Unai Fernandez de BetoñoArkitektoa

Etxabeak

Espazio publiko-pribatuak dira etxabeak. Kaleetako fatxada osatzen dutenez, funtsezkoak dira hiri-paisaiaren kalitaterako. Behe-solairuetan denda eta taberna jendetsuak ikustea gustatzen zaigu, giro alaia ematen dietelako kaleei. Hala ere, nekeza da herriguneetatik aldendutako etxabeak betetzea, beren komertzio-balio txikiagoa denez errentagarritasun urriagoa ematen dutelako. Horregatik dago hain hedatuta Europako herrialde gehienetan, euskal herritarrontzat preziatua izan ez arren, komertzialak ez diren kaleetako behe-solairuetan etxebizitzak ezartzea. Horrela, hemen nabarmenagoa izaten ari da krisiak eragindako lokalen hustuketa, gure hirietako erdiguneetan ere pairatzen ari dena, komertzioaren gainbeheraren erakusgarri. Hustu egiten ari dira etxabeak, zenbait zonatan bereziki.

 

Tokiko merkataritza sustatzeko, hain zuzen, 255.000 euroko publizitate-kanpaina bat hasi du Eusko Jaurlaritzak, urriaren 27an. Helburu egokia, inondik inora, baina bateraezina beste administrazio batzuek aurrera eramaten dituzten komertzio-politikekin: aldirietan zein hiriguneetan oraindik ireki eta ireki ari diren merkataritza-zentro ugariek ez baitute gehiegi laguntzen egoerari buelta ematen. Agintari batzuk, gainera, inolako lotsarik gabe ari dira tokiko gertuko merkataritzaren aurka: Javier Maroto Gasteizko alkateak berak EAEko lehen Mercadona supermerkatua inauguratu zuen, pasatu den urriaren 8an. Harrigarri samarra, Juan Roig Mercadonako presidenteak (eta FAES fundazioaren babesle aitortuak), otsailean, Gürtel kasuagatik Ruz epailearen aurrean deklaratu izana ez bilakatzea eragozpen, baizik eta pizgarri.

 

Krisiaz eta azalera handiko saltokiez gain, bada beste kontu bat lokaletako negozioen biziraupena kolokan jartzen ari dena azken urteotan: auzo-atarietan egindako obrak, bai igogailu berriak ezartzeko bai igogailu zaharrak zero-kotara jaisteko. Irisgarritasunaren izenean karga handiak, batzuetan gehiegizkoak, ezarri baitzaizkie etxabeetako jabeei. Dela lokal-zatien desjabetzeengatik dela behar-beharrezkoak baino dezente harago doazen obren ordainketengatik, zenbait lokaletako jabeak etsita eta babesgabe sentitzen dira. Hori dela eta, aldarrikapen-lanak batera egiteko lobbyak sortzen hasi dira. Esaterako, Alaci izeneko elkartea sortu berri dute Gasteizen, kanon bidegabeen aurka borrokatzeko: FAVA Arabako auzo-elkarteen federazioarekin batera iragan urriaren 3an ezagutaraziko oharrean, maiz 25.000 euro baino gehiagoko ordainketei aurre egin behar dietela salatu zuten, eta desjabetzeen ordainak oso baxuak direla. Dendari ugarik itxi behar izan du gastu horiek gainezka eginda.

 «Gure herrien eta hirien merkataritza-egitura gure gizarte-bizitzako ereduaren oinarrizko osagaia da, hiriko animatzaile ordezkaezina da; gizarte-harremanak errazten ditu, eta hirietako bizitza indartzen du», dio arestian esandako kanpainaren azalpenak. Ea administrazioak bere teoria praktikara eramaten duen. •