego Amerikan eta Euskal Herrian duen eraginagatik, EFE agentzia (Espainia) ere kontuan hartzekoa da. Irailaren 11ko atentatuen berri emateko, AEBn bertsioa zabaldu ordez, mundu islamiarrari ahotsa eman zion hedabide bat sortu zen: Al-Jazeera, Qatarko petrodolarrek kontrolatua. Sei horiek zabaltzen dute une honetan mundu osoko informazioa.

Horregatik, nazioarteko albisteetan, mundua Europak eta AEBk osatzen dutela dirudi. Herrialde horietako hiritarrei gertatutakoa garrantzitsuagoa da. Adibidez, Estatu Islamiarrak bi kazetari estatubatuar hiltzea lehen albiste izan zen, ez ordea orain bi aste hildako Muhanad Akide kazetari kurdua.

Gaur nazioartean albiste izango dena Europak eta AEBk erabakitzen dute. Batetik, interes politikoak dituzten herrialdeetako albisteak sortzen dituzte. Esaterako, 1998an, Lewinsky auziagatik, Impeachment (dimisioa eskatzeko) prozesua hastekoa zen egunean, Bill Clinton presidenteak Iraki eraso egin zion, hedabideetako lehen albistea bere sexu-afera izan ez zedin.

Bestetik, alarma eragiten duten albisteak ematen dituzte hedabideek, eta berri horiek albistegietatik desagertu egin ohi dira beste albiste ikusgarriago batek ordezkatuta. Horrela, hegaztien gripea mutatu ote zen jakin gabe geratu ginen eta okindegian Fukushimako erreaktorea ureztatzeko premiaz eztabaidatu genuen. Ebola deskubritu berri dugu, Europara eta AEBra heltzearekin batera.

Espainia Troikaren erreskatearen zain egon zen sasoian, arrisku-sariaren minutuz minutuko bilakaeraz informatzen zuten hedabideek. Orain horren berririk gabe, ekonomiak hobera egin duela uste dugu. Hedabideetan agertzen ez den nazioarteko herrialdean arazo handiegirik ez dagoela sinestera ohitu gara. Venezuelari buruzko albisteak ia egunero jasotzen ditugun bitartean, Guatemalaren berririk ez dugu, egunero 17 lagun hiltzen badituzte ere (erdiak baino gehiago, emakumeak, indarkeria matxista helburu politikoekin erabilita). Baina Guatemalan bake soziala dagoela uste izateko joera dago, hedabideetan agertzen ez delako.

Nazioartean geratzen ari dena ulertzeko, azken minutuko gertaera baino, horren analisiaren premia dugu. Nigeriako Boko Haram taldeak apirilean bahitutako 200 emakumeak askatuko dituela zabaldu dute asteon. Bahiketaren berri eman zutenean, baina, Nigeriako gobernuaren bertsioa zabaldu zuten hedabideek; hau da, “terroristekin negoziatuko ez” zukeela. Mendebaldearen presiopean Boko Haram-ekin negoziatu du, baina Nigeriako gobernu ustela ez da albiste, Europarekin eta AEBkin kolaboratzen duelako: Nigeriak petrolioa izan arren, herritar gehienak gosez hiltzen dira, buruzagi politikoek herriaren aberastasuna lapurtzen dutelako.

Boko Haram-ek aurretik ere emakumeak bahitu izan ditu. Ekintza batean 300 emakume bahitzearekin batera, Obamaren emazteak askatzeko eskatu zuenean, albiste bihurtu zen. Bahiketatik alde egitea lortu zuten 53 neskatilak, ordea, ez ziren albiste izan, bizitza arriskuan ipini bazuten ere. Handik hilabetera, beste lauk alde egin zuten, baina gurean ez zen berriro albiste izan, hedabideek Gobernuaren bertsioa erreproduzitu zutelako.

Era berean, egun jakin batzuetan Hong Kongen ikasleak altxatu direla jakin dugu. Udaberri arabiarrak horrela hasi zirela kontuan izanda, nazioartean plazak okupatzearekin batera borroka politikorako bide berriak zabaldu dira. Hedabideek, baina, ez diete mugimendu horiei erreparatzen. Oraintsu izan dira hauteskundeak Bosnian, otsailean Hong Kongeko mugimenduaren antzeko matxinada egin eta gero. Hamar hilabetetan Bosniako indar politiko eskuindarrak zergatik indartu diren ez dugu hedabideetan irakurri, hauteskundeak albiste izan ez direlako. Hedabideek albiste-agentzia handien mendekotasunetik aske informatzeko ahaleginik egin ez dutelako, hain zuzen. •